Janari Bankoaren inguruko mozioa onartu zen plenoan

Baleike 2016ko abe. 30a, 15:19

Atzoko plenoan datorren urterako aurrekontuak onartu ziren, baina gai gehiago ere aztertu zen. Hala, alderdi sozialistak aurkeztutako mozio batek Janari Bankoa laguntzea du heburu.

Mozio honetan Udalari eskatzen zaio bideak zabaldu ditzala herriko dendari eta tabernariek Janari Bankoarekin kolaboratu dezaten, “salmentan jarri ezin daitezken elikagaiak Janari Bankora bideratzeko”. Elikagai hauen kontsumo arduratsuan hezteko kontzientziazio kanpainak abian jartzea ere eskatu zaio Udalari.

Proposamena aho batez onartu zen. Oier Kortak horren inguruan lan egiteko borondatea erakutsi zuen eta beste herriren bateko aurrekaririk ba ote dagoen galdetu zuen. Alex Olidenek, berriz, koalizioaren aldeko botoa aurreratu ondoren, esan zuen EH Bilduko zinegotziak diru kopuru bat eman diotela Janari Bankoari. “Azken hauteskundeen ondoren alderdi politiko bat gutxiago zegoela ikusita, alderdi bakoitzari ematen zaion kopurua handitu egin zen, nahiz eta gu aurka agertu ginen. Adierazi genuen diru hori gizarte arloan lan egiten duen elkarte bati emango geniola eta orain gutxi eman diogu Janari bankoari”.

Sozialisten proposamena aho batez onartu zen.

Plenoaren amaieran, Zestoako alkateak igorritako gutuna irakurri zuen Oier Korta alkateak. Urola bailarako bidegorria osatzeko pausoetan, Zumaiako Udalaren laguntza eskatzen zuen Zestoak. Gogoratu orain hilabete inguru martxa bat egin zela Arroa Behetik Zestoara bidegorri hori osatzeko eskatzen.