M7 ONTZIRATU

Abenduaren 13an emango dira udaberrian egingo den herri galdeketaren xehetasunak

Baleike 2016ko abe. 2a, 22:39

Ontziratu taldearen lokala inauguratu dute gaur arratsaldean. Aita Mari auzategian, Ostolaza burdindegia zegoen lokalean kokatuko egoitza hau. Maiatzean egingo den herri galdeketa aurrera eramateko sortuko diren batzordeen lanak bertan egingo dira.

Azaroaren hasieran aurkeztu zen taldea eta hilabete geroago inauguratu dute lokala. Patata tortila pintxoak eta bizkotxoa, ardoa, sagardoa eta ura izan dituzte zain bertaratu diren herritarrek. Bertsoak ere ez dira falta izan: Maialen Velardek eta Unai Gijarrok beraien artea erakutsi dute inguratu direnen pozerako. 

Lana egiteko ordua ere heldu da, maiatzerako herri galdeketarako prest izateko. Ekitaldian adierazi denez, abenduaren 13an, asteartean, 19:00etatik aurrera, Zarauzko Modelo zineman, eskualderako aurkezpen komun bat egingo da. Gogoratu zortzi herritan egingo dela galdeketa hau udaberrian: Orio, Zarautz, Getaria, Zestoa, Azkoitia eta Zumaian iragarri zen hasieran; hauei Aizarnazabal eta Errezil gehitu zaizkie. Azpetiarren lekukoa hartuko dute sei udalerri hauek. Egun horretan Zarautzen egingo den aurkezpenean galdeketan luzatuko den galdera emango da ezagutzera. Baita beste hainbat detaile ere. 

Bestalde, abenduaren 17an, larunbatean, sinadura bilketa egingo da. Gutxienez zumaiarren % 10en babesa lortu beharko da, hau da, 1.000 sinaduratik gora jaso behar dira, galdeketan zilegitasun osoa izan dezan. Kopuru horretara heltzeko lanean hasiko dira egun horretan. 

Hori guztirako finantziazioa lortzeko, mariskada bat zozkatuko dute eta txartelak euro batean izango dira salgai. "Mariskoa gustukoa ez baduzue ere, txartelak erostea eskatzen dizuegu", adierazi dute taldekide batek bertaratutakoen barre artean. 

Lan hauek guztiak egiteko boluntarioak ere behar direla azaldu dute eta horien izenak ere jasoko dira. 

Erlazionatuak