Imanol Lopez: "Zestaz gozatzen segitzen dut, baina lehentasunak aldatuta"

Baleike 2016ko urr. 29a, 17:15
Imanol Lopez, gaur goizean Aitzurin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Pilotari profesionalaren bizimodua Miamin utzi eta Mexikora erronka berri bila joan zen duela urtebete Imanol Lopez. Multinazional batentzat ari da orain lanean, baina zesta erabat utzi gabe. Gabonetatik Zumaiara etorri gabe, gaur goizean ezagutu du Aitzuri pilotaleku berria, eta ez du aukera galdu entrenamendu saio bat egiteko. «Gernikako partidarako ondo etorriko zait; bi aste egin ditut Madrilen lanean eta han ez dago norekin entrenatu». Etzi Hormaetxearekin jokatuko du Gernikan, urriko azken asteleheneko jaialdian, Egiguren eta Enbilen aurka.

Nola aldatu zaizu bizitza azken urte honetan?

Erabat. Miamin dena zen oso erraza, oso eroso bizi nintzen. Han hilezkorrak ginen; orain hilkorren munduan bizi naiz... Horrela definitzen dut aldaketa. Tira, orain konturatzen zara zenbat lan egin behar den soldata irabazteko. Baina ez nago atzera egiteko prest, oso gustura nago hartutako erabakiarekin. Aldaketa oso handia da, baina nahiago izan dut orain egin, 32 urtekin, 40 urtekin baino.

Ostalaritzan probatzeko asmoekin joan zinen Mexikora, baina orain beste zeregin batzuetan zabiltza, ezta?

American Express multinazionalarentzat ari naiz lanean. Goi mailako bezeroentzat bidaiak, afariak edo behar dutena antolatzen. Hamabost laguneko lan talde bat daukat.

Lana bakarrik ez, Miami eta Mexiko D.F. ere oso ezberdinak dira.

Dena da ezberdina. Miamik bost milioi biztanle inguru ditu eta Mexikoko hiriburuak 20 milioi. Hori bakarrik sekulako aldaketa da. Baina ni Mexiko D.F.-n gusturago nago. Miamin bizi den jende asko ez dago bertan errotuta, behin-behinerako bizi da han; Mexikon jendea bertakoa da, familia daukate, bertan errotuta daude. Hori orain asko baloratzen dut.

Gabonetatik Zumaiara etorri gabe zeunden, eta gaur ikusi duzu pilotaleku berria lehen aldiz. Zer iruditu zaizu?

Oso polita iruditu zait. Pena eman zidan inauguraziora ezin izan nuelako etorri. Enpresan lanean hasi berria nintzen eta Zumaiara etortzeko jai egun batzuk eskatzea gehiegi iruditu zitzaidan. Frontoi berriaren zain hainbeste urte egon eta gero hemen egoterik ez izateak min pixka bat egin zidan.

Eta orain zesta puntarekin zer harreman daukazu?

Miamitik alde egin nuenean psikologikoki oso nekatuta negoen kirolaz. Hamahiru urte egin nituen zestan jokatu eta jokatu, ia atsedenik gabe. Urte haietan, gainera, ikasketak ere egin nituen bost urtez. Aldaketa bat behar nuen. Baina, eten bat egin eta gero, konturatu nintzen zesta faltan botatzen nuela. Hasi nintzen pixkanaka berriro entrenatzen Mexikon, eta ikusi nuen gozatzen segitzen nuela. Mexikon entrenamendu onak egitea oso zaila da, zaila da goi mailako pilotariak aurkitzea; baina moldatu naiz, batzutan bien kontra jokatzen eta horrela.

Madrilen torneo bat jokatzeko aukera izan zenuen. Zer moduz sentitu zinen?

Proba modura hartu nuen hura. Lehen egunean kantxara sartu nintzenean, konfiantzarik gabe, erritmorik gabe ikusi nuen nire burua. Lehen partida zorte handiz irabazi genuen, eta bigarrenean hobeto aritu nintzen. Nire buruari erakutsi nion uda osoan lehiatu ziren pilotarien aurka maila emateko gai naizela, ia urte eta erdiz partidarik jokatu gabe egon arren.

Horrek zer esan nahi du, Lopez sarriago ikusiko dugula jokatzen?

Enpresan komentatu genuen eta aukera eman didate, egutegia garaiz antolatzen badugu. Garbi daukat ezinezkoa izango dela udan bi hilabetez etortzea hemengo denboraldia egitera; baina noizean behin, torneo jakin batzuk jokatzera bai.

Mexikon ere ari da mamitzen zesta punta indartzeko proiektu bat. Nola dago gaia?

Aurrera doa, otsailaren 15ean koadroa osatuko dugun 25-30 pilotariak prest egon behar dugu. Iraultzaren plazan dagoen Mexiko frontoia berriro zabalduko dute, urte askoan itxita egon eta gero. Azpiegitura goitik behera berritzen ari dira, eta zestako partidez gain, kontzertuak eta bestelako ikuskizunak eskainiko dituzte.

Baina zer izango dira, Miamin bezala, kinielak?

Ez, partidak izango dira. Ez da izango urte osoan, lau hilabeteko denboraldia izango da hasiera batean. Proiektu oso interesgarria da. Zaila izango da zestak Mexikon garai batean izan zuen garrantzia berreskuratzea, baina jendea frontoira erakartzen asmatzen badute, ikusle potentzialak asko daude. Bidea egin nahi duten gazteentzat aukera ona izango da, eta niri ere oso ondo datorkit, han bizi naizelako. Baina, aldi berean, oso garbi daukat ez dela lehen bezala izango. Zestaz gozatzen segitzen dut, baina lehentasunak aldatuta. Nire bizitza aldatu egin da.