baleike.eus

13,6 milioiko aurrekontua izango du Udalak 2017rako

Baleike 2016-12-30 11:45   Politika

Gainean dugun 2017. urterako udal aurrekontuak aztertu ziren atzo urteko azken plenoan. Batzarrean aurkeztu zen aurrekontuen proposamena ia aho batez onartu zen eta, ondorioz, Zumaiako Udalak 13,6 milioi euro izango ditu kudeaketarako, iaz baino % 2,06 gehiago.

13,6 milioiko aurrekontua izango du Udalak 2017rako
Ane Arregi Urbietak (eskuinean) zinegotzi kargua hartu zuen atzo, Xabier Garmendiaren ordez | Ikusi handiago | Argazki originala

Sukalde lanek garrantzia handia izan dute aurtengo aurrekontuak prestatzerakoan. Hala onartu zuten Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek. Plenora eraman aurretik, gaia lau ogasun batzordetan landu dela azaldu zuten. Bilera hauetan Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenari oposizioko alderdiek aurkeztutako zenbait proposamen gehitu zaizkiola adierazi zuten.

Udal kontuen aurkezpenean esan zenez, aurrekontu hauek “zuhurtasun printzipioan oinarritutakoak dira, hau da, ziurgabetasun egoeretan balioespenak zuhurtasunez egin dira, arriskuak ekidinez eta errealitatean ematen diren sarrerak erregistratuz”. Ardatz nagusiak "tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte beharrei erantzuna ematea eta hiriko irisgarritasuna hobetzea” direla nabarmendu zuten. “Helburu nagusiak herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak bermatzea, herritarron bizi kalitatea hobetzea, Zumaiako eraikin publikoen mantenimendua eta berriztatzea, kale mantenimendua eta garbiketa, parkeak, lorategiak, argiteria publikoa, hau da, zumaiarren beharretara egokitutako herria eraikitzea dira”. 

Guztira, 13.682.917 euroko kopurua izango du Udalak datorren urterako. Horretatik Udalari berari dagokiona 12.967.039 euro dira eta beste 1.244.770 Kirol patronatoari dagokiona. Iazko aurrekontuekin alderatuta, 261.674 euroko igoera onartu da (% 2,06koa).

Funtzionamendu gastuek % 5,27ko igoera izango dute (550.598 euro). Ekonomia eta enplegu sustapenean Urola Kostako Udal Elkarteari egindako 189.239 euroko transferentzia jasotzen da enpresa garapenean, lanerako zerbitzuetan eta lanbide heziketa programetan parte hartzeko.

Gizarte zerbitzuek eramango dute udal aurrekontuen % 11,96a (1.550.633,37 euro). Beste gizarte teknikari bat kontratatzekoa asmoa du Udalak eta gaiarekin lotutako partidak indartzea. 

Hirigintzari dagokionez, herri mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko bi partida berri jasotzen dira: TAO sistema ezartzeko 120.000 eurokoa eta kanpoaldeko aparkalekuak eta hirigunea lotuko dituen Txu-Txu trenarentzako 19.250 eurokoa. Sail berean, azpiegitura eta ondasun naturalentzako 476.500 euro bideratuko dira eta eraikinak eta bestelako eraikuntzen mantenimendurako 66.700 eurokoa. 

Turismoko saila beste hiru langilez indartuko da uda garaian, turismo hazkundea kontutan hartuta. Horrez gain, Zumaiako Turismo Plana izeneko partida jasotzen da herriko turismoaren diagnosia egin eta eredua aztertzeko. 

Euskara, gazteria, berdintasuna, kirola, ingurumena, hezkuntza eta kulturari dagokionez, orain arte eman izan diren ekintzei jarraipena emango zaiela adierazi zuten eta funtzionamendu gastuetan aldaketa nabarmenik ez da aurreikusi. 

Gazteria arloan 20.000 euroko programa sortu da gazteen emantzipazioan laguntzeko, eta Ingurumen arloa, berriz, 15.044,52 euroan indartuko da hondakin bilketa sistema mankomunatua martxan jartzeko.

Alderdien iritziak

PSE-EEko Arritxu Marañonek aldeko botoa eman zuen eta batzordetan elkarlanean lan egitea txalotu zuen. “Arlo sozialaren alde egin delako pozik gaude eta baita irisgarritasunean ere, San Jose kalean eta Larretxon egingo diren lanekin. Pertsonengan pentsatutako aurrekontuak dira eta guk ez diogu horri inoiz ezetzik esango”.

Oinarrizko desadostasun batzuk daudela adierazi zuen EH Bilduko Alex Olidenek, “gobernu organoen soldatetan eta parte hartze prozesuan, gehienbat. Egia da garai berrietara egokitu behar dela eta parte hartzeko bide berriak sortu behar direla, baina bilera presentzialak ere mantendu behar direlakoan gaude. Ikusten dugu Gizarte Zerbitzuetan esfortzua egin dela eta hori guretzako ardatz estrategikoa da. Turismorako errefortzuak eta turismo plana islatzea ere pozgarria da”. Mugikortasunari dagokionez, datorren urtean alderdi bakoitzaren proposamenak bateratzeko aukera izango dela adierazi zuen. Aurrekontuak egiterakoan Udal Gobernuaren jarrera txalotu zuen Olidenek. “EH Bilduren proposamenak Udal Gobernuak esku onez hartu dituela ikusi dugu. Horregatik hiru aldeko boto emango ditugu eta beste hiru abstentziorako, datorren urterako konfiantza boto bezala”.

“Aurrekontu sozialak” direla esan zuen Oier Kortak. “Ez da albiste ona Gizarte Zerbitzuen partida igo behar izatea. Zerbitzu hauen beharra txikiagoa bada, gizarte horren osasuna hobea dela erakutsiko luke”. Beste alderdiei eskerrak luzatu zien. “Zumaiari zuzendutako aurrekontu batzuk dira eta ea denon artean lan egiteko gai garen”. 

Aurrekontuak aldeko EAJ-PNVren (6), PSE-EEren (1) eta EH Bilduren (3) 10 aldeko botoekin onartu ziren; EH Bilduko beste hiru zinegotzi abstenitu egin ziren. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa