Udan Zumaiara etorritako bisitari kopurua % 25ean igo da iazkoarekin alderatuta

Baleike 2016ko urr. 21a, 11:09

8 apellidos vascos eta Game of Thronesek eragina izan badute ere, Flyscharen ibilbidea eta Geoparkea sortu zirenetik igoera konstantea duela azaldu du Esti Irureta Udal turismo teknikariak.

Edozein herritarrek zuen hau esatea, aurtengoa urte ona izan dela turismoarentzat. Nahikoa izan da herriko hondartzetan, parolbidean, alde zaharrean eta plazetan pilatutako bisitari kopuru handiak ikustea ondorio hori ateratzeko. Eta zenbakiek hala nabarmendu dute. Irailaren 15era arteko datuak iazkoekin alderatuta, % 25 batean igo da Zumaiako turismo bulegotik pasatako bisitari kopurua: iaz ekainetik irailaren 15era bitartean 23.950 lagun pasa ziren Gernika parkean dagoen turismo bulegotik eta aurten, epe berean, 30.054 izan dira. Horiei Zumaiara etorri eta bulegotik pasa ez direnak gehitu behar zaizkiola dio Esti Iruretak, Zumaiako Udaleko turismo teknikariak. 

Bere esanetan, oraindik amaitu ez den urtearen balantzea "positiboa" eta igoera hau Euskal Herri osoan bizi izan den dinamika baten barruan kokatzen du. Hala, Gipuzkoari dagokionez, Eustaten arabera, uztailetik irailera bitarteko epean % 6,1eko igoera egon da. Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten beste bi herrietan ere bisitari kopuru igoera izan dute: Deban % 8koa eta Mutrikun % 9koa.

Azken urte hauetan izan den igoeran izango du, noski, bere eragina 8 apellidos vascos pelikula arrakastatsuak edo astelehenetik aurrera Itzurunen grabatuko den Game of Thrones telesailak. Baina, Iruretaren esanetan, 2002. urtean Zumaiako turismo bulegoa zabaldu zenetik bizi izan dute bisitarien igoera. Hasieran pixkanaka, baina, 2008. urtetik aurrera kopuru handiagoan eta konstantean. «2008an aurkeztu zen Flyscharen ibilbidea. Honi eta Algorri interpretazio zentroan egindako lanari esker, flyscha izena hartzen joan zen. 2010ean Euskadi turismo saria jaso zuen eta urte horretan bertan Geoparkearen izendapena onartu zen". Naturarekin lotutako turismoa erakarri zuen Zumaiak horri esker. "Autobideetan Geoparkeko panelak jartzeak ere lagundu zuen, eta baita instituzioen laguntza izatea ere. Beste turismo bulegoetatik Zumaiara jendea bideratzen hasi ziren eta herri hau turismoaren mapan jarri zuten. ETAk armak utzi izanaka ere lagundu du. Orain lasaiago etortzen direla onartzen dute bisitariek beraiek".

Garbi dagoena Zumaia modan dagoela. Horren erakusgarri da urtarriletik irailaren erdira arte turismo bulegotik pasatako bisitari kopurua: 39.847 (iazkoarekin alderatuta % 21 gehiago). Jatorriari dagokioneez, denean izan da igoera: EAEko bisitariak % 4,78an, espainiar estatukoak % 24,89an eta nazioartetik etorritakoak % 48,16an. "Nik uste 50.000ra helduko garela urte amaierarako. Eta, esan liteke bikoitza dela guztira Zumaiara etorritako bisitari kopurua".