Gaur zabaldu dute Aitzuri frontoiko taberna

Baleike 2016ko abe. 21a, 11:13
Antxon Alberdi eta Ivan Aseginolaza, gaur goizean frontoiko tabernan.

Ivan Aseginolazak hartu du pilotalekuko taberna kudeatzeko ardura hurrengo lau urteetarako. Tabernaz gain, pilotalekuaren eguneroko martxaz arduratuko da.

Taberna zabaltzearekin batera osatuta gelditu da Aitzuri pilotalekuaren eskaintza. Lehiaketa publikoan lortu du Ivan Aseginolazak kudeaketaren ardura hurrengo lau urteotarako, eta gaur goizean zabaldu ditu ateak, proiektu berriari ekiteko "ilusioz beteta". 

Taberna egunero egongo da zabalik, goizetik gauera, 9:00etatik 22:00etara. "Gero asteburutan luzatzea espero dugu, batik bat afariak-eta emateko asmoa daukagulako", azaldu du Ivanek. Oraingoz, Gabonak egokitu direnez, pintxoekin hasiko dira, baina jaien bueltan eguneko menua eta karta ere eskainiko dituzte. "Ez dira data onenak menuekin hasteko eta oraingoz barrako eskaintzarekin hasiko gara. Baina Gabonak eta gero, eguneko menua eskainiko dugu, eta karta bat ere joango gara zehazten, jendearen gustuetara egokituta". Razioak eta otartekoak ere emango dituzte.

Oraingoz, Ivan bera eta beste hiru langile hasiko dira lanean, baina jatorduak ematen hasten direnean asteburuetan jende gehiago beharko duela aurreikusi du. 

21 urte daramatza sukaldari, kanpoan (Bartzelona, Girona...) zein Zumaian bertan (Talaipe eta Marina Berri), eta hiru urtez ere izan zuen negozio propioa Martutenen (Donostia).

Kantxaren ardura

Tabernarekin batera, pilotalekuko kantxa alokatzeko zerbitzua ere martxan jarriko du Udal Patronatuak. "Ordu libre asko ere ez dira gelditzen, goizez eskolek erabiliko dutelako eta arratsaldez pilota elkarteak, baina egongo da aukera nahi duenak kantxa alokatzeko, hala zehaztu da ordenantzan", azaldu du Kirol Patronatuko arduradun Antxon Alberdik.

Kantxa alokatzeko Lubaki kiroldegian egin behar da eskaera. Ordua 13 euroan jarri dute, eta beste 3,5 euro argiak piztea behar izanez gero. Tarifaren barruan sartzen da dutxen erabilera. Kiroldegian erositako txartelarekin joan behar da frontoira, eta tabernan erakutsi behar da, sartu ahal izateko. "kantxaren kontrola, argiak piztea, instalazioak ondo daudela zaintzea, zerbait konpondu behar bada Kirol Patronatuari abisua pasatzea... Lan horiek ere guk egingo ditugu", azaldu du Aseginolazak.