baleike.eus

Urola Kostako Hitzaren eta gazteen emantzipazioaren inguruko enmendakinak onartu ziren plenoan

Baleike 2016-12-30 11:48   Politika

2017rako udal aurrekontuen sukalde lanak bide onetik joan zirenaren seinale da bi enmendakin besterik ez zirela aurkeztu. Biak onartu ziren, gainera.

Lehen enmendakina, PSE-EEk aurkeztutakoa, Urola Kostako Hitza hedabideak jasoko duen diru laguntzari buruzkoa izan zen. Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proiektuan 13.500 euroko laguntza aurreikusten zen. Horri beste 1.500 euro gehitzea proposatu zuen talde sozialistako Arritxu Marañonek. “Iaz jaitsiera handia izan zuen Hitzak jasotzen zuen diru laguntzak eta gero 10.000 eurora igotzea lortu genuen. Oraingo proposamenean 13.500 euro jasotzen dira. Guk proposatzen dugun igoerak badu arrazoi bat: 1,5 euro ematea biztanleko, beste herri askotan egiten den bezala”. Ingurumenari dagokion partidan kontzientziazio lanetarako gordeta dagoen baina erabiltzen ez den kopuru bat Hitzarako bideratzea proposatu zuen. “Aurten aurreko urteekin alderatuta jaitsi egin da, baina hala ere ez da erabiliko”.

EH Bilduk Hitzari buruzko enmendakin propioa aurkezteko asmoa zuela aurreratu zuen Arritxu Iribarrek, baina bitan ez bozkatzearren PSE-EEk aurkeztutakoaren alde agertuko zirela iragarri zuen. Krisialdiaren ondoren euskarazko hedabideek jasotzen duten laguntza jaitsi egin dela azaldu zuen. “Urola Kostako Hitza da bailarako informazioa euskaraz ematen duen hedabide bakarra eta Baleikerekin batera euskara hutsean dena. Lan duina egiten dute eta beraientzako ere baldintza duinak eskatzen dugu. Iaz 5.000 eurotan utzi zen diru partida. Gero PSE-EEk aurkeztutako mozioari esker, 10.000ra igo zen. Orain 13.500 eurora igo da, baina hori ere gutxi da. Gure hasierako proposamena 20.000 eurora igotzea zen, baina enmendakinean 16.000 eurora jaistea pentsatu genuen. PSE-EErena ikusita, harekin bat egingo dugu”.

Udal Gobernuak pentsatuta zuen 13.500 euroko partidak bere arrazoia bazuela adierazi zuen Oier Korta alkateak. “Bailarako batez bestekoa egin dugu eta Zumaiako biztanleriari zegokiona kopuru hori zen. Iaz asko jaitsi zen, bai, baina orduko kudeaketa nolakoa zen erakusteko egin genuen. Gure asmoa da hedabide hauek diru laguntzen menpean gutxiago egotea da. Euskararena beste gai bat bezala ikusi dugu eta horrela egin planteatu dugu. Hitzarekin beste edozein partidarekin bezala jokatu dugu. Planteatzen den igoera ez da hain handia eta aldeko botoa emango dugu”. 

Enmendakina aho batez onartu zen (13 boto).

Gazteen emantzipazioa

Gazteen emantzipazioaren inguruan Udal Gobernuak proposatutako partidaren inguruan joan zen EH Bilduk aurkeztutako enmendakina. Aurrekontuen proiektuan 20.000 euroko partida jasotzen zen. Beste 10.000 euroan igotzea eskatzen zuen koalizio abertzaleak enmendakin honen bidez. “Poza hartu genuen partida hau sartu zenutela ikustean. Ikusiko dugu zer erantzun ematen duen. Hemen gazteei zuzendutako partida bezala jasotzen da, baina beste herri batzuetan, Zestoaren kasuan, beste kasuistika batzuk ere jasotzen dira laguntza hauek emateko. Eta, Zestoan bezala, erantzun ona ari da jasotzen. Hurrengo urteetan beste kolektibo hauek ere aintzat hartzea ondo egongo litzateke”, adierazi zuen EH Bilduko Nerea Eizagirre zinegotziak. 

Aurrekontuan jasotzen zen 20.000 euroko kopuruak bere oinarria zuela esanaz erantzun zion alkateak. “Beste herrietan urteak doaz politika honekin, baina, zoritxarrez, Zumaian orain arte ez da egin. Berandu jota udan jarriko da martxan eta ez dut uste partida osoa gastatuko denik. Zailtasunak dituzten jendeak, berriz, jasotzen ditu laguntza sozialak Udalaren aldetik”.

10.000 euroko igoera horretarako Txu Txu trenaren (5.000 euro) eta Gabonetako ekitaldien (5.000 euro) diru partidetatik kopuru bat kentzea proposatzen zuen EH Bilduk. Horri transakzio-enmendakin bat aurkeztu zion EAJ-PNVk eta 10.000 euro horiek argiteria mantenimendutik kentzea proposatu zuen. 

Enmendakin hau ere aho batez onartu zen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa