Joxe Etxeberria: “Elizak herriarekin batera joan behar du aldatzen. Hori da nire dogma”

Baleike 2016ko abe. 24a, 13:44

Gaur zendu den Joxe Etxeberria apaiza elkarrizketatu genuen 2014ko apirileko aldizkarian. Aurrez inoiz elkarrizketatu ez zuela esan zigun eta, beti bezala, umoretsu agertu zen. Elizaz, filosofiaz eta, baita ere, politikaz hitz egin zigun. Hemen duzue. 

Pasai San Pedron 1929an jaioa, bere 85 urteetatik (apirilaren 13an beteko ditu) 40 Zumaian egin ditu Joxe Etxeberriak. Iazko San Pedro jaietan eman zion Zumaiako herriak agurra eta ordutik Donostian bizi da, Apezpikutzak duen etxe batean. Ez du, baina, Zumaia ahaztu. Bertan ditu lagunak, koadrila, eta noizean behin elkartzen dira bazkari baten inguruan. “Gustura egon naiz ni Zumaian, eta azkeneko urteak izan dira onenak”.

“Nik ez daukat inongo mezurik emateko!”, dio Baleikeko koadrila ikusi eta berehala. Artzai Onaren katedralaren atzealdeko eserleku batean eserita aurkitu dugu Joxe Etxeberria, egunero bisitatzen duen Koldo Mitxelena kultur zentroaren aurrean. Iazko ekainean Zumaia utzi zuenetik Donostiako Apezpikutzak katedralaren alboan duen eraikin batean bizi da beste hamar lagunekin batera. “Laugarren pisuan bizi naiz. Ikusten duzu leihoak irekita dituen hura? Ba, hantxe. Ni laugarrenean bizi naiz, ‘beste hori’ bigarrenean. Guk ez dugu hura ikusten. Gabonetan igo zen bisita egitera eta egun horretan ez nengoen”. “Beste hori” Jose Ignacio Munilla apezpikua da. Elkarrizketan zehar sarritan aipatuko du, baina inoiz ez bere izena. Fin-fin esateagatik, Don Josek (hala ezagutzen genuen ikastola garaian, bera baitzen gure erlijioko irakaslea) ez du apezpikua oso gogoko. Elizaren eta oro har bizitzaren ikuspegi oso kontrajarriak dituzte.

Arraunzalea eta arraunlarien familiakoa izan da Joxe: “Ikasle nintzela herriko festetan arraunean ibilitakoa naiz, anaiekin batera, eta gure aitak bost urtez jarraian irabazi zuen Kontxako bandera”. Jaiotzatik ezagutu du itsasoa etxean, aita arrantzalea zuelako. “Halako parajean jaio nintzen, besterik ez zegoen, ura eta itsasoa”. Zumaiako hainbat traineru eta estropadetan irabazitako bandera ugari bedeinkatu ditu. “Zumaiak urte oso onak izan zituen. Txantxetan esaten nuen nire bedeinkazioengatik izango zela. Baina mutil koadrila ederra zuen. Itsasoan indarra behar da, pilotan bezala. Pilotari polita dela diote, baina indarrik ez badu…”.

“Baina zer galdetu behar didazue”, galdetu du. Irribarrea sumatzen zaio aurpegian. “85 urte hauetan lehen aldia da elkarrizketa bat egiten didatela”. Atzealdean katedrala duela argazkiak atera ondoren, Koldo Mitxelenarantz zuzendu gara. Bertan utzitako gela batean elkarrizketatuko dugu Joxe. “Eta zer egiten duzu hemen? Egunkariak irakurri?”, galdetu diogu. Muturra okertu du. Sumina igartzen zaio. “Egunkariak irakurri? Zertarako? Gezurrak besterik ez dituzte-eta esaten! Filosofiako konferentziak entzuten egoten naiz. Bertako langileek diskoak jartzen dizkidate eta lasai egoten naiz haiek entzuten”.
Herrian zabaldu da Joxe elkarrizketatzeko asmoa dugula eta hainbat herritarrek eskumuinak emateko eskatu digute. “Jende askok maite edo, behintzat, errespetatzen zaitu, baita sinestunak ez direnek ere”, esan diogu. “Ba al dakizu zer behar den horretarako? Pertsona irekia izatea, eta beti saiatu naiz irekia izaten”.

Iazko sanpedrotan jaso zenuten zuk eta Joxe Mari Larrañaga Txortenak herriaren despedida. Nola gogoratzen duzu?
Despedidan bi edo hiru hitz esan nituen, besterik ez. Joxe Mari bezala hasiko banintz, akabo, oraindik han egongo ginateke! Joxe Mari Seminarioan dago, eta nahiko ondo dago. Ni hemen nago, Apezpikutzak duen etxe batean; hamar lagun bizi gara hemen eta gauza guztiak gertu ditut. Askatasun gehiago ere izaten dugu. Goizean hona [Koldo Mitxelenara] etortzen naiz eta arratsaldean paseotxo bat ematen dut. Igande goizetan meza entzuten dut telebistan eta noizean behin arrebarekin elkartzen naiz kafe bat hartzeko. Arreba eta bi anaia hemen bizi dira, Donostian, eta igandero bazkaltzen dut arrebarekin.

Ordutik mezarik eman al duzu?
Enkargu bat edo beste izan dut. Azkue familiaren ezkontzaren 50. urteurrenean izan nintzen, baita Agustin Etxaberen aldeko mezan ere. Nik Zumaian lagunak egin ditut; hemen, berriz, ez dut inor ezagutzen. Gustura egon naiz ni Zumaian eta azkeneko urteak izan dira onenak. Telefono bidez mantentzen dut batzuekin kontaktua eta han daukat oraindik nire koadrila: Mendizabal mekanikoa, Etxabe… Noizean behin elkartzen gara bazkaltzeko Aittola Zarren, Azkoitian. Zarautzen, San Pelaion ere elkartzen gara hiru lagun bazkaltzeko.

Zu al zara familiako apaiza bakarra?
Bat eta sobran!

Erantzunarekin barrez hasi da, baina hiru hitz horietan bestelako zerbait suma daiteke: Elizarenganako kritika. Elkarrizketan zehar sarritan entzun ditugu Eliza Katolikoaren hierarkiaren aurkako kritikak, baita Elizak zer izan beharko lukeen ideiak ere. Pertsona irekia eta progresista izanik, Joxe ez dago gustura Elizaren buruzagien ideia kontserbadoreekin. “Apezpikuarekin eta hierarkiarekin dagoen arazoa ez bada aldatzen, ez dago zer eginik. Beste hura [Rouco Varela, Espainiako apezpiku-batzarraren presidente ohia] joan da. Hark ekarri zuen hau hona. Antzerakoak dira. Hauek erlijiosoak baino gehiago politikoak dira. Abortuaren gaian edo bestelakoetan Madrildik esaten dena honek bete egiten du. Eta gainera diote hori dela Jainkoaren hitza”.

Beste batzuek diote Elizak esandakoa egiten dutela politikariek.
Bastante. Beti eraman dira ondo Eliza eta boterea. Dirua, bankuak, mass media, Eliza eta ejertzitoa bat dira. Eskuina da eta eskuina ez da sekula konbertituko. Oso zaila da. Niri lagun batek zera esan zidan: “Begira Joxe, badira mundu honetan Jainkoak konponduko ez dituen bi gauza. Bat: tronbosia sendatzea. Bigarrena: karlista bat bide onera bihurtzea. Inposible!”. Nik ez dakit zer gertatuko den, baina gauzak aldatzen ez badira, jai dago. Eta gauzak herriak aldatuko ditu, eta herrian gaztediak. Harrituta nago zer gaztedi ona dagoen, bai herrian, baita kanpoan ere. Gaztedia kezkatuta dago, eta ez bakarrik politika mailan, baita kulturan edo kirol mailan ere, eta hori oso positiboa da. Hori da benetan sekularra izatea. Mundutarrak izan behar dugu. Garai batean zioten mundua txarra zela. Gezurra! Mundua berez ona da. Edo ez duzue hala uste? Sexuarekin berdin, txarra dela diote.

Sexuaren gaia ateratzen duzunez, badirudi Eliza katolikoak sexua besterik ez duela buruan: abortua, homosexualitatea…
Horrekin atakatzen dute. Hori ez da ez ebanjelikoa, ezta ezer ere. Baratzezainaren txakurraren esaldia datorkit burura: ez jan, ez jaten utzi. Halako zerbait gertatzen da hemen. Aldatzen ez bada, alferrik da. Elizak herriarekin batera joan behar du aldatzen. Hori da nire dogma. Herriak badu zentzu bat, zentzu on bat, egiarako zentzu on bat. Herria maneiatzen dutenek dute kulpa.

45 urte zituela etorri zen Zumaiara. Aurretik Usurbilen, Goierriko herri txiki batean eta Osintxun izan zen apaiz, Parisera filosofiako ikasketak egitera joan aurretik. Filosofia bere bizitzaren ardatz garrantzitsua da eta oraindik ere pentsalari batzuen teoriak entzuten egotea du gogoko: “Ezagutu nuen filosofo bat, Xabier Zubiri donostiarra, apaiz izandakoa, eta Julian Mariasek zioenez, ‘munduan gehien dakien gizona’. Sekulako pentsalaria zen, Kant eta Heideggerren mailakoa, eta hark unibertsitatean emandako klaseen grabazioa entzuten ditut egunero. Zoragarria da. Filosofoa, matematikaria, fisikoa, 22 hizkuntza zekizkien. Behin, Deustuko Unibertsitatean konferentzia bat eman zuen eta han joan nintzen. Hori zen jakitea! Ez entziklopedietatik ateratakoa, baizik eta sakonetik berak sortutako teoriak. Bestalde, zientziak gaur egungo gizartean duen eragina aztertzea ere gustukoa dut: biologia, fisika… Eta aurrerapen horiek guztiek sor ditzaketen dilema etikoak hausnartzea ere bai.

Etikoak, eta ez erlijiosoak. Hor kontraesan bat egon daiteke.
Erlijioa etikarik gabe ez doa inora. Hori da gaur egungo erlijioa. Erlijioa etikarik gabe ez da ezer, eta kristautasuna oraindik eta gutxiago.

Beraz, iruditzen zaizu Elizak, aldatzen ez bada, ez duela…
Etorkizunik. Hala da. Kargutik kendu zuten apezpiku batek liburuxka batean zera dio oso dotore: “Una iglesia que no sirve, no sirve para nada”. Horretara iritsi gara.

Elizaren baitan zu bezalako kritikoak izango dira.
Badira, baina desengainu handia hartu dut apaiz gazteekin. Denak beste honen inguruan dabiltza.

Gogoan dut bat Munilla izendatu zutenean matxinada antzerakoa izan zela Gipuzkoako apaizen artean. Sinadurak ere jaso ziren izendapenaren aurka.
Handia izan zen. Orain ere beste gai baten inguruan ere sinadurak jaso dira. Baina beste hau ez da aldatuko; ez hau, ezta beste apezpikuak ere. Tolerantzia esaten da, baina tolerantziak ere bere neurriak ditu.

Baina Eliza Katolikoaren baitan mugimenduak sumatzen dira Aita Santu berriarekin.
Baita ere. Ari da zerbait egiten, baina badakizu Elizaren azpian zer dagoen. Eliza inkisitoriala izan da. Beti izan da boteretik hurbil. Dotoretasuna falta da Elizan.

Behin Parisen lizentziatura atera ondoren, eta Zumaiara etorri aurretik, arrantzale lanak ere egin behar izan zituen Joxe Etxeberriak aitarekin. “Osintxun apaiz nintzela arazoak izan nituen eta Guardia Zibila etorri zen etxera. Haren ondoren erabaki genuen hiru lagunek Parisera joatea ikastera. Ikasi nuen, ahalegindu nintzen eta atera nuen filosofian lizentziatura. Etorri nintzen, baina ez nuen posturik aurkitu. Zumaian Kolegiora [Maria eta Jose ikastetxera] ere joan nintzen klaseak emateko asmotan, baina ezezkoa eman zidaten. Lanik ez eta aitarekin ibili nintzen itsasoan, Pasaian. Aita arrantzalea zen eta soldatatxoa ematen zidan astero. Oso gogorra zen. Goizeko 5etan jaikitzen ginen egunero sarea botatzera. Jakin nuenean Joanito [Dorronsoro] sekulartzera zihoala, bikarioarekin hitz egin nuen eta hark esan zidan eginda zegoela. Eta hala etorri nintzen Zumaiara.

Joanito aipatu duzunez, zuk ez duzu inoiz tentaziorik izan? Apaiz izatea uztea, ezkontzea…
Bai horixe, krisialdi galantak izan ditut. Ni pertsona naiz, zu zaren bezala. Apaiz batek ezkondu nahi badu, ezkon dadila. Emakumeak apaiz bihurtzearen alde ere banago. Horretan irekia naiz. Gizonezkoak eta emakumezkoak osagarriak dira. Hori natura da eta hala sortu gara. [Emakumeen parte hartzearekin] Misterioa kontserbatzen da eta Jesukristok ekarritako mezu hori, fededunak bagara, mantenduko da.

Frankismoaren garaian hasi zinen apaizgoan. Zure ideiek talka egingo zuten, ba, garai hartan ere.
Horixe baietz. Apaizen talde handi batek gorde zuen bere bide zuzena eta ibilia. Garai hartan, 339 apaizek Francoren aurkako dokumentu bat sinatu genuen. Arazo horiek zirela medio soldaduskara bidali ninduten Logroñora, kapilau militar. Ez castrado ez castrador, castrense! [barreak] Han zegoen komandante batek galdetu zidan, gaztelaniaz, ea ni dokumentu hura sinatu zutenen artean nengoen. Zer esango nion, ba… Esan zidan sinatu zuten guztioi txartel bat jarriko zigula ipurdian eta Vatikanora bidaliko gintuela. Militarren kasta… Han pasa nituen bi urte, alferez graduazioarekin. Dokumentu hura, ‘339’, nik pasa nuen BBC Londres eta Parisera. Garai hartan ez zegoen beste mediorik, ez hemen, behintzat.Gero ETA eta halakoak sortu ziren. Nik ezagutu dudan pertsona jator eta normalenetakoa, garbia eta isila, izan da ETAko bat: Argala. Parisen ikasten nengoenean laguna nuen. Erdaraz egiten zuen. Behin esan zidan: “Joxe, goazen paseatzera, goazen Jainkoaz hitz egitera”. Paristik bueltan, enkargu baterako elkartu ginen eta esan zidan: “Joxe, ez ibili hemendik, zelatan daude eta”. ETAko beste kide batzuk ere ezagutu nituen, eta harreman hauengatik-edo batzuek gaizki ikusi naute. Behin zumaiar batek galdetu zidan ea HBko hauekin izan nintzen. “Eta zer? Zer dute, ba?”, galdetu nion. “HBkoak izateagatik gaiztoak dira?”. Denborarekin HBkoa izaten jarraitzen dut. Hori bai, denok, edozein, HBkook ere bai, aldatu behar dugu. Aurrera egin behar dugu. Ez dugu dogmatismoan erori behar. Azken batean, Platonek zioen bezala, dialogoaren bila joan behar dugu. Dialogorik gabe ez dago aurrerapenik.

Beti egon zara politikan interesatua?
Bai. PNVren inguruan ibili nintzen. Jose Antonio Agirre Lehendakariaren hiletan ere izan nintzen. Baina gero ez. Lagun bati esan nion ni ez nintzela eskuinekoa, ez ideia aldetik, ez tenperamenduz. Beti izan naiz ezkerrekoa eta hala izaten jarraituko dut. Hanka sartzen dudala? Denok sartzen dugu.

Setien Donostiako apezpiku zela eraso bortitzak jaso zituen Euskal Elizak. Nola bizi izan zenuen?
Garai hartan Apaizen Koordinakundea sortu genuen. Oraindik segitzen dugu eta lan ederrak egindakoak gara. Bost probintzietako apaizak biltzen ginen: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldekoak. Garai hartako jendea zahartzen ari gara eta ez dugu lekukoa hartuko digun oinordekorik.

Non oinarritzen zara gehiago: filosofian edo Biblian? Beti esaten zenuen Jesukristo filosofoa zela.
Nik ez dut inoiz hori esan. Filosofoa baino gehiago zen. Zenbat gauza erantsi dizkiogun Jesukristori... Hura gizona izan zen, eta benetako gizona. Eta benetako gizona zelako agertu zen Jainkoaren pertsona. Hori teologia da. Nire desioa izan da jakitea zer den natura. Zer da mundua? Zer gara gu? Hori da nire sakoneko galdera. Eta hala bizi naiz, agure zahar bat bezala, afizio horiekin. Noizean behin “Aita Gure” bat ere errezatzen dut. Arazoren bat dudanean egiten dut hori. Gure amonek ere hori egiten zuten: problema bat zutenean, “Agur Maria”. Eta hori ona da.

Ona al da?
Bai jauna!

Ez al da hori jarrera infantila?
Bueno, ondo, baina beste ezer ezin duzunean? Niri atera egiten zait.

Zuk barrenean daramazu. Baina zenbat jende akordatzen da Jainkoan soilik arazo bat duenean, ezinean dagoenean edo hiltzera doanean?
Bai, bai, baina hori ez da txarra. Esan dizudan igandeko meza horretara jende gaztea ez da joaten, baina itzuliko dira. Nire filosofo batek dioen bezala, “Ateoei utzi behar zaie ateoak izaten, eta kontsekuenteak izaten. Topo egingo dute, bilatuko dute”. Bai, bai. Ez al duzu hala uste? Sortuko da beste talde bat. Elizak taldea esan nahi du. Bilkura bat da. Nik gazteengan dudan sinesmena ikaragarria da.

Zuk uste duzu katekesia irakasten dutenen lana ona dela.
Ez da perfektua, baina zerbait egin behar da umeekin, betiere gurasoek nahi badute. Igandean nire ilobekin egon nintzen. Aspaldi utzi zuten Eliza atzean, eta onak dira! Lehen aipatu duzu etika hitza. Pertsona bat etikoa ez bada, ez da ezer izango. Etikotasunean dago kristautasuna oinarrituta.

Vatikanoa edo Eliza Katolikoaren hierarkia ez al da barrera bihurtzen kristautasunaren oinarrira joateko?
Aita Santu berri honek beste bira bat eman die gauzei. Naturaltasuna eta jatortasuna ekarri du. Baina hor atzean dagoen ganadu beltz hori… Gustavo Gutierrez Askatasuneko Teologoarekin bildu zen orain gutxi Aita Santua, eta kardinal batek zioen zer inozoa zen Francisco teologo horrekin elkartzeagatik. Horrelako jendearekin nora joango gara? Eta hemen dugun hau horietakoa da; hau Aita Santuaren aurka doa.

Baina Aita Santu honen hitzak… Badago zerbait atzean edo marketin hutsa da?
Galdera ona da hori. Estetika aldetik gustatzen zait zer dioen, baina ikusi behar da sakonean aldatzen duen. Zerbait egiten hasia da: Vatikanoko Bankuan aldaketak sartu ditut, emakume bat ere sartu du…

Baina pederastiaren kasuei ez die heltzen.
Ez. Hori oso gogorra da. Baina hori zergatik gertatzen da? Zergatik obligatzen zaio gizonezko bati, erlijiosoa izateko edo apaiza izateko, zelibea izatera? Horren ondorioak hor ikusten dira.

Amaitu dugu elkarrizketa eta zerbait hartzera gonbidatu gaitu. Baina gauza batek arduratzen du Joxe. Beheranzko igogailua hartu aurretik berresten digu ez duela inongo mezurik esan nahi. “Esan ditudan astakeria guztiak ez jarri, aizu. Zuentzat ez dira izango astakeriak, baina han irakurtzen dituztenentzat agian bai”.