2018tik aurrera, organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartel bidez irekiko dira

Baleike 2016ko abe. 13a, 12:56
Ezkerretik hasita, Ana Benito (Irabazi Zarautz) Mikel Goenaga (EH Bildu) Igor Iturain (Udal Elkarteko lehendakaria) Gloria Vazquez (PSE-EE) Jesus Arana (EAJ)

Gaur goizean zabor bilketa zerbitzu berria aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek. Eskualdeko udal talde guztien babesarekin, zabor bilketaren inguruko akordioa onartu du Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak; horren arabera, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, zabor bilketa zerbitzu osoa udal elkartetik kudeatuko da, eta hondakinak gaika biltzeko zerbitzu berria martxan jarriko da.

Egun, bataz-beste hondakinen %40a gaika biltzen da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian. Dena dela, “hondakinak gaika bereiztea eta sailkatzea herritar ororen betebeharra” dela uste du udal elkarteak; horregatik, 2020 urtean hondakinen %75a gaika biltzera iristeko sistema berria aurkeztu dute. Bilketa tasa progresiboa izango da, hau da, 2018an hondakinen %60a gaika biltzea lortu nahi dute, 2019an %70a eta 2020an %75. Ildo horretan, Iturainek zehaztu du, sistemak hondakinen “%80a gaika biltzeko gaitasuna” duela, “beraz uste dugu txukun egiten bada, %80ko tasara iritsi gaitezkeela”.

Helburua lortu ahal izateko, hainbat aldaketa egingo dituzte.

Alde batetik, etxeko hondakinak biltzeko bost edukiontzi erabiliko dira, baina errefusa eta organikoa biltzeko edukiontziek erabilera mugatua izango dute. Etxebizitza bakoitzak edukiontzi gune bat zehaztua izango du, eta eremu horretan dauden errefusa eta organiko edukiontziak soilik erabili ahal izango dituzte bertan bizi diren kideek; edukiontziak txartel bidez irekiko dira. Papera-kartoiaren, antzi arinen eta beiraren edukiontziak orain arte bezala funtzionatuko dute.

Horretaz gain, bolumen handiko hondakinak eta traste zaharrak biltzeko zerbitzua ere zabaldu egingo da, eta 2018tik aurrera astean behin pasako da herri bakoitzetik.

Bestetik, landa eremuan edukiontzi eremuak zentralizatu egingo dituzte, eta horrela landa eremuko herritarren hondakinak ere gaika biltzeko aukera izango du udal elkarteak. Orain arte landa eremuko edukiontzien %90ean errefusa biltzen zen, eta sistema berriarekin bost edukiontziak izango dituzten eskura herritarrek.

Komertzioei eta ostalariei, sortzaile handiei eta ertainei, puntuz puntuko hondakin bilketa eskainiko die udal elkarteak, organikoa, papera-kartoia eta errefusa jasotzeko. Komertzioei astean sei aldiz eskainiko die zerbitzua, eta ostalariei egunero. Sortzaile txikiek, berriz, kaleko edukiontziak erabiliko dituzte.

Enpresei dagokionean, industrialdeetan puntuz puntu bilduko dituzte organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastikoa-poliespana. Bestalde, garbiguneak dituzten industriaguneetan, enpresek garbigunea ere erabili ahal izango dute beren egunerokoan.

Zabor bilketa zerbitzu osoa udal elkartetik kudeatuko denez, 2018ko urtarriletik aurrera udal elkarteak egingo du zaborraren kobraketa.

Herritarren kontzientziazioa
Urola Kostako Udal Elkarteko eta udal taldeetako kideek jakin badakite, garrantzitsua dela herritarrei sistema berria azaltzea, eta horrek ekarriko dituen onurez kontzientziatzea. Horretarako, 2017an zehar hainbat sentsibilizazio kanpaina egingo ditu udal elkarteak herritarren artean. Lau hezitzaile kontratutako dituzte herritarrak sentsibilizatzeko eta erabiltzaileei zuzenean ohartarazpenak emateko.

Erlazionatuak