Frankismoak errepresaliatutako Urolako burdinbideko langile eta senideen bila dabil Aldundia, omenaldia egiteko

Baleike 2016ko abe. 5a, 14:03
Argazkia: historiastren.blogspot.com

Gipuzkoako Foru Aldundia frankismoak errepresaliatutako Urolako burdinbideko langileen eta senideen bila ari da, omenaldia egiteko. Zehazki, 1936 arte trenbide honetan lanean zebiltzan 123 pertsona eta euren familiartekoak dira, frankismo garaiko erakundeen 'garbiketa prozesuan' enplegua galdu eta jazarriak izan zirenak eta egun arte aitortzarik gabe zeudenak.

Omenaldia abenduaren 20an egingo da Donostiako Tabakaleran, 19.00etatik aurrera, eta langile eta senideei gonbita luzatzen ari da foru erakundea.

Langile gehienak Azpeitia eta Zumaiakoak dira, trenak zeharkatzen zituen herrietakoak hain zuzen. 123 langile hauetatik, 40 azpeitiarrak dira, 30 zumaiarrak, 19 zumarragarrak, 18 azkoitiarrak eta 13 zestoarrak edo 1936an bertan bizi zirenak. Urretxukoa zen beste bat, eta donostiarrak gainerako biak. Langile edota familiartekoak 943 11 22 90 telefonora deitu dezakete harremanetan jartzeko.