Zer egin Guascorreko eraikinarekin?

Baleike 2016ko abe. 15a, 13:52

Santiago auzoan dagoen Guascorren eraikina enkantera atera du Eusko Jaurlaritzak. Ingurune horretako fitxa urbanistikoa ez dago onartuta eta, berez, ia ezer ezin da egin lursail horretan.

Kostako errepidean barrena Zumaiara heltzean, Santiago auzoan, kirol portuaren aurrean, eraikin zahar bat dago, abandonatuta. Leihoak apurtuta, tailerra zegoen gunera eramaten zuten metalezko ateak zabalik, goiko solairuetara igotzen ziren eskailerak adreiluekin itxita, pintadak eta aspaldi izandako kontzertu eta beste ekitaldien kartel zimelduak hormetan... Etxeak jasan duen utzikeriaren seinaleak nabarmenak dira.

1990eko hamarkada arte Guascor enpresak Zumaian izan zuen egoitza zen eraikin hori (faktoria Oikian zuen eta du, oraindik). Tailerra, bulegoa eta, goiko solairuetan, enpresa sortu zuenaren seme-alaben etxebizitzak kokatzen ziren bertan. Hamarkada horretan, baina, krisiak jo zuen enpresa eta Eusko Jaurlaritzari kreditu bat eskatu behar izan zion. Berme bezala, Santiagoko lursail bat jarri zuen Guascorrek. Urteak aurrera joan ahala, Gasteizeko gobernuak berme hori exekutatu zuen eta eraikinarekin, Artadi mendiko zati batekin eta udan aparkaleku bezala erabiltzen den zabalgunearekin geratu zen. Gaur arte.

Eusko Jaurlaritza ingurune horren jabe egin zenetik ez da ezer egin eta eraikina gero eta egoera okerragoan dago. Zumaiako Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio Gobernuari etxe hori eraisteko. Azkena orain bi urte egin zuen, 2014ko abenduan. "Segurtasun, osasungarritasun eta, baita ere estetikagatik" eraistea eskatu zion une hartan Iñaki Agirrezabalaga alkate zuen Udalak. Eskaerak, baina, ez zuen erantzunik izan eta Guascor zaharrak hor segitzen du tente Zumaiako sarreran.

Enkantera atera da

Jaurlaritzak, orain, enkantera atera du eraikina, Sprilur enpresa publikoaren bitartez. 750.313,74 euroko prezioa jarri diote etxeari. Eskaerak aurkezteko epea datorren ostegunean, hilaren 22an, amaituko da.

Zumaiako Udaleko azaroko plenoan, galdera/erantzunen tartean, EH Bilduko zinegotzi eta Hirigintza batzordean koalizioak duen ordezkari Josu Arrietak jarri zuen gaia mahai gainean. Oier Korta alkateari enkante horretan parte hartzeko gonbitea luzatu zion. Horretarako diru kopuru hori behar dela erantzun zion alkateak.

Udal arkitektu Gorka Arregik gogoratzen duenez, aurrez ere eraikin hau enkantera atera dute. "Aurrekoan norbaitek interesa erakutsi zuen, baina baldintzak ezagutu zituenean, atzera egin zuen". Izan ere, lursail horretan ezer gutxi egin daiteke une honetan. Gaur egun indarrean dauden arau subsidiarioak 2004. urtean onartu ziren. Baina, herriko zenbait lekuetako fitxa urbanistikoek ez zuten behin betiko onarpena jaso. Narrondokoa, Galvanizados Olaizola dagoen lursailekoa eta, baita, Santiagokoa dira, besteak beste, onartu ez ziren fitxak. "Ez dut esango bertan dauden jarduerak legezko hutsune batean daudenik, baina gaur egungo arauak leku horietarako ez ziren onartu", gaineratu du Arregik.

Ingurune horrek fitxa urbanistikoa ez izanda ere, zenbait komertzio eta enpresa zabaldu dira Santiagoko ingurunean arauak onartu zirenetik. Arregiren esanetan, denda, taberna eta enpresa hauek "prekarioan" daude.

Linboan

Egungo arauetan fitxa hori agertzen ez denez, aurreko arauetara, 1993an onartu zirenetara, jo behar dela dio arktitektoak. "Baina, arautegi hark ez ditu jasotzen ondoren onartu diren alorreko legedi asko: Lurzoruaren Legea, distantziak errepidearekiko, zona babestuak, saneamendua... Pixka bat linbo batean dago eremu hori eta udalak hausnarketa egin beharko luke: eraikin horretan edo leku horretan zer egin daitekeen zehazteko".

Horrek izango du, nola ez, eragina Guascor zaharraren salmentan. Arrieta oso eszeptikoa da, ez du uste enkantean inork interesik erakutsiko duenik. "Arauak aldatzen ez badira, gaur egun ingurune horretan onartzen den jarduera bakarra errepide-mantentzea da".

Arau subsidiarioak berritze bidean

Gaur egun Zumaian indarrean dauden arau subsidiarioak 2004. urtean onartu ziren eta berritze bidean daude. "Plan orokor baten eta arau batzuen artean badaude desberdintasunak eta horietako bat da arauek ez dutela epe mugarik", dio Gorka Arregi udal arkitektoak. Hala ere, 2015-2025 Zumaiako Plan Estrategikoaren baitan agertu den beharretako bat arauak berritzea dela gaineratu du.

2006an Lurzoruaren Lege berria onartu zen eta lege horren arabera herri guztietako arauak 2014rako berrituta egon behar zuten. "Lur zoruaren legeak zioen zortzi urteko epean, 2014an, herri guztietako arauak egokitu behar zirela lege berrira. 2014an, baina, beste lege bat onartu zen eta epea 15 urtera luzatu zuten eta 2029rako plan guztiak egokituta egon beharko lukete lege berrira. EAEko 251 udalerrietatik 56k egokitu dituzte planteamenduak eta beste 65 arau tramitatzen ari ziren. Beste herri guztiek ez dute ezer egin. Gure asmoa da berritzen joatekoa, 2017an ez bada, lehenbailehen. Arauen izena aldatuko litzateke eta Zumaia Plan Orokorra izena hartuko luke".