Barra zaharreko horma zabalagoa eta altuagoa izango da

Baleike 2016ko abe. 12a, 17:22
Itxura hau izango du barrak konpontze lanak amaitzean. Ikus daitekeenez, horma zabalagoa izango da eta, zenbat eta aurrerago joan, altuagoa izango da.

Barraren lehen zatia erabat hondatzeko zorian dago. Harlanduzko horma zaharra hormigoiarekin zabalduko dute itsasoko aldetik, eta altuera handiagoa emango diote. Zati berrian, berriz, harrizko bloke handi gehiago jarriko dituzte, olatuen oldarraldietatik babesteko.

2014ko denborale gogorrek kalte larriak eragin zituzten Zumaiako barran. Azaleko zenbait konponketa egin ziren iaz, baina barrak egiturazko arazoak dauzka, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak eskatutako txostenaren arabera. Hain dira larriak, barraren zati zaharra erabat hondatzeko arriskuan dagoela. Arazo horiei aurre egiteko, hiru milioi euroko aurrekontua onartu zuen Jaurlaritzak eta lanean ari dira urritik.

Zatirik kaltetuena hasierakoa da, barraren zati zaharrena. Joan den otsailaren 9ko denboraleak hormaren gainaldeko zati handi bat hautsi zuen, 60 bat metrokoa. Gainaldeko harlanduzko blokeak mugitu eta horma hondatuta gelditu zen olatualdi hartan, barra bera arriskuan uzteraino. Konponketa lanen parterik ikusgarriena zati honetan egingo dute; hain zuzen ere, barraren 27. metrotik aurrera.

Orohar, barraren zati zaharrean horma sendotzea da helburua. Alde batetik, itsasorantz zabalduko dute, harlanduzko horma zaharrari hormigoizko horma berri bat gehituz. Biak hobeto lotzeko, burdinazko barrak sartuko dituzte tartean. Baina horma zabaltzearekin batera, altuera ere emango diote. 220 metroko barra zatian egingo dituzte lan hauek. Lehen 30 metroko tartean, hormak 8,68 eta 9,38 metro arteko altuera izango du. Hurrengo 90 metroetan, 11,20ko altuera hartuko du, eta azken 98 metroetan –barraren zati berriarekin bat egiten duen tartean– 12,15 metroko altuerara iritsiko da.

Harri blokeak baztertu dituzte, horma zabaltzeko. Burdinazko barren gainean altxatuko dute oinezkoen bidea.

Barraren horma zabalago egin ahal izateko, 10 eta 25 tona arteko harri bloke handiak mugitu behar izan dituzte. Behin hormigoizko horma egin eta gero, berriro leku berean jarrituko dituzte blokeak. Horma zabaldu eta altuera ematearekin batera, oinezkoen bidea ere neurri berean altxako dute –horretarako dira gaur egun bertikalean ikus daitezkeen burdinazko barrak–, paseatzean bistak orain arte bezala gozatu ahal izateko.

Proiektuak ez du zehazten, ordea, barra zaharreko harlanduzko blokeekin zer egingo duten. Altuera eman ondoren gainaldean jartzea da aukera bat, ahal den neurrian lehengo estetikari eusteko; baina beste aukera da –bestea baino merkeago– hormigoiaren eta harlanduzko bloke berrien azpian ezkutatuta gelditzea.

Konponketak ez dituzte soilik barraren zati zaharrean egin behar. Barraren zati berrienak ere kalteak izan ditu, eta batez ere babeserako harri bloke handi gehiago jarriko dituzte, olatuen oldarraldiari eusteko. Harri bloke gehiago jarriko dituzte barran zehar, kanpoaldean, eta baita barraren puntan ere. Barrualdean, hainbat lan egingo dituzte barruko horma eta beheko eskoilera eta bidea sendotzeko.

Barra konpontzeko lanak urrian hasi ziren eta, hasiera batean, lau hilabete eta erdiko epea zehazten du proiektuak. Baina, zenbateko lana den eta oraindik falta dena ikusita, litekeena da luzatzea.

Erlazionatuak