Inazio Tolosa: “Umoreak kolore asko ditu eta puntu komun bat: barre egitea”

Baleike 2016ko abe. 1a, 14:11

Ray eta Nick bueltan dira. Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak sortutako pertsonaiak izango ditugu bihar, ostirala, Aita Mari zinean (22:00etan), Putinen guardasola antzezlanean. Xentimorik gabe antzezlanarekin hasitako bidearen hirugarren kapitulua da hau. Antzezlanari eta, oro har, umoreari buruz hizketan izan gara Inazio Tolosarekin.

Putin, guardasola, ereserkia... A zer nahasketa!

Gure anabasa bat da, besterik ez!

Zer da antzelanean kontatzen dena?

Gu Ray eta Nick gara, antzezlaneko bi pertsonaiak. Eusko Jaurlaritzak bidali gaitu bilatzera euskaldun guztiok batuko gaituen ereserkia. Lan hori serio hartzen dugu eta munduan dauden ereserkien funtsaren bila abiatzen gara. Sistema berezi bat daukagu, oso zientifikoa dena, hori guztia egiteko. Kontsentsu handikoa dena: dona dona katona, eta tokatzen dena. Horrekin munduan zehar gabiltza. Basamortuan, Mexikotik pasatzen gara… Beste abentura bat da.

Xentimorik gaberen hirugarren kapitulua edo atala da. Pentsatzen al zenuten lehenengoa sortu zenutenean, hirugarren batera helduko zinetela?

Ba ez. Bat egin genuen eta bi urtera galdera egin genion elkarri ea bigarren bat egiteko prest geunden. Jarraitzen dugu, gustura gaude, ongi funtzionatzen du eta herriz herri gabiltza gure titiriteroen mundu honetan. Horretarako oso baliagarria egiten zaigu. Jarraitzen dugu ahalik eta ongoen eta dibertigarriagoan egiten. Beti dago musika, komedia, absurdoa eta hori dena uztartuz egiten dugu lan.

Gaur egungo gaietan oinarritzen al zarete antzezlana muntatzeko? Egunerokotasunean absurdoa nagusi delako diot hau.

Bai, egin zitekeen. Bai, badu gaur egungoarekin lotura, baina ez gara bereziki kritikoak edo zorrotzak. Gurea da absurdoa absurdoagatik. Xentimorik gabe agian absurdoagoa zen. Orain badugu ildo naturalago bat. Badu hasiera eta bukaera bat eta obra jarraitu egin behar da. Baina badu inprobisazioko puntu hori. Ematen du zenbait gauza asmatzen ari garela… eta agian egia da!

Musika ere sartzen duzue zuen lan hauetan. Erraza al da era natural batean integratzea, ez izatea fortzatutakoa.

Ez, baina batzutan musika bera da abiapuntua. Musika historiaren hezurduran dago sartuta. Ez da gero obrari itsatsi zaiona. Agian badu musikalen puntu hori; musikal dekadentearen puntu hori badauka. Ez dugu hori ukatuko. Aintzinako kabaretekoa, music hallekoa… Egon badaude oraindik halako ikuskizunak. Umorea lantzen duzue.

Umorea beharrezkoa al da?

Umorea beharrezkoa da, bai bizitzeko, bai egotekoa eta lan egiteko ere bai.

Umoreak zer ematen dizu?

Plazer bat da. Umorearekin jolastea dibertigarria da. Ikuslearekin komunikatzen bazara, behintzat. Oso dibertigarria da, bai egiteko, bai sentitzeko, bai ikusteko ere.

Zure genero gogokoena izan daiteke, agian?

Badago kondena bat ere. Ezin ditugu gauza asko egin, zoritxarrez. Aukera zabalagoa izango bagenu, gehiago egingo genuke. Drama bat egin nuen orain denbora bat, Zu gabe, heriotzari buruz zena. Aukeran nahiago umorea, baina ez nago beste generoetara itxita. Komediarekin errazagoa ere bada herriz herri ibiltzeko. Komertzialagoa ere bada, nolabait esanda.

Ramonekin berriro lanean. Zer nolako harremana da zuena?

Nik uste ondo moldatzen garela musika aldetik. Berak kantatu egiten du; oso kantuzalea da, beti egon da kantu giroan. Orain 30 urte antzezlan bat egin genuen eta elkarrekin joaten ginen kotxean. Hainbeste ordu kotxean, zerbait egin behar zen eta kantuan hasten ginen. Konturatzen zara kantuaren feeling hori badagoela. Ez bakarrik ondo kantatu, umorearekin kantatu.

Zuen umorea parekoa al da?

Oso umore desberdina dugu. Nik uste ni gehiago moldatzen naizela bere umorera, Ramon nirera baino. Gauza askotan bat egiten dugu, baina beste puntu zorrotzetan ez hainbeste. Berak idazten du, baina sorkuntza lana hiruron artean egiten dugu: Asier Sota zuzendariak, Ramonek eta hirurok. Asierrek zuzendu ditu hiru lanak eta berak ere oso umore berezia du. Umore kontua oso partikularrak dira. Batzuk oso txistezaleak dira eta ni ez naiz inoiz txiste baten musika horrekin geratzen. Umoreak kolore asko, gama asko ditu eta era berean badago, noski, puntu komun bat: barre egitea. Umoreak badu bere ideologia eta baita etika ere.

Aurreko ikuskizunekin alderatuta, zer desberdintasun ditu hirugarren honek?

Bigarrena zen Ez dok amairuren historia. Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Mikel Laboarekin, haien kantekin jokatzea. Bizitza paralelo bat asmatu genuen: gu Ez dok amairu taldekoak ginela, argazkian ez ginela azaldu, baina han geundela. Ikuspegi pertsonala erakusten genuen, nahiz eta dena gezurra zen. Oraingoan enkargu bat egin digute eta gu, sano-sano, enkargu hori betetzera goaz.

Euskal kulturari keinuak egiten dizkiozue zuen lanetan.

Bai, abiapuntua beti da euskal kultura. Nik uste gure obrak beste hizkuntza batean egingo balira, % 60 galduko lukete. Ez ziren ulertuko eta beste joko batzuek asmatu beharko ziren. Gure mugetatik kanpo zentzuri ez zuten izango, baina horren falta ere sumatzen nuen. Bada nazioarteko umore bat, pelikuletan eta ikus daitekeena, baina hemengo umore zuzena ez da erraza aurkitzen. Hau bada aukera bat hemengo umorea ikusteko.

Izango al da laugarren kapitulurik?

Ez dakit, baina esango nuke baietz. Harrera ona du, ondo funtzionatzen du eta baiezkoan nago. Hau iazko azaroan aurkeztu genuen eta hemendik urtebetera egin beharko genuke beste. Abiapuntu bat behar izaten da eta horren atzetik entseatzea eta musikak probatzea.

Aktore bezala, zer unetan aurkitzen zara?

Ondo. Azaro honetan lana topera daukat. Hala izaten da. Iparraldeko talde amateur baten lan bat zuzentzen ari naiz [egun horretan bertan joan behar zuen]. Xabier Mendigurenen Telesforo ez da Bogart ari gara egiten eta abenduaren 17an estreinatuko dugu. Gero, Pirritx eta Porrotxen ekoiztetxearekin Haizearen herria lana egingo dugu. Manolo Urbietaren kantuetan oinarritutakoa da. Manolo hil aurretik sortutako lana da eta prestatzen hasi aurretik joan zitzaigun.

Erlazionatuak

Putinen guardasola

Baleike 2016 aza 21 Zumaia