baleike.eus

"Gizarteak egia jakiteak arinduko luke pixka bat gure sufrimendua"

Baleike 2017-01-02 13:13   Politika

1984ko martxoaren 22an Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Pasaian. Haietako bat Dionisio Aizpuru zen, Peio Aizpururen anaia. Justiziaren bidea ia erabat agortuta, 32 urtez baztertuta eta ahaztuta sentitu ondoren, gau hartan Pasaian benetan gertatutakoa jasotzen duen dokumentala ari dira lantzen, "gizarteak egiazko errelatoa jakin dezan". Pasaiako gertaerez eta 32 urte hauetan sufritu dutenaz hitz egin du Peio Aizpuruk Baleike aldizkarian argiraratutako elkarrizketa honetan.

"Gizarteak egia jakiteak arinduko luke pixka bat gure sufrimendua"
Pasaiako hilketen inguruko hamaika dokumentu dauzka bilduta Peio Aizpuruk. Argazkia: Gorka Zabaleta | Ikusi handiago | Argazki originala

1984ko martxoaren 22ko iluntze hartan, Peio Aizpuru (Azpeitia, 1963; Zumaian bizi da 1990etik) amarekin zegoen etxean. Arreba zaharrena Gasteizen bizi zen, gazteenak Donostian pasatzen zuen astea, eta aita ordurako ohean zegoen, fundiziora lanera goiz joaten zen eta. Anaia Dionisiok hilabeteak zeramatzan etxetik alde eginda. "Ni garai hartan soldaduska ari nintzen egiten, Cadizen (Andaluzia); hilabeteak neramatzan etxera ia etorri ezinik, Gabonetan ere bizpahiru egun baino ez; baina martxo hartan hilabeteko baimena izan nuen". Eta han zegoen, etxean amarekin, irratian lehen albistea eman zutenean: "Tiroketa Pasaian; hildakoak tartean; Komando Autonomoak ote diren susmoa". Beste daturik ez lehen informazio hartan. Gauerdiko albistegian xehetasun gehiago: hildakoak Komando Autonomoko lau kide ziren. Gau hartan beldurra eta kezka izan zituen ohelagun Peio Aizpuruk, eguna noiz argitu zain.

"Goizean amak esnatu ninduen. Hildakoen artean Dioniren izena aipatu zutela, '35 urteko gizasemea'; baina akaso oker zeudela, Dionik21 urte izanda, ez zela posible 35 urteko batekin nahastea; agian ez zela gure Dioni...". Larritasun hartan, esperantza txikienari heldu nahian zeudela, hoska hasi zen etxeko telefonoa. Iparraldetik deia. Baietz, Dionisio tartean zela. Albistea asimilatzeko astirik gabe, aitaren bila bidali zuen amak, fundiziora. "Hura izan zen..., latza..., oso gogorra [arnasa hartu behar izan du eztarriko korapiloa askatzeko]; aitari esan behar semea hil egin dutela". Handik, zuzenean, Pedro Maria Isart Pelitxo Pasaian hildako beste azpeitiarraren etxera joan zen. "Neuk bakarrik joan behar izan nuen... Eta haiek ez zekiten ezer... Etxera sartu eta neuk eman nien notizia. Handik irten eta amarengana itzuli nintzen. Goizeko zortziak edo bederatziak izango ziren".

Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Maria Isart Pelitxo, Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu ziren Pasaian 1984ko martxoaren 22ko gau hartan hildako lauren izenak. Garai hartako gobernadore zibil Julen Elgorriagak eman zuen lehen bertsio ofizialaren arabera, komandoko kideak zodiac batean iritsi ziren Iparraldetik Pasaiara; Espainiako segurtasun indarrak zain zeuzkaten, atxilotzeko; baina, lehorrera iritsi baino lehen, poliziak zeudela ohartu, txalupa bizkortu, eta ihes egiten saiatu omen ziren. Orduan tiroketa hasi eta komandoko lau kide hil zituzten. Lehen bertsio ofizial hark, baina, ez zuen gehiegi iraun. Jakin zen lau hildakoez gain, komandoko bosgarren kide bat bizirik zegoela, eta lehorreratzen hasita zeudenean atxilotu zutela. Bertsio ofiziala egokitu zuten orduan: komandoa lehorreratzen ari zen unean, "¡Alto!, Policía!" oihukatu eta komandokideak tiroka hasi zirela, poliziek erantzun, eta tiroketa hartan hil zirela laurak. Baina hutsune eta kontraesan gehiegi zeuzkan kontakizun hark.

Peio Aizpuru amarengana bueltatu eta handik gutxira abokatuek deitu zuten. "Donostiara joan behar genuela, gorpuak identifikatzera. Gure familiatik neu joan nintzen, pelitxotarrekin, kotxerik ez neukan eta. Polloera. Hura izan zen bestea... [etenaldia egin behar izan du berriro] Bizi guztirako grabatuta geratzen zaizun irudia. Kanpoan, sartzeko zain geundela, poliziak barrezka, irainka... Oso krudela". Peio Aizpuru izan zen gelara sartzen azkena. "Anaiaren gorpua zegoen urrutien jarrita, eta laurak ikusi behar izan nituen... Gorpuak txikituta zeuden, balaz josita... Oso latza". Gero jakin zuen, forentsearen autopsiak eskuratu zituenean, lauren artean 113 bala zulo zeuzkatela. Polloetik gorpuekin bueltatu ziren etxera. "Aurrena Azpeitiko udaletxeko arkupeetan egon ziren, bizpahiru orduz. Hilkutxak zigilatuta zeuden, baina buru aldean kristalezkoa zen estalkia eta aurpegia ikusten zitzaien. Biek begi bana hustuta zeukaten, balaz". Gero etxean eduki zituzten, hileta ordura arte.

Peio baino hamahiru hilabete zaharragoa zen Dionisio, eta harreman estua zuten bi anaiek. Azkoitiko lanbide eskolan ikasi zuten, Dionisiok delineazioa eta Peiok metalgintza. "Garai mugituak ziren haiek; asanbladak, grebak, manifestazioak... Mobilizazio asko izaten ziren, eta haietan parte hartzen zuenetako bat zen Dionisio; eskolan ere ikasleen ordezkaria zen. Baina hortik aurrera, neuk ez nion beste ezer sumatu. Bizimodu normala egiten zuen".

Dionisiok berak amari azaldu zionez, bere izenean alokatutako kotxe bat ekintzaren bati lotuta agertu zen, eta haren ondorioz egin behar izan zuen hanka. "Abisua jaso zuen anaiak, poliziak bila joango zitzaizkiola, eta orduan erabaki omen zuen alde egitea. Hori izan zen amari eman zion esplikazioa". Eta, bai, poliziak agertu ziren etxera. Ama eta arreba gaztea estu hartu zituzten, etxea miatu zuten, baina ordurako beste aldera pasata zegoen Dionisio. 1983ko udan zen. "Neu ordurako soldaduska hasita nengoen, Cadizen. Ez nekien ezer, abuztuan lagun batzuk bisitan etorri zitzaizkidan arte. Haiek kontatu zidaten ihes egin zuela". Anaia ez zuen gehiago ikusi, Polloeko tanatorioan haren gorpua identifikatzera joan behar izan zuen arte.

"Ama eta arreba bai, tarteka joan zitzaizkion beste aldera bisitan". Baina 1983ko uda bukaera aldera gauzak zailtzen hasi zitzaizkien. GAL ekintza armatuak egiten hasia zegoen, eta iheslariek bizimodua erabat aldatu behar izan zuten, segurtasun neurriak zorroztuz. 1983ko urrian, Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hil egin zituzten. GALen lehen hildakoak izan ziren bi haiek. Handik 17 urtera, 2000. urtean, krimen harengatik epaitua eta kondenatua izango zen Julen Elgorriaga, Pasaiako badiako gertakizunen bertsio ofiziala eman zuen gobernadore zibila.

Pasaian gertatu zena

Pasaian gertatutakoaren abiapuntua hilabete lehenago jartzen du Peio Aizpuruk, 1984ko otsailaren 23an. Egun hartan, Komando Autonomoek Enrique Casas senatari sozialista hil zuten, Gipuzkoako sozialisten buruzagi garrantzitsua. "Hilketa haren mendekua izan zen gero martxoaren 22an gertatutakoa". Eta Pasaian gertatu zena hasi da kontatzen.

"Egun batzuk lehenago Poliziak Rosa Jimeno bahitu zuen [martxoaren 18an, Donostiako Pio XII.a plazan, kotxerantz zihoanean]. Bazekiten Komando Autonomoen inguruan zebilela. Lanera [Orioko udaletxera] eta etxera deiarazi zioten, pistola buruan jarrita, haurdun zegoen lagun batekin zegoela eta egun batzuetan kanpoan izango zela, hari laguntzeko. Jimenoren gurasoek susmo txarren bat izan zuten, eta Donostiako komisaldegira joan ziren, alaba han ote zeukaten galdezka. Erantzuna ezetz, ez zegoela inor izen harekin. Izen faltsu batekin erregistratu zuten. Egun haietan sekulako torturak egin zizkioten Jimenori, eta Iparraldeko telefono bat aurkitu zioten [Ziburuko etxe bateko telefonoa zen]. Telefono hartara deitu eta hitzordua jartzera behartu zuten, pistola buruan jarrita". Martxoaren 22an, 22:00etan, Pasaiako badian.

Eguna iritsita, iluntzeko 19:00ak aldera, Izura, Isart, Delas, Aizpuru eta Merino komandokideak Pasaia aldera abiatu ziren itsasoz, zodiac batean. Merinoren txakurra ere beraiekin eraman zuten. Uretako jantziak zeramatzaten soinean, badaezpada, eta hainbat arma, plastikozko bi poltsatan sartuta. Pasaiako badiara iritsi zirenean, Rosa Jimenok linternarekin egindako argi seinaleak ikusi eta lehorrerantz gerturatzen hasi ziren, "dena lasai" zegoelakoan.

"Pasaiako badian, Donibaneko aldean, herria pasa eta muturrerantz doan bidearen azpian dagoen txoko bat aukeratu zuen Poliziak komandoa harrapatzeko. Rosa han behean jarri zuten, haitzaren gainean, soka batez hanketatik lotuta. Rosaren atzean, lurrean etzanda eta ezkutuan, polizia batek heltzen zion sokari. Rosa zeharo larrituta zegoen, Pasaiarantz abiatu aurretik komisaldegian ikusitako arma eta polizia mugimenduarekin ohartu baitzen hura ez zela atxilotzeko operazio bat. Dozenaka polizia eraman zituzten Pasaiara; tartean, Guadalajaratik ekarritako GEO [Poliziako talde bereziak] konpainia bat". Adostutako argi seinaleak egin zituenean, zodiaca haitzera gerturatu eta komandokideak lehorreratzen hasi ziren. "Pelitxo [Isart] izan zen haitzera igotzen lehena, gero anaia, eta ondoren Merino zihoan. Armaz betetako poltsak eta Merinoren txakurra zodiacetik lehorrera ateratzen ari zirela, ¡Alto! ¡Policía! oihua entzun, argiak piztu, eta segidan sekulako tiro zaparrada".

Merino artean zodiacean zegoen, eta tiroak entzun orduko, uretara egin zuen salto. Inguruko haitz artean aurkitu zuen babesa une batez. Tiro zaparrada bukatu zenean, Guardia Zibilaren bi zodiac segituan gerturatu zitzaizkion, eta lehorretik aterarazi zuten. "Han ikusi zuen nire anaia Dioni, bizirik, eta eskuak buru gainean jarrita zeukatela. Handik gutxira, Rafael Delas nafarra ere uretatik atera zuten, bizirik hura ere. Hirurak han zeudela, beste bien arrastorik ez zen artean. Orduan, identifikatzeko agindu zieten poliziek hirurei. Merinok bere izena esan zuenean, poliziek segituan erantzun zioten, Tú eres el coronel. Enrique Casasen hilketarekin lotuta zeukaten Merino. Albo batera baztertu zuten Merino, pare bat metro. Delas eta anaia, haitz ertzean jarri zituzten, eskuak buru gainean. Eta hala zeuzkatela, hiru polizia aurreratu ziren, metraileta, subfusil eta eskopeta banarekin, biengana gerturatu, ahora os vamos a matar esan, eta bertatik bertara fusilatu zituzten. Animaliak bezala akabatu zituzten". Rosa Jimeno eta Jose Luis Merino komisaldegira eraman zituzten, atxilotuta. Komandoko beste bi kideak, Izura eta Isart, lehen tiro zaparradan hil ziren.

Gau hartan Francisco Etxeberria forentsea zegoen guardian. Eduardo Calvo Rojas epailearekin batera [gaur egun Espainiako Epaitegi Goreneko epailea da], hari egokitu zitzaion Pasaiara joatea. "Baina ez zituzten gertaeren eszenatokira eraman, Pasaiako badian barrena kilometro batera dagoen Itsas Komandantziara baizik", jarraitu du Aizpuruk kontatzen. "Hil zituzten lekutik gertu arrapala asko daude gorpuak lehorrera ateratzeko, baina Itsas Komandantziara eraman zituzten. Epaileak eta Pacok [Etxeberria] ez zuten hilketaren lekua ikusi. Beraz, ezin izan zuten frogarik aurkitu, ezin izan zituzten gertaerak irudikatu eszenatokian bertan. Gero, autopsiarekin eta datu gehiago jakin zirenean, bertsio ofizialak hutsuneak zituela ohartu zen Etxeberria".

Epaileak eta forentseak gorpu bakarra ikusi zuten Itsas Komandantzian, Dionisio Aizpururena, hain zuzen ere. "Beste hildakoren bat ere egon zitekeela entzun zieten poliziei, eta bat bizirik zegoela eta komisaldegira eraman zutela. Epaileak erabaki zuen harengana joan behar zutela. Beste hiru hildakoak ez zituzten ikusi ere egin". Zuzenean Polloera eraman zituzten.

Francisco Etxeberria arduratu zen lau hildakoei autopsia egiteaz. Aizpuruk izan du Etxeberriarekin hitz egiteko aukera, eta senideak prestatzen ari diren dokumentalean parte hartzeko prest agertu da. "Sekula ez omen du halako txikiziorik ikusi. Delasen kasuan, eskopetako postek eragindako 11 zulo zeuzkan bularrean [ordurako debekatuta zegoen poliziek postak erabiltzea], eskumutur baten neurriko eremu batean denak, elkarren ondoan. Oso gertutik egindako tiroa zen, postak sakabanatu egiten baitira eskopetatik atera orduko. Beste tiro bat zeukan garondotik sartu eta kopetatik ateratzen zitzaiona, goranzko norabidean. Poliziak goiko bidetik ari baziren tiroka beherago zeuden haitzetara, nola da posible tiroa garondotik sartu eta kopetatik ateratzea? Eta tiro hura noiz jaso zuen Delasek, bularraldekoaren aurretik edo ondoren?". Dionisio Aizpururen kasuan ere badaude xehetasun deigarriak. "Anaiak zeukan tiro gehien gorputzean, 36. Zortzi garondoan zeuzkan. Zortzi. Garondoan jasotako lehen tiroak akabatu al zuen? Bigarrenak? Hirugarrenak? Zenbatgarrenak? Beste tiro bat begian zeukan, eta gainontzekoak gorputzean. Sekulako txikizioa egin zuten. Gorrotoz beteriko ekintza".

