baleike.eus

Elkar ulertzerik ez zen izan garbiketa ordenantzaren inguruko bileran

Baleike 2016-10-25 15:02   Politika

Pankartak eta kartelak ezartzearen harira izan ziren bileran zehar esandako hitz denak. Isunak ez ezartzea eta ordenantzetan jasotzen den artikulu polemikoa, pankarta eta kartelen inguruko 17.a aldatzeko edo kentzeko eskatu zuten bertaratu ziren eta hitza hartu zuten herritarrek. Arauak beharrezkoak direla esan zuen alkateak.

Artikulu batean jasotzen diren betebeharren eta haiek ez betetzearen ondorioz ezarri daitezken isunen inguruko saio batera mugatu zen astelehenean Alondegian egin zen bilera irekia. Berez, Jokabide zibikoari buruzko eta bide publikoaren erabilera, okupazioa eta garbiketa arautzeko ordenatza izena daraman dokumentuaren inguru herritarren iritzia biltzeko asmoarekin deitu zen bilera hau, baina elkar ulertzea ez zen astelehenean Alondegira heldu.

Gobernuak orain 15 egun publiko egin zuen ordenantzaren lehen zirriborroak hainbat gai jorratzen ditu: karga-deskarga lanak egiteko betebeharrak, publikoan baimenduta ez dauden jokaerak edo portaerak, obra eremuetako garbiketak, eta abar. Bilera, baina, artikulu batera mugatu zen, 17.era, Antolamendua eta garbiketa kartelak, pankartak, banderatxoak, esku-paperak, pegatinak, pintada, grafitiak eta horma irudiak jartzean izenekora.

Otsailean kaleetan pankarta eta kartelak jartzea debekatu zuen Udal Gobernuak eta handik aste batzuetara ordenantza bat prestatuko zutela adierazi zuen. Bien artean Kalea Guztiona Da mugimendua sortu zen. Ordutik Erribera kaleko hormaren zeremonia izan dugu ia astebururo.

Herenegun egindako bileran ez zen elkargunerik aurkitu. Araudi honetarako beste herri batzuetakoak erabili dituztela azaldu zuen Oier Korta alkateak: Irungoa, Donostiakoa, Zarauzkoa..., "beti ere Zumaiara egokituta". Arau batzuk izatearen beharra aldarrikatu zuen, adierazpen eskubidea errespetatzen zuela eta antzerako ordenantzak izandako herrietan (Zarautz jarri zuen adibide bezala), gobernu aldaketen ondoren inork ez zuela ordenantzak bertan behera utzi.

Hitz egin zuten herritarrek behin eta berriro eskatu zuten isunak ez ezartzea eta 17. atal hori aldatzea edo osotasunean kentzea. "Isunak alde batera utzi eta lan pedagogikoa egitea pentsatu al duzue?", galdetu zuen batek. Pankarta bat onartua izateko bere edukia udaletxeko sail batek onartu behar izanarekin harridura erakutsi zuena ere izan zen. "Bideratuta zegoen kontu bat zergatik bihurtu nahi izan duzue gatazkatsu?", galdetu zuen jarraian. Beste batek salatu zuen ordenantza hau zirriborro fasean izanda ere, dagoeneko aplikatzen ari direla.

Elkar ulertze falta horretan joan zen arratsa.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016-10-26 16:37 Erantzuna | #1

KALEA ALKATEARENA DA, BADATOR MOZAL ORDENANTZA
www.baleike.eus/komunitatea/kaleaguztionada/147...

Debekuak, isunak eta kontrol politikoan oinarritutako araua indarrean jartzeko asmoa berretsi zuen alkateak astelehenean hainbat herritarren aurrean. Hitza hartu zuten herritar guzti-guztiak Mozal Ordenantzarekin kritiko azaldu baziren ere, egiazko parte-hartze prozesua abiatzeko eskaerari muzin egin zion.

Alkateak gezurra dio Zumaian jarri nahi duten ordenantza "Gipuzkoako gainerako herri guztietan" ezarrita dagoela dioenean. Eta gainera, badaki. Gaur egun mota guztietako ereduak daude indarrean: ordenantzapean araututakoak bai, baina baita ordenantzarik gabekoak ere, isunik gabekoak, eragileen artean adostutakoak, herrian gatazkarik eragin ez dutenak… Eta horrek gauza bat erakusten du: eskubideak jokoan daudenean garrantzitsuena eztabaida prozesu sakona abiatzea dela, ahalik eta iritzi gehien bilduko duena. Horixe egin beharko litzateke gai honetan ere, iritziak askotarikoak direlako eta hitza guzti-guztiek izan beharko luketelako.

Tamalez, orain arte Udal Gobernu honek guztiz kontrako bidea hartu du. Otsailean inorekin adostu gabe(eta aurrez jakinarazi ere egin gabe) debekuak inposatu zituen kalean. Eta orain debeku horiei isunak eta kontrol politikoa gehitu nahi dizkie Mozal Ordenantzaren bitartez:

- Kartelak, pankartak, pegatinak, muralak... ALKATEAK ERABAKITAKO TOKIAN baino ezingo dira jarri. Alegia, herritarrok bitartekaririk gabe komunikatzeko eta informatzeko dugun euskarri bakarra mutilatzeko, ghetto kontrolatuak sortu nahi dituzte. "Ez da baimenik emango errepide ondoan, kale-argietan, zubietan, hesietan eta abarretan jartzeko, zuhaitzetan, zubietan, eta ibaitik hurbil dauden lekuetan".

- Kartelak, pankartak, pegatinak, muralak... kalean edozer egiteko ALKATEAREN KONTROLA gainditu behar da. Hau da, politikari batek erabakiko du zein den adierazpen askatasunaren muga. "Identifikazio datuak, pankartaren edukia eta neurria, kokalekua eta, jabetza pribatuak badira, partikularraren baimena, euste motaren zehaztapena eta zenbat denboraz egongo diren jarrita zehaztu beharko dira. Horma irudien kasuan, zirriborroa eta neurriak ere eman beharko dira."

- Kontrol eta debeku horiek guztiak betetzen ez dituenari, ISUNA.

Eta txiste txarra borobiltzeko, "elkarbizitza" eta "elkarren arteko errespetua" sustatzeko omen da ordenantza. Nola sustatuko du ba errespetua eta elkarbizitza, hasiera-hasieratik sekulako tentsio eta haserrea eragin badu, denbora honetan guztian horretaz benetan hitz egin nahi izanez bada, goitik b ehera inposatutako erabakia bada? Nola sustatuko du errespetua, herritarrokiko errespetu faltaz ezarritakoak?

Ez zegoen lekuan sortu dute arazoa
Herritarrekin batera gaia sakonean hitz egiteari beldurra diotelako. Aste honetako bileran hitz egin zuten herritar guztiak kritiko azaldu ziren ordenantzarekiko, eta halere alkateak oso argi adierazi zuen zein den beren asmoa: "bilera honetan entzuteko prest gaude, baina gure asmoa ordenantza hau aurrera ateratzea da". Laburbilduz, bilera bakar batean jendeak esan dezala nahi duen guztia, azkenean alkateak nahi duena egingo baitu.

Aukera paregabea galtzen ari da alkatea, prozesu parte-hartzaile baten bitartez, iritzi ezberdineko pertsonen arteko konplizitatea sortu eta adostasuna bilatzeko. Tamalez, zigorren eskutik, konfrontazioa eta gatazka aukeratu dituzte, oso ondo dakitelako herri mugimenduaren eta sindikatuen gehiengoak ez diola politikari bati baimenik eskatuko herritarrak informatzen jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa