Gogortasunarekin bakarrik ez, sabotajearekin ere topo egin zuten ZTRko korrikalariek Apukon

Baleike 2016ko aza. 5a, 11:12

Zumaia Trail Running taldeko lagunek ez zuten esperientzia oso ona izan pasa den asteburuan Enkarterrietan jokatutako Apuko Extrem mendi lasterketan. Zumaiako taldeko hiru korrikalarietatik bi galdu egin ziren eta lasterketa utzi behar izan zuten. Lasterketaren gogortasunaz gain, sabotaje batekin ere topo egin behar izan zuten. 

ZTR talde Daniel Sanchez Hermosak eta Ruben Celada Mirandak 105 kilometroko lasterketa egiteko asmoa zuten, baina utzi egin zuten. “Lasterketa 90. kilometroan utzi gehuen, 15 kilometroren faltan eta 17 ordu gindoazela. Gauean balizen bila genbiltzala galdu ginen; sabotajea izan zen edo lekuz aldatu zituzten. Bi ordutan erabat galduta egon ginen eta balizek ez zuten bat egiten trackarekin. 90. kilometrora heldu ginenean, 100 kilometro eginda geundela, eta behea jota geundela, uztea erabaki genuen. Gehiena izorratzen duena da fisiko eta sailkapen aldetik oso ondo gindoazela; beti 30 onenen aurrean geunden, ondo gindoazen, baina bidearen bila ilunpean egindako bi ordu horiek behea jota utzi gintuzten. % 110a eman genuen, baina ez zen gure eskutan izan. Hurrengo batean izango da”. 

ZTRko lagunek diotenez, antolakuntza berak onartu zuen sabotaje hori izan zela. Hala, sabotajeagatik eta lasterketa beraren zailtasunagati, parte-hartzaileen % 60ak utzi zuen. 

21 kilometroko lasterketari dagokionez, Antonio Torres Cortesek 4:25:10 denborarekin amaitu zuen. “Oso, oso lasterketa gogorra izan zen, gehienbat Flysch Trailarekin alderatuta. Hura 22 kilometrokoa da eta 2:32:45 denborarekin amaitu nuen”.