Beti Jai, pilotaren obra gorena

Baleike 2016ko urr. 21a, 10:38

Apirileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen Daniel Carballo pilota jokoaren inguruan egiten ari den ikerketa lanaren inguruko erreportaje zabala. Haren baitan, Madrilgo Beti Jai frontoiaren inguruan egin zuen dokumentalaren berri ere ematen zuen, baita frontoi honen historia ere.

Hemen irakurri dezakezue:

Madrilgo Campo Creativo Cero izeneko proiektuari esker, pasa den urtarrilean bi asteko egonaldia egiteko aukera izan zuen Daniel Carballok Madrilen. “Arkitekto Elkargoak antolatuta, pilotaren inguruko hitzaldi bat eman nuen 2015eko urrian, Donostian. Han esan ziguten Madrilen egonaldi hori egiteko aukera zegoela. Beka bat eskaintzen zuten. Internet bidez eskaera egin nuen eta proposatzen nuen helburua bidali nien: Beti Jai frontoiaren inguruko ikerketa bat egitea. Egonaldiaren ondoren artikulu bat eta dokumental txiki bat egin behar ziren, biak ere Creative Commons lizentziarekin. Dokumentalaren gaia frontoiaren inguruko plazak nola bideratu izango zen”. 

Madrilera helduta lehen desengainua jaso zuten: ezin ziren Beti Jai frontoian sartu. “Frontoia pribatua da eta ez genuen baimenik. Bertan sartu, irudi batzuk hartu eta dokumental pixka bat artistikoa egin nahi nuen. Hala ere, aldameneko eraikin bateko atezain adeitsu bati esker teilatura igo eta handik frontoia ikusteko aukera izan nuen”. 

Richard Zubelzu zinemagilearen Beti-Jai: La capilla Sixtina de la pelota dokumentalak (2015) garbi erakusten du Madrilgo Chamberí auzoan dagoen frontoi horrek pilota jokoan utzi duen oihartzuna. “XIX. mendean plazetan jokatzen den pilota jokoa eraldatu zuen frontoietako bat izan zen”. Frontoi horren sustraiak Donostiako Aldamar kaleraino heltzen dira. “Ategorrietan sortu zen kirol honen inguruko lehen enpresetako bat: Jai Alai Ategorrieta. Jai Alai izena hortik dator, eta gero Estatu Batuetara esportatu zen. Aldamar kalean, berriz, Beti Jai enpresa sortu zuen Jose Aranak. Pertsona horri loteria tokatu zitzaion eta pilota jokoetan inbertitzen hasi zen. Madrilen Beti Jai proiektuan sartu zen. Ordurako Madrilen bizpahiru frontoi bazeuden, Madrilgo Jai Alai zen bat, eta Beti Jai izan zen azkenetako bat. 1894an zabaldu zen eta Beti Jai Aldamarren kopia zen”. 

Pilotak arrakasta handia zuen, baina apustuen giroak gainbehera handia izan zuen Madrilen eta 1920ko hamarkadarako frontoi horiek krisian zeuden. “Biblioteca Nacionalen aurkitu ditudan idatzi batzuetan esaten da pilotariek iruzurrak egiten zituztela eta apustuetan parte hartzen zutela, orain beste kirol batzuetan gertatzen ari den bezala”. Krisiak bultzata (foot ball izeneko kirol bat ate jota zetorren), Beti Jai saltzeko erabakia hartu zuen jabeak eta frontoi zaharrak beste erabilera batzuk izan zituen hurrengo hamarkadetan: urrutiko agintearen lehen probak bertan egin zirenEspainian; opera eta antzerkirako erabili zuten eta Gerra Zibila lehertu zenean kuartel bihurtu zen: kamioiak gordetzeko erabiltzen zen. Studebaker kotxeen kontzesionarioak tailer bezala erabili zuen. “XX. mendean aldamenean etxeak egin ziren eta patio bezala erabili zuten eta 1980ko hamarkadan, plan nagusi baten baitan, frontoia eraistea erabaki zuten. Baina, une berean, frontoiaren balio arkitektonikoaz ohartu ziren, XIX. mende amaieran egindako eraikin bakarra zelako. Ez zegoen, gainera, eraldatuta eta, hori ikusita, katalogatu egin zuten”.

Azken 30 urte hauetan nahikoa gorabehera izan dira Beti Jai frontoiaren inguruan. Galarreta frontoiko bazkide batzuek Madrilgoa berpiztu nahi izan zuten, baina atzera egin behar izan zuten, katalogatuta egonda, aldaketarik ezin zelako egin; bestalde, ustelkeria kasu batean murgilduta zegoen pertsona batek hotel bihurtu nahi izan zuen. Orain frontoiak jabetza publikoa du eta Madrilgo Udalak zenbait kontsolidazio lan egin ditu bertan. 

Madrilen bertan, Caixa Forumen eta Mataderon egin diren eraldaketen antzekoa proposatzen du Danielek Beti Jairako: eraikin zaharra hartu (aipatutako bi kasuetan eraikin industrialak ziren) eta, eraldatu ondoren, erabilera publikoa ematea. “Campo Creativo Cero mugimenduko kideek Mataderon funtzionatzen duen kudeaketa sistema eraman nahi dute Beti Jaira; kulturgune bat izatea, baina, baita ere, pilota izatea haren ardatza. Pilota jokatzen erakusteko proposatzen dute. Nik pilotaren antzinako modalitateak erakustea ere proposatzen dut. Zergatik ez? Pilotaren historiaren interpretazio zentro bihurtzea ere pentsatu da. Madrilen pilotak indar handia izan du eta bere historiaren parte da. Horretan dabiltza, edo, hobe esanda, gabiltza, tartean sartu naute eta. Arkitektura Eskolan bi proiektu aurkeztu dira frontoi honen inguruan eta Birgaitze Masterrean ere oso interesatuta daude, 100 urteetan egitura originala mantendu duen bakarretako bat edo bakarra da eta. Kirol profesionalak erabili duen mundu mailako eraikin zaharrena izango da. Chamberí auzoko plataformako kideak eraikina mantentzeko interes handia dute, bai itxuran, baita erabileran ere. Gogo eta interes handia dute, baina baliabideak urriak dira eta gu hor egotea beraientzako garrantzitsua da”.