Izaskun Ruiz Ibarra: “Hitz eginez ateratzen ez zaizkidan hitz horiek idaztea gustatzen zait”

Baleike 2016ko abe. 2a, 17:40

Izaskun Ruiz Ibarrak (Zumaia, 1982) irabazi du Julene Azpeitia 29. ipuin lehiaketako bigarren saria. Lehen aldiz hartu du lehiaketa honetan parte eta epaimahaikideen ustetan, zumaiar onenaren saria bakarrik ez, bigarrena irabazteko merituak baditu Sentitzen dut, baina… ipuinak. 

Gerra egoera batean dagoen herri batetik Europara etorri nahi duen errefuxiatu batean paperean sartu da. 

Noiztik idazten duzu?

Betidanik gustatu izan zait. Hasiera batean olerkiak, ipuinak baino gehiago. Batez ere Institutu garaian hasi nintzen olerkiak idazten eguneroko bat izango bazen bezala. Denbora librea nuenean idazten nuen. Zarautzen ikasi nuen eta Zarauzko lehiaketa batera, Lizardira, aurkeztu nintzen. Olerkien mailan bigarren sari bat irabazi nuen. Baina ez zen hau bezain handia. Lehiaketa askotara ez naiz aurkeztu. 

Julene Azpeitian parte hartzen duzun lehen aldia al da?

Bai, lehenengo aldia da. Beno, txikitan San Telmo lehiaketara aurkeztu nintzen, baina Julenera lehen aldia da. Sorpresa handia izan da. Probatzeagatik aurketu nintzen, ea zer gertatzen zen. Esan zidatenean zumaiar onenarena ez, bigarren saria emango zidatela… Zumaiarren sarirako aukera gehiago izango nituen, gutxi aurkezten dira eta, baina bigarren saria irabaztea sorpresa handia izan da. 

Gehienbat olerkiekin aritzen zarela diozu. Nolatan okurritu zaizu orduan ipuin bat idaztea?

Udan ospitale batean egiten dut lan, laboratorio batean, eta aurten gaueko txanda asko tokatu zaizkit. Horrek denbora libre gehiegi ematen dizu. Pentsatzen aritu nintzen ea aurkeztu eta zer gaiekin izan zitekeen, eta albistegietan ikusitako gai horrekin, errefuxiatu baten paperean jartzea okurritu zitzaidan. 

Laboratorio batean lan egiten duzu?

Biologia ikasi dut, baina urtean zehar akademia bat dut klase partikularrak emateko, Lur ikasketak, eta udan laboratorio batean egiten dut lan, teknikari bezala. Gaueko ordu luze horietan idatzi nuen. Ezin lorik egin, telebistan ez zen ezer egoten, irakurtzeaz ere aspertuta, azkenean idazten hasi nintzen. Olerkiak idatzi beharrean, ipuin bat idatzi nuen. 

Gai bezala errefuxiatuen gaia hartu duzu. Hedabideetan agertu eta desagertu dabilen gaia.

Hori da. Baina hor segitzen du. Badirudi gaia desagertu dela, baina ez da hala, arazo izaten jarraitzen du. Pertsona hauek laguntza behar dute eta ikusita Europatik ze tratu ematen ari zaien, lagundu beharrean gero eta traba gehiago jartzen zaizkie. Pentsatzen jarri nintzen: imajinatu ni naizela. Azkenean ipuinean hori diot, zer zorte dugun gauden lekuan jaiota. Jaiotzen zaren lekuaren arabera, etorkizun bat duzu edo bestea. Ni han jaio izan banitz, hori dena bizi beharko banu eta gainera traba horiek guztiak izango banitu… Horren paperean jartzen saiatu naiz. Telebistan albisteetan ikusten duzu, momentu horretan pena ematen dizu, baina berehala ahazten zara. Baina, neurri batean edo bestean, lagundu behar da. 

Lehen pertsonan kontatzen duzu ipuina, pertsonaiaren gorputzean sartu zara. 

Nik uste lehen pertsonan kontatuta irakurlearengana gehiago hurreratzen zarela. Nik hori ez dut bizi izan, baina haren paperean sartu nahi izan dut. Errefuxiatu horiek jasan dituztenak ikusita, nola sentituko nintzen islatu nahi izan dut. Kanpotik ikusten baduzu, askotan hotzagoa da. Lehen pertsonan idatzi dut enpatia gehiago izateko. 

Tragedia bat da kontatzen duzuna, baina ez duzu drama kargatu, ez duzu sentsazionalismoan erori nahi izan.

Konturatu naiz, gainera, lehen ipuinarekin alderatuta nirea oso motza dela. Ez dakit izan den ohituta nagoelako olerkiak idaztera, baina ez, ez nuen gehiegi kargatu nahi. Zuzenean joan nahi nuen muinera. 

Azken hilabeteotan kolpatu gaituzten irudiekin egiten dugu topo ipuinean: hondartza batean itota agertu zen Aylan haurra, Hungariako kazetaria…

Bai, horiek berreskuratu ditut. Baita itotako errefuxiatuez beteta agertu zen kamioi-hozkailua ere. Asaldatu gintuzten kontu haiek berreskuratu nahi izan ditut gogoratzeko oraindik ere kontu hauek gertatzen ari direla, nahiz eta orain ez ditugun entzuten. 

Gure gizartea halakoa da, une batean zerbaitek asaldatzen gaitu, sare sozialetan gure nahigabea erakusten dugu, baina bost minuturako ahaztuta dugu. 

Bai, eta gero erasoa non izan denaren arabera gehiago asaldatzen gaitu. Frantzian izan delako denok samina erakusten dugu, baina Sirian halakoak egunero gertatzen dira. Eta horrek berdin dio, han gertatzen da eta. Maila desberdinak daude. Baina, heriotza azkenean denontzako berdina da.  

Arrazakeria ere tartean dago, eta hori Siriatik etorri nahi duten errefuxiatuak, azal zurikoak izateaz gain, erdi mailako klasekoak direla…

Horregatik, ipuinean sartu dudan pertsonaiak lan on bat du. Erakutsi nahi dut ez direla denak behartsuak. Errefuxiatu bihurtu diren hauek beraien bizitza eginda zuten. 

Desesperazioaren kronika edo bidaia ikusten dut ipuinean. 

Hasieran esperantza batekin doaz, bestela ez ziren joango. Baina iristen zarean ikusten duzunean zer modutan heldu zaren… 

Itxaropen hori agortzen doa amaierara heltzerako.

Zerbait gordina kontatu nahi nuen eta alde horretatik, bai, pixka bat gordina izan nahi nuen. Bukaera tragiko bat nahi duen, normalean kontrakorik ez da eta izaten. Egia da esperantza minimo bat izan behar duela, baina nik ez diot eman. 

Kazetariei ere pare bat masaileko ematen dizkiezu. Errefuxiatu hauen inguruan dabiltzan putreak ez dira mafiak bakarrik, baita argazki pare bat atera ondoren bizkarra ematen diena ere. 

Ez dut esan nahi denak berdinak direnik. Argiez eta koloreez idazten dudanean horri buruz doa. Noski dagoela jende hona han, laguntzera joan dena, medikuak, kazetariak, baina gutxi dira eta argi zuri hori berehala zikintzen da eta besteak nagusitzen dira. 

Eta ipuin honekin saria lortu ondoren, orain zer egin behar duzu?

Ez dut denbora libre asko, baina bai, beste zerbait idaztera animatzen nau. Ea zer gai aukeratzen dudan. Olerkiak, bai, olerkiak joango naiz idazten, baina horiek pertsonalak dira. Batzuk niretzako dira, beste batzuk alaba handiagoa denean berak irakurtzeko. Hitz eginez ateratzen ez zaizkidan hitz horiek idaztea gustatzen zait. Oso lotsatia naiz eta jendaurrean hitz egiterakoan ez zaizkit ateratzen. Hitz horiek paperean jartzen ditudanean, behintzat hor daude jasota. Hitz egitea ez zait asko gustatzen.