baleike.eus

«Ordainpeko TAO sistemak ez du aparkatzeko arazoa konpontzen»

Baleike 2017-01-03 12:34   Gizartea

Aurreko udan gertatu ziren aparkatzeko arazoei soluzioa jartzeko sistema ari da lantzen EH Bildu. Doakoa eta beharren arabera araututako eredua proposatu dute. Hirigintzako EH Bilduren zinegotzi Josu Arrietak azaldu dizkigu proposatzen duten ereduaren nondik norakoak.

«Ordainpeko TAO sistemak ez du aparkatzeko arazoa konpontzen»
Josu Arrieta, EH Bilduren hirigintza zinegotzia. Argazkia: Aitor Manterola | Ikusi handiago | Argazki originala

Zergatik landu du EH Bilduk bere proposamen propioa. Udal Gobernua ari da gaia lantzen...

Garbi dago herriak arazo bat duela aparkalekuekin, batik bat azken urteotan udan izan duen bisitari kopuruaren gorakadagatik. Udal Gobernuak martxan jarri du bere proposamena, baina era itxi batean. Ez digute aukerarik eman ekarpenak egiteko.

Udal Gobernua lantzen ari den ereduaren berri ba al daukazue?

Oraindik ez dute landu herri osorako eta oso modu orokorrean dago, zehaztapenik gabe. Badakigu ordainpeko TAO sistema planteatzen dutela. Eta gure ustez ordainpeko TAO sistemak ez du aparkatzeko arazoa konpontzen. Dena den, gure ustez herritarrei aukera eman behar zaie ereduari ekarpenak egin eta erabakitzeko.

Udal Gobernua ari da auzoetan bilerak egiten...

Bilerak dira informatzeko, baina gero ez dira aintzat hartzen ekarpenak. Ardantzabideko kasua ikusi besterik ez dago. Dena den, EH Bilduk ere bere proposamena landu du. Badago abiapuntu jakin bat. Baina ez da proposamen itxia. Zerotik abiatuta zaila da ezer zehatza ateratzea. Guk proposamen bat landu dugu EH Bildu barruan, publiko egin dugu herritarrek ezagutzeko, eta hurrengo pausoa da bilera irekiak egitea, jendearen ekarpenak jasotzea, proposamena egokitzeko eta hobetzeko. Gure nahia da herritarrekin batera landutako eredua eramatea udaletxera, gainontzeko alderdi politikoekin eztabaidatzeko. Urtarrilean hasiko gara bilera irekiekin.

Zein da proposatzen duzuen irtenbidea?

Ordainpeko sistema ez da soluzioa. Azken finean, kanpotik datorrenak herri barruan aparkatzeko aukera izango du, baina ordainduta. Ez dio erantzuna ematen leku gabeziari. Gure sistemak aparkatzeko lekua bermatzen die egoiliarrei, eremu gehienak beraientzat gordetzen dira. Hortik aparte, beste hiru eremu bereizten dira, beharraren arabera. Errotazio altukoak, erosketak edo gestioak egiteko; errotazio ertainekoak, kirol instalazioen inguruan; eta egonaldiko luzekoak herriaren kanpoaldean. Hauek denak doakoak. Azkenik, karabana gunea proposatzen dugu Santiago aldean, behar diren zerbitzu guztiekin. Hau ordainpekoa litzateke. Hau guztia uda parterako eta asteburuetarako planteatzen da, ordutegi jakin batzuekin.

Herria bi eremutan banatu duzue egoiliarrentzat. Zergatik?

Ohitura handia dago herrigunetik poligonora edo alderantziz kotxez joateko. Ohitura horiek aldatu behar ditugu.

Beraz, egoiliar txartelak aukera emango luke norberaren eramuan apartatzeko, ez bestean.

Hori da. Baina kontuan izan hau udan eta astebutuetan planteatzen dela. Txartela doakoa izatea planteatzen dugu. Eta uko eginez gero garaje partikularra daukazulako, %50eko deskontua automobilaren gaineko zergan.

Eta Oikian, Artadin edo Narrondon bizi direnak?

Txartela izango lukete Zumaiara etortzen direnean lasai aparkatu ahal izateko, gainontzeko herritarrek bezala. Hori bermatzea bidezkoa eta beharrezkoa da.

Nola bermatuko litzateke aparkalekuen erabilera egokia?

Zaindariak kontratatuta. Udalak 120.000 euro dauzka aurreikusita TAO sistemarako. Diru horrekin soberan genuke, eta lanpostuak sortuko lirateke.

Bisitariek ez al dute alde egingo ezin badira herrigunera sartu?

Zumaia bisita azkarreko leku bihurtu da azkenaldian. Kotxearekin San Telmora igo, hura ikusi eta martxa. Sistema honekin herrian ordu gehiago egitera gonbidatzen dituzu, eta hori ona izango da merkatarientzat eta ostalarientzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa