Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako eskolak emango dira otsailean eta martxoan

Baleike 2017ko urt. 10a, 12:33

Azken urteotan bezala, aurten ere guraso eskolak egingo dira Zumaian otsailean eta martxoan; 6-12 urte bitarteko haurren gurasoentzat bata eta 12-16 urteko gaztetxoen gurasoentzat bestea. Bi eskolak Udaleko Hezkuntza Sailak eta Gizarte Zerbitzuek elkarlanean antolatu dituzte.

Landuko diren gaiak haur eta gazteen heziketarekin lotutakoak izango dira; haur eta nerabeen autoestimua nola zaindu, haurrak ikasketekiko nola estimulatu, dolua eta triste egoteko eskubidea, kontsumoaren aurrean prebentzioa…

Saioak urtarrilaren 23an hasiko dira eta martxoaren 6a bitartean, astelehenero egingo dira; otsailaren 27an, ordea, inauteriak direla eta, ez da bilerarik egongo.  Saio guztiak Brankako bilera gelan izango dira (atzeko atetik sartuta), 6-12 urte bitarteko gurasoentzat 15:00etatik 16:30era eta 12-16 urteko gazteen gurasoentzat, berriz, 19:00etatik 20:30era.

Bi guraso eskolak gidatuko dituzten adituak Izar Arregi psikologoa eta Joxe Amiama pedagogoa izango dira eta goian aipatutako gaiak landuko diren arren, gurasoek eskolan planteatzen dituzten kezka eta gaiei erantzuten ere saiatuko dira.

Izen ematea urtarrilaren 18ra arte dago zabalik. 6-12 urte arteko haurren guraso eskolan parte hartu nahi duten gurasoek eskoletan bertan izena eman ahal izango dute eta 12-16 urteko gazteen gurasoek Brankan,  Udal gizarte zerbitzuetan, hain zuzen.

Informazio gehiago jasotzeko 943 86 22 00 edo 943 86 50 25 (luzapena 110) telefonoetara deitu dezakete interesdunek.