Galtzeko arrisku bizian dago bertako bisoia

Baleike 2016ko urr. 28a, 09:19
Geoparkeko Gonzalo Torre Maria eta Joseko ikasleei azalpenak ematen. Argazkia: Gorka Zabaleta

Hainbat mehatxuri egin behar izan die aurre bisoi europarrak azken hamarkadetan, eta desagertzeko zorian dago gaur egun. Animaliaren berri eduki dute Zumaiako eskoletan, Geoparkearen eskutik. 

Galtzeko arrisku bizian dago bertako bisoia –gorka zabaleta Zumaia Urola ibaia da bisoi europarrak Euskal Herrian duen azken babeslekuetako bat. Baina ez pentsa dozenaka daudenik; ale gutxi batzuk baino ez, eta ibaiaren zati jakin batean. Hortik kanpora, Gipuzkoan, Leitzararen baino ez du iraun. Iparraldean eta Bizkaian ez da alerik gelditzen; Araban eta Nafarroan erreka gehiagotan ikusi dituzte, baina edozein kasutan, oso ale gutxi. Kalkulatu da Euskal Herrian 500 ale inguru gelditzen direla. Europan ere atzerakada izugarria jasan du espezieak. 1900ean ia kontinente osoan zegoen zabalduta, Errusiaraino. Gaur egun, Frantziako mendebaldeko kostaldean, Danubioko deltan eta Errusiako leku solte batzuetan baino ez da bizi. Desagertzeko arrisku bizian dago, beraz.

Gainbeheraren arrazoiak azaltzen ari zaizkie egunotan Geoparkeko ingurumen arloko koordinatzaile Gonzalo Torre Zumaiako ikasleei. «Arrazoi bat baino gehiago dago, baina hiru nagusi aipa ditzakegu: lehena, bere bizitokiaren suntsitzea, erreka bazterrak erabat urbanizatu ditugulako; bigarrena, ibaietako uren kutsadura, azken hamarkadetan hobera egin duen arren; eta hirugarrena, bisoi amerikarraren konpententzia».

Izan ere, bisoi amerikarra erabili izan da haztegietan gero larrua lortzeko, eta haztegi horietatik ihes egindako edo ekologistek askatutako aleak mehatxu handia bilakatu dira bertako bisoiarentzat. «Bisoi amerikarra handiagoa da, oldarkorragoa, eta bertakoarekin topo egiten duenean bidali egiten du, kanporatu egiten du. Pixkanaka, bizitzeko lekurik gabe gelditu da bisoi europarra», esplikatu dio Torrek Maria eta Jose ikastetxeko DBH1eko taldeari.

Berreskuratzeko plana

Animalia betirako galdu baino lehen, berreskuratzen laguntzeko plana du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europatik diruz lagundutako Life programa zabalago baten barruan. Planaren barruan, bisoi amerikarra erreka bazterretatik kentzea da ekintzetako bat. «Horretako, tranpa batzuk jartzen dituzte. Bisoi amerikarra harrapatzen badute, zentro batera eraman eta hil egiten dute. Zuei zer iruditzen zaizue hiltzea?», galdetu die Torrek. «Gaizki, bisoiak ez du errurik, bere benetako etxera eraman beharko lukete», erantzun dio ikasle batek.

Bisoi amerikarra kentzeaz gain, bisoi europarrari azkarrago zabaltzen laguntzeko hazi egiten dituzte. «Badakizue non?», galdu die berriro Torrek; «inork ez al ditu ikusi animalia hauek...?»Erantzuna segituan etorri da: «Bai, Senda Vivan». Nafarroako zooarekin elkarlanean ari dira bisoiak hazteko, gero erreka bazterretan askatzeko.

Urrats gehiago ere egin nahi ditu Aldundiak. Dagoeneko katalogatu ditu bisoiak bizitzeko egokiak izan daitezkeen erreka bazterrak, eta asmoa da ingurune horietan sartzea bisoi europarra. Narrondo ibaiaren goialdea dago aurreikusitako erreken artean. Horrekin batera, boluntario sare bat osatu nahi da, erreka zati horien jarraipena egin dezaten. Lan horietan laguntzeko prest azaldu da Geoparkea.