Game of Thrones

'Game of Thrones'-eko lan baldintzak salatu ditu langile talde batek

Baleike 2016ko aza. 29a, 16:18
Irudia: Tere Garcia/Vozpopuli

Caceresko (Extremadura, Espainia) errodajean gertatu da: extra lanetan ari den langile batek jarri du salaketa Lan Ikuskaritzan, beste 50 langileren babesarekin. Game of Thrones-eko casting-ak antolatzen dituen ModExpo agentziaren kontra jarri du salaketa, lan baldintza irregularrak medio. Zumaiako errodajean ere ModExpo agentzia arduratu zen casting-az.

Zumaiako errodajea amaituta, Sevillako Santiponce herrian jarraitu zuen Game of Thrones telesaileko grabaketak; handik Cacesesko Malpartida herrira joan ziren azaroaren 15ean, eta gaur egun han ari dira zazpigarren denboraldirako eszenak grabatzen, abenduaren 13ra arte. El Periódico de Extremadura eta Vozpopuli komunikabideek argitaratu dutenez, errodajean extra lanak egiten ari den langile batek salaketa jarri du, lan baldintzak direla eta.

Egunean 14 eta 15 orduko lanaldiak egiten dituztela dio Pablo Serranok bere salaketan, eta ez dizkietela ordu guztiak ordaintzen. Gainera, atseden hartzeko eta otorduak egiteko baldintza eskasak ere salatzen ditu, besteak beste. Zumaiako errodajean ere entzun ziren ahots kritikoak lan baldintzengatik, baina orain arte inork ez zuen salaketa jartzeko urratsa egin. Hemen irakur ditzakezue El Periódico de Extremadura eta Vozpopuliren albisteak:

El Periódico de Extremadura

Vozpopuli