Bertsio ofiziala kolokan jartzen zuten datuak ezagutu ahala, asko izan ziren gertatutakoa salatu zuten ahots kritikoak. Euskadiko Ezkerrako Juan Maria Bandres izan zen gogorren mintzatu zenetako bat; fusilamendutzat jo zuen gertatutakoa: "Zigor edo mendeku operazio bat izan da, erasotzailearen nagusitasun nabarmenarekin, heriotza eragiteko helburuarekin; hori dena kontuan hartuta, hilketa [asesinato erabili zuen zehazki] izan dela esan daiteke". EAJko EBBk operazioaren emaitza aurreikusita ez ote zegoen galdetu zuen prentsa ohar gogor batean; Donostiako eta Iruñeko gotzainek ere heriotzen kontra hitz egin zuten; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Aizarnak "erailak" izan zirela adierazi zuen senitartekoei bidalitako telegraman; eta beste hamaika dira garaiko prentsan aurki daitezkeen salaketak eta iritzi kritikoak, gertaerek eragin zuten egonezinaren seinale. Ezker Abertzaleak greba orokorra deitu zuen martxoaren 28rako.

Epaitegiak eta isiltasuna

Baina beroaldia pasata, indarkeriazko hilketak astero izaten ziren urte gordin haietan, Pasaiako gertaeren oihartzuna medioetatik desagertu zenean, hildakoen senideak bakarrik gelditu ziren. "Bakarrik eta baztertuta, 32 urtez". Kasuak ez du sekula bide emankorrik egin epaitegietan; behin baino gehiagotan artxibatu dute, eta senideen kemenagatik baino ez da lortu zabalik mantentzea. "Ez da ikertzeko borondaterik egon. Castells abokatuak esaten du hau estatu krimena dela, informazio guztia karpeta batean gordeta egongo dela, baina Estatuak ez duela inoiz ezagutarazteko baimenik emango". Merino eta Jimeno lekukoen deklarazioekin gertatutakoa jarri du Aizpuruk kasuak izan duen ibilbide bihurriaren adierazgarri: "Biak kartzelan zeuden eta deklarazioa hartzeko eskatu zen, lekuko zuzenak zirelako. Deklarazioa hartu zieten, baina txosten haiek ez ziren iritsi sekula Donostiako epaitegira. Sumarioan ez zeuden".

Eskatu izan dute autopsia berriro egiteko, balistikako frogak egiteko, baina behin eta berriro ukatu zaie. Etxeberria forentseak berak jakinarazita, autopsian zehar poliziek egindako argazkiak eta bideoak ere eskatu zituzten. Argazki gutxi batzuk baino ez ziren iritsi epaitegira, gainerako materiala eskuratu orduko bidaliko zutela esanez. Material hura ez zen inoiz agertu. Eta operazioan parte hartu zuten polizia batzuk epailearen aurrean deklaratzera deitzea lortu dutenean, haiek ez dute inolako informaziorik eman: "Ez zeudela han, ez zirela gogoratzen, ez zekitela... Horiek izan ziren erantzunak".

Kasua gaur egun Epaitegi Konstituzionalera bidean dago, baina Aizpuruk eta senideek ez dute itxaropen handirik. "Konstituzionalera jo dugu, bete beharreko urratsa delako gero Europara jo ahal izateko. Han daukagu gure esperantza bakarra. Europak gaia beste begi batzuekin ikusi eta Espainiari kasua behar bezala ez ikertzeagatik zigorra jartzea, hori da geratzen zaigun bakarra".

