Kiroldegiko neguko ikastaroetarako izen-ematea zabaldu da

Baleike 2016ko abe. 14a, 18:50

Zabaldu da dagoeneko Lubaki kiroldegiko bigarren hiruhilabeteko ikastaroetarako izena emateko epea. Saioak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta adin guztietako kirolzaleek, bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Interesdunek kiroldegian izena eman beharko dute gustukoen duten ikastaroan. Guztiek hiru hilabete iraungo dute: 2017ko urtarrilaren 9tik martxoaren 24ra bitarte, alegia.  

Cycling, total training, gap, aerobic, pilates, mantentze gimnasia edota jump-eko ikastaroak dira kiroldegiak aurten eskaintzen dituen lehorreko jarduerak.

Horiez gain ezin ahaztu arrakasta handia duen ikastaroa, Zumba, alegia. Oraingoan, ikastaro hori 7-14 urteko haurrentzat berreskuratu da, beraz, guztira, hiru adin multzotan banatuta eskainiko da ikastaroa: 7-10 urteko haurrak, 10-14koak eta 14 urtetik gainerakoak, hain zuzen.

Igeriketa ikastaroak ere izango dira. 6 hilabetetik aurrerako haurtxoek ere izango dute aukera. 3 urtetik gorako haurren ikastaroei jarraipena emango zaie eta helduei dagokionez, igeri egiteko trebetasunaren arabera lau talde osatuko dira: hastapena, erdi maila, hobekuntza eta hobekuntza +.