Bizilagunak: esperientziak eta ezagutza zabaltzeko gunea

Baleike 2016ko urr. 22a, 10:30

SOS Arrazakeria erakundeak antolatuta, seigarren urtez Bizilagunak izeneko ekimena egingo da azaroaren 13an Euskal Autonomia Erkidegoko herrietan. Bazkari baten bueltan jatorri desberdineko pertsonak elkartuko dira esperientziak eta ezagutza partekatzeko. 

 Bizilagunak hemen bertako familia eta norbanakoak eta atzerritik etorritakoak elkartzen dituen egitasmoa da. Elkartze bakoitzean hemen bertako familia batek, familia etorkin batek eta dinamizatzaile batek parte hartzen dute. Bazkariaren bueltan familia edo norbanakoek beraien esperientziak eta bizipenak partekatzen dituzte.

Ekimen hau EAE mailan egiten den seigarren urtea bada ere, Zumaian iaz egin zen lehen aldiz. "Aurretik ere izan ziren lehen mugimenduak, baina koadrila edo lagun taldean. Serio-serio iaz egin genuen lehenbizi", azaldu du Ixabel Dorronsorok. 

Iaz 80tik gora lagunek hartu zuten parte ekimen honetan. "Familiak, bikoteak, senar-emazteak, norbanakoak... Helburua ezagutza hori partekatzea da". Parte-hartzaile batzuk etxeetan egin zituzten bazkariak, beste batzuk elkarte gastronomikoetan edo txokoetan egitea erabaki zuten. "Gure kasuan elkarte batean egin genuen eta hiru bat familia elkartuko ginen", gaineratu du Ixabelek. 

"Oso esperientzia polita izan zen", dio Igone Saizabalek. Iazko ekimenean parte hartu zuen eta bere ustetan beste kultura batzuk ezagutzeko ekimen "ederra" da. "Ezinbestekoa ere bada bizi dugun egoeran eta elkar errespetatzeko beharrezkoa".

Graxian Galarragak etxean latinoamerikar familia bat hartu zuen. "Oso ondo egon zen, baina kontraste kulturala baino ekonomikoa gehiago zegoela esango nuke. Guretzako erlijio kontuak ziren zailenak, gu ez gara eta batere erlijiosoak". Aurten ere parte hartzeko borondatea erakutsi du Graxianek.

Aurten parte hartu dutenak, besteak beste, Mina eta Fatou dira. Mina emakume marokiarra da eta lehen aldiz hartuko du parte Zumaiako ekimenan. Fatou, berriz, senegaldarra da. Sei urtez bizi izan zen Getarian eta azken hirutan Zumaian bizi da. "Oso positiboa da ekintza hau, jende gehiago ezagutzeko. Ideiak partekatzea ere oso ondo dago".

"Kanpotik etorritakoentzako garrantzitsua da bertakoekin harremanak handitzea. Haurrek badituzte harremanak, baina azken hauentzako garrantzitsua da, baita ere, ikustea beraien gurasoak ere bertakoekin elkartzen direla", gaineratu du Ixabel Dorronsorok.

Kirolarien babesa

Jakina da gure gizartean kirolak duen garrantzia. Hori dela-eta, SOS Arrazakeriak kirolarien babesa eskatu du aurtengo Bizilagunak ekimenari beste bultzada bat emateko. Zumaiako kasuan, Esther Cruz eskalatzaileak eta Iñaki Osa Goikoetxea pilotariak beraien babesa eskaini diote, nahiz eta azken honek ezin izan zuen argazkian parte hartu.

Azaroaren 13an egingo dira aurtengo bazkariak. Lehenbizi argazki bat ateratzeko elkartuko dira eta ondoren familiak etxeetara edo elkarteetara joango dira bazkaltzera.

Parte hartu nahi duten familiek aurrez izena eman beharko dute anitzensareazumaia@gmail.com helbidera mezu bat bidalita edo Zumaiako Udaleko Aniztasun Sailera deituta, 943 865 025 telefonora deituta. Azaroaren 6rako jakin nahi dute zenbat familiek hartuko duten aurten parte.

Bitartekari lanak egin nahi dituzten pertsonek ere aurrez izena eman beharko dute esandako lekuetan. Elkartzea dinamizatzea izango da lagun hauen lana. Unibertsitateko ikasleen kasuan, Euskal Herriko Unibertsitateko kreditu bat jasoko dute.

Aurtengo Bizilagunak ekimena Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den festa batekin amaituko da. Azaroaren 27an izango da, 17:00etan, eta bertara gonbidatuta egongo dira bazkarietan parte hartuko duten lagun guztiak.