Imanol Yeregik Punta Galeako surf proban hartuko du parte

Baleike 2016ko aza. 9a, 13:59

Imanol Yeregi surflari zumaiarrak negu honetan jokatuko den Punta Galea Challenge proban parte hartzeko wildcarda (txartela) jaso du. Ez dago oraindik zehaztuta noiz jokatuko den txapelketa hau; olatuen arabera erabakiko da. 

Getxon jokatuko den proba hau polemikaz beteta egon da azken egunotan, are gehiago Axi Muniain zarauztarrak Facebookeko bere kontuan argitaratutako idatziaren ondoren. Bere esanetan, hautaketarako irizpiderik ez dago. "Bizkaiari lehentasun ulerkaitz bat ematen zaio Gipuzkoaren aurrean: 4 bizkaitar 2 gipuzkoarren aurretik. Gainera, aurreko batean Gipuzkoako ordezkoarekin hizketan esan zuen bi gipuzkoarretako batek uko egiten bagenuen, bizkaitar batek izango zuela gutakoak ordezkatzeko. Espero dut ez dela hala izango". 

"Dena oso itsusia egiten zait eta gauzak ondo egin beharrean, eta irizpide publiko eta garbi batzuen arabera olatu handietako Euskadiko onenak aukeratu beharrean, Bizkaia marka lehenesten dute nazioarte mailan Euskadi markaren aurretik. Eta oraindik ez dakizkigu gauza askoren zergatiak".

 

Muniaini wildcarda eskaini zioten Punta Galeako proban parte hartzeko, baina uko egin zion. Teorian, probaren arauen arabera, bizkaitar batek hartuko zuen bere lekua, baina, badirudi, Muniainen idatziak izan duela eragina eta zumaiar gazteari eskaini diote txartela. Imanol Yeregik Euskadiko txapelketa irabazi zuen pasa den irailean.