baleike.eus

Bertako ekonomia hizpide

Baleike 2016-11-04 11:11   Ekonomia

Herritarrek bertako ekonomiaren nondik norakoak ezagutu eta horien inguruan hausnarketa egin dezaten, Ekonomia Gurean saioa antolatu du TOKIKOMek, Baleike, Erlo Telebista, Karkara eta Zarauzko Hitza-rekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Saioa asteartean izango da, 10:30ean, Zarauzko Arizbatalde kiroldegian.

Bertako ekonomia hizpide
Debagoienan egin zen lehen saioa; Urola Kostakoa izango da bigarrena. Argazkia: Goiena.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Urko Aristik gidatuko du solasaldia, eta tokiko garapenean eta ekonomian adituek parte hartuko dute saioan: Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Miren Estensorok, eta Urola Kostako ekonomia gertutik ezagutzen duten Anabel Juaristik eta Iñigo Ugartek.

Herritarrek protagonismo berezia izango dute saioan, «herritarrak izango baitira ohorezko jasotzaileak». Ekonomia Gurean hitzaldian biltzen diren herritarrek «gertutik ezagutu ahal izango dituzte ekonomia eta enpresa mundua, arlo horretan garrantzi handia izan duten eragileen eskutik. Zer gertatu den aztertuko dute, eta egoeraren irakurketa egin. Euskal Herri mailako datuak izango dituzte hizpide, baina gu bizi garen eskualdeko errealitatea ere ezagutzera emango dute», azaldu dute antolatzaileek.

Adituek Urko Aristiren galderei erantzungo diete, baina herritarren galde-erantzunetarako tartea ere egongo da.

Saioa zuzenean

Hizketaldia azaroaren 8an izango da, datorren asteartean, Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegiko areto nagusian, 10:30etik 11:30era. Hitzaldi formatua edukiko du Ekonomia Gurean saioak, baina ikus-entzunezkoen bidez ere zabalduko da. Hala, asteartean bertan hitzaldia zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute herritarrek Baleike.eus atarian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa