'Paixanoneko' etxea hasi dira eraisten Odieta kalean

Baleike 2016ko urr. 20a, 11:27

Gaur goizean hasi dira botatzen Odieta kalean dagoen eta urteak hutsik zeraman etxea. