‘Mugaminak’ dokumentala emango dute bihar Aita Marin

Baleike 2017ko urt. 3a, 12:04

2016ko uztailean Amets Arzallusek Ziprera egindako bidaia eta hango bizipenak jasotzen ditu Xuban Intxaustiren Mugaminak dokumentalak. Zipreko mugako gatazka Euskal Herrian duen bizimodura ekarriko du Amets Arzallusek. Aita Marin emango dute, bihar, 22:00etan.

Mugaminak (Xuban Intxausti, 2016)

1974tik, Zipre uhartea Europan zutik dagoen azken harresiak zatituta dago. Muga horrek uhartea bi komunitatetan banatzen du: greziar-zipretarra eta turkiar-zipretarra. Donostia 2016ren Europa Transit enbaxada ibiltariarekin bat egin zuen Amets Arzallus bertsolariak 2016ko uztailean, eta Ziprera joan zen, familia asko etxerik gabe utzi eta hildako eta desagertu ugari eragin zituen gatazka horren ondorioak ezagutzera. Han, bertako musikari eta poetekin harremanetan jarriko da eta haiekin herrialdearen gaur egungo egoera ezagutuko du. Era berean, Ametsek Zipreko mugako gatazka Euskal Herrian duen bizimodura ekarriko du. Amets Euskal Herria bereizten duen mugatik oso gertu jaio zen eta hesi horrek bere bizitza markatu du. Elkartzen gaituen muga dokumental bat da, Amets Arzallus bertsolariaren begiradaren eta bertsoen bidez kontatua. Bat-bateko kantuen bidez, gaur egungo Europako bi mugaren ondorioak ezagutuko ditugu.

Jarraian, solasaldia izango da Amets Arzallusekin.