Alex Uranga: "Gogor lan egin eta gero, etorri dira emaitzak"

Baleike 2016ko aza. 27a, 18:14
Alex Uranga –eskuinean– Azore Uharteetako Sao Miguelen, lagunekin mahai baten bueltan garaipena ospatzen.

Europako txapela irabazita, segituan uretara bueltatu da Alex Uranga, Atlantikoak gaur eskainitako "olatu bikainak" aprobetxatzera. Olatu gosea asetu duenean, lagunekin mahaiaren bueltan eserita, Azoreetako txapelketaz eta urte amaiera zoragarriaz hitz egin digu.

"Egia esan, nire egutegian ez neukan aurreikusita Azoreetako txapelketa honetara etortzea, baina Zumaiako garaipenaren ondoren, hura ospatzen ari ginela, lagun taldetxo batek etortzeko plana egin genuen", azaldu du Alexek telefonoaren bestaldetik. Eta txapelketa "ezin hobeto" joan da. "Azore Uharteak Atlantikoaren erdian daude eta hemen eguraldia eta itsasoa oso aldakorrak dira; baina zortea izan dugu eta olatu onak, haize egokia eta eguraldia ere alde izan ditugu", hasi da esplikatzen. Txapelketan, orohar, maila handia egon dela azpimarratu. "Zumaian eta Azoreetako honetan maila oso ona egon da, puntuaketa oso altuak kanporaketa guztietan; bi txapelketak oso ikusgarriak izan dira eta uste dut Europako bodyboardarentzat oso onak izan direla".

Hasieran batean Azoreetara joateko asmorik ez bazuen ere, onartzen du Europako Tourra irabazteak ilusio handia egin diola: "Iaz arazoak izan nituen lesioekin, baina aldez aurretik bi aldiz bigarren geldituta nengoen, Pierre-Louis Costesen atzetik, eta banuen txapelketa hau egunen batean irabazteko gogoa". Costes Azoreetan izan da, baina ez dira buruz-buru lehiatu, Costes bere finalaurrekoan laugarren gelditu baita. Brahim Idouch (Zumaian finalista), Daniel Fonseca eta Nicolas Rossner izan ditu aurkari finalean.

Alex Uranga Azore Uharteetako probako podiumean, beste hiru finalistekin. 

"Orain bai, orain denboraldi bukatutzat eman dezaket" dio gustura. Pozik egoteko moduan da, Munduko Zirkuituan bosgarren, Brasilgo Itacoatiara Pro irabazita, eta Europako txapeldun, palmaresa ederki loditu du aurten. "Denboraldia hain ondo amaitzea motibazio gehiagarria da datorren denboraldirako. Gogor lan egin eta gero, etorri dira emaitzak. Eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didaten guztiei, eta ea datorren urtean emaitza hobeak datozen".