Tapa Pala!

‘Tapa pala!’ saioa saritu dute Tokikom Jardunaldietan

Baleike 2016ko aza. 14a, 18:12

Traineru denboraldian Felix Aizpuruaren arraun hausnarketekin egindako Interneteko Tapa pala! saioak epai-mahaiaren sari berezia jaso du, “baliabide gutxirekin, baina mimo eta kontu handiz, saio ezin duinagoa osatu dutelako egileek”, epai-mahaiaren hitzetan. Tokiko komunikabideen etorkizuna aztertu dute gaur Arrasateko Garaia berrikuntza zentroan egin diren Tokikom Jardunaldietan.

Zer funtzio betetzen dute eta zein bete beharko lukete tokiko komunikabideek? Edukiak, teknologia berriak, diru iturriak, testuinguru berria... Aurrera begirako erronkak izan dituzte gaur hizpide Tokikom Jardunaldietan bildutako ehundik gora aditu eta profesionalek. Marketinaz, edukiez eta teknologia berrien aukerez hamahiru hitzaldi entzun ahal izan dira gaur goiz partean, guztien artean tokiko hedabideon erronken eta aukeren mapa marrazteko asmoarekin. Hitzaldi guztien edukiak bideoan ikusgai izango dira laster Tokikom.eus webgunean. 

Baina erronkak aztertzearekin batera, azken urtean egindako lanak saritzeko beta ere hartu du Tokikomek. 104 lan aurkeztu dira sariketara, eta hauek izan dira sarituak: Uribe-Kostako Hiruka aldizkariak jaso du azal onenaren saria; Usurbilgo Noauak edukirik onenaren saria, Udarregiren omenez gehigarri bereziarengatik; Goienarentzat izan da ikus-entzunezko onenaren saria, Barruak astintzen dokumentalagatik; eta Baleikerentzat izan da epai-mahaiaren aipamen berezia, traineru denboraldian aurten ekoiztutako Tapa pala! saioarengatik.

Horrela arrazoitu dute saria: “Zumaiako agerkariak traineru denboraldian argitaratutako bideo sorta da Tapa pala!. Hamabi bideo laburrez osatutako saioa egin du Felix Aizpurua arraunzaleak, traineru denboraldian, kirola hobeto ezagutzeko eta ulertzeko azalpenekin, helburu didaktikoarekin. Baliabide gutxirekin, baina mimo eta kontu handiz, saio ezin duinagoa osatu dute egileek”.

Bideoan ikus dezakezue Felix Aizpuruak Arrasate alkate Maria Ubarretxenaren eskutik saria jaso duen unea, eta ondoren esan dituen hitzak.