Enplegu zentroa zabalduko da Zumaian

Baleike 2016ko aza. 11a, 15:51
Ezkerretik, Maider Ibarbia, Igor Iturain, Oier Korta eta Vanessa Garcia.

Enplegu Zentroak ostegun honetan zabalduko ditu ateak Zaharretxeko lehen solairuan. Hilero hirugarren ostegunean izango da zabalik. Lana aurkitzeko eta enpresentzako bulego bana izango da.

Ostegun honetan, hilaren 17an, zabalduko ditu ateak Enplegu zentroak Zumaian. Zerbitzu berri hau Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean prestatu du Zumaiako Udalak. Eusebio Gurrutxaga plazako Zaharretxeko lehen solairuan txukundutako bi gelatan kokatuko da eta, printzipioz, hileko hirugarren ostegunean izango da zabalik, goizetan, 09:00etatik 13:00etara.

Langabezian dauden herritarrei eta enpresa bat zabaldu nahi duten lagunei zerbitzua ematea duela helburu adierazi dute udaleko eta Udal Elkarteko ordezkariek goizean egin den aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira Oier Korta Zumaiako alkatea, Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain, enplegu zerbitzuko arduradun Maider Ibarbia eta laneratzeko teknikari Vanessa Garcia.

Bi zerbitzu desberdin eskainiko dira gune berean. Batetik, langabezian daudenei lan orientaziorako laguntza eskainiko zaie eta, bestetik, enpresa berria sortu nahi duten pertsonei, edo, dagoeneko martxan egonda, hobekuntzak ezarri nahi dizkietenei aholkularitza zerbitzua emango zaie. Hasiera batean hilean behin zabalduko ditu ateak eta izaten duen erantzunaren arabera erabiko du Udalak zerbitzua areagotzen duen edo bere horretan mantentzen duen.

Doitutako bi bulegoetako batean zenbait ordenagailu jarriko dira lanik gabe daudenen eskura. Bertan, lan eskaintza kontsultatzeko aukera izateaz gain, laguntza eskainiko zaie "lana bilatzeko prozesuan erabiltzaileen helburu profesionalak identifikatzeko, norberaren gaitasunak indartzeko edo curriculum egokiena aukeratzeko", nabarmendu du Ibarbiak. "Laneratzea erraztea da helburu nagusiena", gehitu du.

Zaharretxearen sarreran lan edo ikastaro eskaintzen berri emango duen iragarki-taula bat jartzeko asmoa ere erakutsi dute ekimenaren bultzatzaileek.

Bigarren bulegoan enpresa sustapeneko zerbitzua kokatuko. Oraindik eratu gabeko edo hasiberriak diren enpresentzat zuzendutako zerbitzua izango da. "Martxan dagoen denda edo enpresa batek informazioa nahi badu, etor daiteke eta Udal Elkarteak dituen beste zerbitzuetara bideratuko genituzke», gaineratu du.

Bilerak ahalik eta eraginkorrenak izateko, aurrez izena ematea gomendatu dute, harrera@urolakosta.eus helbide elektronikora deituta edo Udal Elkarteko 943890808 telefono zenbakira deituta.

"Udal Elkarteak berak eskaintzen dituzten zerbitzuak herritarren eskura jarri nahi izan ditugu", azaldu du Kortak. Pozik dago zerbitzua martxan jartzearekin, hauteskunde-programan jasotzen zen puntuetako bat abian jarriko delako. "Enplegu sustapena zen gure ardatzetako bat eta zoriontsu gaude bi bulego hauek zabaltzen ditugulako. Herriaren hurbil egon behar dugu. Langabezia tasak behera egin du; datuak ondo daude, baina zenbaki horien atzean pertsonak daude. Gure eskumenak ez dira oso handiak, baina ahal dugun guztia egin behar dugu".

Udal Elkartea hurbildu

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia udalerriek osatzen duten Urola Kostako Udal Elkartea Zumaiara hurreratzeko asmoa ere badago zerbitzu hau zabaltzearen atzean, lehendakari Igor Iturainek azaldu duenez. "Badago halako barrera bat beste lau herriak eta Zumaia artean, agian urrutiena dagoelako. Herritarrentzat agian ezezagunak ere bagara; Mankomunitatea gara, baina gogorarazi behar da gure atzean bost herriak daudela eta udalek eskaintzen ez dituzten zerbitzuak ematen ditugula", esan. "Gure asmoa enpresetatik hurbil egotea da eta Zumaiako Udalak emandako lokal hauek erabiliko ditugu horretarako. Enplegu eta enpresa teknikari espezializatuak ditugu, herriek ez dituztenak. Hala, herrira eta merkatariengana hurreratzea lortzen dugu", azpimarratu du.

Udal Elkartearen Zarauzko egoitzatik kanpo muntatzen den lehen bulegoa da hau. "Badakigu langabezian dagoen jendeak baliabide handirik ez duela, kostatu egiten zaiola Zarautzera joatea, eta honekin gauzak erraztu nahi ditugu".