Justiziaren bidea ia agortuta, egia jakinaraztea da orain Aizpururen eta gainerako senideen borroka. "Urte hauetan guztietan gu oso bakarrik egon gara, ez gaituzte aintzat hartu. Orain badirudi garai berriak etorri direla eta gizartea eta hedabideak prest daudela gure historia entzuteko. Pasaian benetan gertatu zena ezagutzea nahi dugu. Gazteek ez dute gertatutakoaren berri; helduek, askotan, bertsio ofiziala dute gogoan, enfrentamendu batean hil zirela". Pasaiako hilketen egia zabaltzeko dokumental bat ari dira grabatzen. "Gure iritzien gainetik, datuak emango ditugu dokumentalean, datu zehatz asko daudelako; lekukotasunak ere badauzkagu, Merino eta Jimenorenak; Paco Etxeberria ere prest dago parte hartzeko. Eta orduko PSEko kideren baten parte hartzeko ahalegina ere ari gara egiten, alde bakarreko errelatoa izan ez dadin, baina oraingoz ez dugu lortu".

-Senideok bake pixka bat izan dezazuen, zuen mina pixka bat arintzeko, zer jaso nahiko zenukete? Zer eskatzen diozue gizarteari?

Ez da erraza erantzuna. Hainbeste urtetan hainbeste sufritu eta gero, hain kasu gogorra eta nabarmena da... Pelitxoren amak galdetzen zuen, "Ezin al da ezer egin, hain garbi egonda? Ez da posible...". Rafael Delasen aita urtarrilean hil zen, 91 urterekin, eta oraindik ez zuen esperantza galdu: "Hau dena egunen batean jakingo da", esaten zuen. Gure aita, hil zen. Pelitxoren gurasoak hilda daude. Peluren aita hilda dago. Gurasoek ez dute izan ez aitortzarik, ez egiarik, ez ezer. Hori hainbeste urtetan pairatzea oso gogorra da, oso krudela da. Zerk arinduko lukeen sufrimendua? Batez ere, dokumental honen bitartez gizarteak egia jakiteak, horrek arinduko luke pixka bat gure sufrimendua.

Bestalde, pentsatzen duzu zure anaia eta Delas fusilatu zituzten hiru polizia haiek eta arduradun politikoak kalean dabiltzala inolako zigorrik gabe... Non dago justizia? Non egia? Non erreparazioa? Aitortuko al dute? PSOEk aitortuko al du? Hori egingo balute, behintzat, egia izango genuke. Eta egia da gehien balio duena. Justizia? Hainbeste urte pasa eta gero, ez daukagu esperantza handirik. Eta erreparazioa... Aitortza egiten badigute, horrek lagunduko digu.

-"Azken finean, hiltzaile batzuk ziren eta merezitakoa jaso zuten", entzuten duzunean, zer sentitzen duzu?

Hori demokrata batek esaten du, ezta? Demokrazian edozerk ez du balio helburua lortzeko. Haiek ez dakit zer zirelako zilegi da hiltzea? Nork eta sistema demokratikoa defenditu behar duenak, justiziaren gainetik fusilamendu batzuk eginaz? Batzuek alde batekoa bakarrik ikusten dute, eta hura bakarrik justifikatu. Ustez demokratak direnengandik horrelako argudioak entzuteak sekulako mina ematen dit. Noizbait galdetu izan didate ea beste biktimengana inoiz gerturatu ote garen, haiengandik kezkatu ote garen. Galdera horiek guri bakarrik egiten dizkigute. Seguru nago haiei ez dietela galdetu ea inoiz gugana hurbildu ote diren... Guk inork baino hobeto dakigu edozein biktimak zer sentitzen duen, zenbat sufritzen den; inork baino hobeto dakigu hilketak eragiten duen mina. Besteek duten tratu berbera baino ez dugu eskatzen. Errelatoa esaten dute. Gure umeei kontatu egin behar zaie zer gertatu den herri honetan. Historia hauek nork kontatzen ditu eskoletan? Hau ere gertatu zen hemen, hau ere bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa