Alex Uranga nagusitu da Itzurunen

Baleike 2016ko aza. 20a, 22:00
Maniobra ikusgarriak egin ditu Alex Urangak txapelketa osoan. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Alex Urangak irabazi du gaur Itzurunen jokatu den Zumaia Bodyboard Pro 2016, Europako Zirkuituko proba. Goizeko bederatzietan hasi eta etenik egin gabe 16:00ak arte jokatu dira kanporaketa guztiak, eta Alex Uranga izan da egun osoan onena, baita finalean ere. Maxime Castillo frantziarra eta Brahim Iddouch eta Anas Haddar marokoarrak finalean aurkari gogorrak izan diren arren. Bestalde, lau emakumek hartu dute parte lehen aldiz Itzurungo txapelketan, eta Johana Shenker portugaldarra izan da onena.

"Itzurun gaur portatu da", esan du Alexek finala irabazi berri, pozez gainezka. "Aste zaila izan da guztiontzat, ez genekielako txapelketa jokatzerik izango zen, baina azken egunean olatu ederrak izan ditugu eta gozatu egin dugu uretan", jarraitu du. 2012an eta 2013an ere jokatu zen Europako Zirkuituko proba Itzurunen, eta orduan Pierre-Louis Costes nagusitu zitzaion. Munduko txapelduna faltan bota du gaur Alexek: "Hasiera batean etortzekoa zen, baina azken hartu-emanean esan zidan saihets bat minduta zeukala eta atseden hartzea erabaki zuela; pena bat izan da, gaur hemen ikuskizun are handiagoa izango genuke eta berarekin".

Beste frantziar bat, Maxime Castillo izan da finalean Alex gehien estutu duena. Zumaiarrak saio ederra egin du, txapelketa osoan bezala, olatu guztiak bikain errematatuz. Castillok zailtasun gehiago izan du, batik bat, lekua berreskuratzeko, baina olatu batean finaleko puntuaketa altuena lortu du (9 puntu), eta txapela 6.75era eduki du hainbat minutuz. Castillok, ordea, leher eginda amaitu du, azken minutuak olatuen kontra lekua hartu ezinik pasa baititu. Finalera iritsi diren bi marokoarretatik Brahim Iddouch izan da onena finalean. Anas Haddarrek gogotik sufritu du, hotzari aurre egin ezinik.

Gainontzeko zumaiarren artean, Alex Odriozola finalaurrekoetara iritsi da, baina finalean sartzeko gainditu beharreko azken koskan ez du zorte handirik izan. 

Bestalde, lehen aldiz emakumeen txapelketa ere jokatu da aurten. Lau parte-hartzaile baino izan ez diren arren, urrats esanguratsua izan da txapelketarentzat. Joana Shenker izan da irabazlea, Teresa Almeida eta Carina Carvalhoren aurretik, portugaldarrak hirurak; laugarren postua Rebeka Antia donostiarrarentzat izan da.

Zumaiako proba jokatuta, datorren asteburuan Azore Uharteetan jokatuko da Europako Zirkuituko azken proba. Alex Urangak hasiera batean ez zuen joateko asmorik, baina gaur Zumaian irabazita ziurrenik han izango da, Europako Zirkuitua baitago jokoan. Gainera han bai, han izango omen da Pierre-Louis Costes.

Errifako zenbaki saridunak

ZISKEk antolatutako errifako zenbaki saridunak hauek dira: lehen saria (asteburu pasa landetxe batean), 1.200 (ordezkoa 1.000); bigarren saria (bi lagunentzat afaria Beduan), 1.345 (ordezkoa, 0124).

Erlazionatuak