Haurrentzako boxeo klaseak emango dira urtarriletik aurrera

Baleike 2017ko urt. 1a, 10:56

Urte berri honetatik aurrera, boxeo klaseak ere emango dira. Zumaia Cuban Boxing (Cuzumabox) elkarteak emango ditu eta kontakturik gabea izango da. Izen-ematea bihar zabalduko da.

Benjamin (2005-2006 urteetan jaioak), alebin (2003-2004) eta infantil (2001-2002) mailetako haurrei zuzendutako ekimena izango da hau. "Garrantzitsua da esatea ez dela kontaktutik izango. Boxeoko teknikak ezagutuko dituzte, mugitzea, kolpeak nola eman, kolpeak nola ekiditu... Eskuzorroarekin, sakoarekin edo sokarekin arituko dira, baina elkar jo gabe", nabarmendu du Cuzuma elkarteko arduradun Ruben Arredondo boxeolari ohi kubatarrak.

Ekimena urtarrilean jarriko da abian eta ekaina aldera amaituko da. "Gurea izango da Gipuzkoa mailan jarriko den haurrentzako boxeo ekimen bakarra. Haurrek boxeoa zer den ikusteko aukera izango dute. Horrez gain, kirola egiteko beste modu bat izango da", gaineratu du.

Klase hauetan parte hartzeko klubeko telefonora deitu beharko da: 606 10 76 33. 

Partaidetza handia

Helduetan, boxeoko klub honetan parte hartzen duten lagunen kopuruak gora egin duela adierazi du Arredondok. "Une honetan 34 lagun ditut klubean, hauetatik hiru emakumezkoak". Kirolari hauetako batzuentzako hurrengo erronka otsailean jokatuko diren Gipuzkoako txapelketetan parte hartzea izango da.  

(Testua aldatuta dago. Ikastaroaren arduradunak adierazi zuen eskola kirolaren baitan joango zirela klase hauek, baina udaletik esan digute ez dela hala)