"Berdintasun plan bat ez da bideragarria emakumeek parte hartzen ez badute"

Baleike 2016ko aza. 23a, 11:45

Azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzen baitan Berdintasun Foroaren inguruko mahai-ingurua egin da. Emakumeen ahalduntzean Foroak egindako lana goraipatu zen.

2009. urtean lehen pausoak eman zituenetik gaur egunera arte egindako lanen berri eman zuen Zumaiako Berdintasun Foroak asteartean, Azaroak 25, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira antolatutako ekintzen baitan. Emakunderen autobus ibiltarian egin zen mahai-ingurua. Arratsalde osoan zehar botatako euri zaparraden eragina nabaria izan zen ekitaldiko parte-hartzean. Hamar bat lagun besterik ez zen hurreratu Foroaren berri jakitera.

Karmele Gomez udal berdintasun teknikariak nabarmendu zuenez, gizon eta emakumeen paperak azken hamarkadatan aldatu bada ere, ez dira "nahi adina aldatu". "Beharrezkoa da emakumeen parte-hartzea esparru publikoan eta ahalduntze horretan lan handia egin du Foroak. Berdintasun plana egin da, baina hori gauzatzea ez da posible izango emakumeen parte-hartzerik gabe. Berdintasun plan bat ez da bideragarria emakumeek parte hartzen ez badute", gaineratu zuen.

Atzo egin zen ekitaldiaren funtsa Forora emakume gehiago erakartzea izan zela adierazi zuen. "Zergatik ez dute gizonezkoek parte hartzen? Ez dugu ghettorik nahi, baina beharrezkoa da lehenbizi emakumeekin lan egitea. Agian, gero, gizonezkoen talde bat sortuko da, Hernanin egin den bezala. Baina, emakumeentzako espazio bat egotea beharrezkoa da", azpimarratu zuen.

2009. urte hartatik Foroko kide izan da Tere Eizagirre. Lehen Berdintasun planaren atarian emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren inguruko diagnostiko bat egiteko deitu zutela esan zuen. Foro bat izatea “beharrezkoa" ikusi zuen eta Udalean bertan arlo guztietan berdintasuna lantzearen aldekoa agertu zen. "Foroak ikuspegi horiek debatitu ditu eta gero iradokizunak luzatu dizkiete udal teknikariei".

Berdintasunarekin lotutako gai batzuen inguruan sentsibilizatzea ere Foroaren ardura dela uste du. "Tratu txarren arazoa agerian dago, baina badira beste gai batzuek, zaintza, lana, beste era batera ikusten direnak. Ahalduntze horretan lan egin behar da".

Urte hauetan antolatutako ekimenen berri eman zuen jarraian Eizagirrek. "Autodefentsa ikastaroa antolatu genuen eta baita autoestimuaren inguruko lan batzuk ere bai. Iaz Debekatutako Hiria ekimenaren baitan emakumeek beldurra pasatzen duten leku batzuk identifikatu ziren. Emakumea eta kirolaren arteko ikerketaren lehen pausoak eman ziren eta orain zaintzaren inguruko beka bat ere eman du Udalak. Horren inguruan lan egingo dugu etorkizun hurbil batean".