Azaroaren 29tik abenduaren 4ra izango da Euskararen Astea

Baleike 2016ko aza. 28a, 11:27

Euskararen Aholku Batzordearen babesarekin, era askotako ekintzak antolatu ditu Zumaiako Udalak Euskararen Asterako, azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitartean: euskarazko filmak, musika, antzerkia, olerkiak...

Aurten, azpimarratzekoa da larunbat eguerdirako antolatu den ekitaldia: EUSKARARI BURUZKO DESIOEN ZUHAITZA. 12:00etan Ondartxo plazan elkartuko da jendea eta, trikitilariek lagunduta, kalejiran joango dira Beheko plazara, Torreberri aurrean Zumaiako elkarte eta taldeen desioak jarri eta denen artean zuhaitza osatzera. Amaieran, mokadutxo bat emango da.

Egitarauan azaltzen diren ekintzez gain, bada beste bat: 2017ko egutegi bana jasoko dute abenduaren 2an haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako 4. mailara arteko ikasleek, etxera eramateko. Datorren urtean landuko den gaia Zumaiako etxeen izenak izango da.

AZAROAK 29, ASTEARTEA
- 19:00etan, Aita Mari zineman, Jon Maiaren dokumentala, zuzendariak berak aurkeztuta: Gutik Zura. Sarrera dohainik.

ABENDUAK 1, OSTEGUNA
- Arratsaldeko 19:00etan, Alondegian, Julene Azpeitia 29. ipuin lehiaketako sarien banaketa; ondoren, Lekord taldearen Sokak ikuskizuna.

ABENDUAK 2, OSTIRALA
- Gaueko 22:00etan, Aita Mari zineman, Putinen guardasola antzezlana, Inazio Tolosa tartean dela.

ABENDUAK 3, LARUNBATA
- 12:00etan Ondartxo plazan elkartu eta Erribera kalean trikitilariekin kalejira Beheko plazaraino
- 12:15ean Torreberriko aterpean, herriko talde eta elkarteen eskutik, euskarari buruzko desioen zuhaitza.
- Amaitzeko, denentzat salda eta mokadutxoa.

ABENDUAK 4, IGANDEA
- 16:30ean, Aita Mari zineman, euskarazko filma haurrentzat: Ozzy.