Ordenantza fiskalek behin betiko onarpena jaso dute

Baleike 2016ko abe. 17a, 11:41

2017 urterako ordenantza fiskalek behin betiko onarpena jaso zuten atzo arratsaldean egindako ez ohiko plenoan. Dokumentua aldatu egin behar izan da Telefonica Movilesek jarritako salaketa bat medio.

Aurreko legealdietan enpresa honek diru kopuru bat ordaindu izan du herrian telefono lineak izateagatik. Europar Batasuneko agindu batek ordainketa hori legez kanpo zegoela adierazi zuen. Hori dela eta, Telefonica Movilesek salaketa jarri zion Udalak onartutako ordenantzei eta epaileak arrazoia eman zion enpresari. Ondorioz, dokumentuaren pasarte hori aldatu egin behar izan da. 

Proposamena alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zen, botazioan, bitan, bosna botoko berdinketa izan zelako: EAJ-PNV (4) eta PSE-EE (1) alde eta EH Bildu (5) kontra.

Bi kreditu aldaketaren berri ere eman zen: Jadarreko horma berreraikitzea 345.000 euroan handituko da eta Aita Mari auzategian sabaia publikoa duten garajeetako hezetasun arazoak konpontzea 22.000 euroan.

Aztergaien artean skate park berriaren inguruko proposamena ere bazegoen, baina hau, azken momentuan, plenotik atera zuen Udal gobernuak.