Euskadiko Pilota Federakundeko presidentetzarako hautagaitza aurkeztu du Gotzon Enbilek

Baleike 2016ko abe. 22a, 19:23

Gaur egungo presidente Patxi Jauregiren eta Gotzon Enbilen artean aukeratuko dute urtarrilaren 13an federazioko presidente berria. Enbilek azaldu duenez, udatik aritu dira biltzen zerrenda alternatibo bat osatzeko. "Jende gaztea bildu gara, eta badauzkagu hainbat idea pilotari astindualdi bat emateko".

Berekin batera zerrendan aurkeztuko direnen izenak oraindik ere ez ditu aurreratu nahi, baina "jende gaztea" izango dela jakinarazi du. Pilotan hainbat arazo daudela dio Enbilek, eta haiek hobetzeko proposamenak egingo dituzte: "Pilotaren maila igotzeko uste dugu oso ona litzatekeela profesional mailako pilotariak eta afizionatuak nahastea tarteka, behekoei goian daudenekin neurtzeko aukera ematea; horrez gain, Euskal Selekzioarekin egin nahi dugu lan, teknifikazio lana antolatu eta entrenamendu gehiegi egin; eta federazioen arteko harremana ere hobetu beharra dago".

Urtarrilaren 13an izango da bozketa. Klubek eta izendatutako zenbait epailek eta pilotarik izango dute botoa emateko eskubidea. Egun hauetan, hain zuzen ere, hauteskunde kanpainan dabil murgilduta, klubekin harremanetan, proiektua azaldu eta boto bila.

Presidente hautatuko balute, ez du uste zinegotzi karguarekin segitzeko oztopo litzatekeenik. "Talde bat osatu dugu eta nik hasieratik adierazi nuen zer ardura daukadan Udalean. Niri egokituko zait harremanak lantzea, baina lan teknikoa egiteko talde bat egongo da". Jokatzen jarraituko ote duen edo ez, oraindik ez omen du erabaki. "Presidente izateagatik ez dago arazorik. Baina uda gerturatu arte ez dut erabakiko, nahiago dut itxaron eta nola nagoen ikusi".