Imanol Yeregik Euskal Surf Zirkuitua irabazi du Mundakan lehena izan ondoren

Baleike 2016ko abe. 18a, 14:34
Argazkia: Euskal Herriko Surf Federazioa/Jon Aspuru

Imanol Yeregik ezin hobeto amaitu du urtea. Mundakako proba irabazi zuen atzo eta horri esker Euskal Surf Zirkuituko txapelduna dugu surflari zumaiarra. 

Zirkuituko lehen bi probak irabazi zituen Imanolek, Donostian eta Sopelan hain zuzen ere. Etxeko proban, baina, Orroagan, bigarren egin zuen Hodei Collazo zarauztarraren atzetik. Asteburu honetan Mundakan jokatu den zirkuituko azken proban gauzak ondo egin behar zituen Imanolek, eta hala izan da. Final estu batean primeran aritu zen Yeregi eta txapelketa irabazi du Ethan Egiguren eta Andy Criere-en aurretik.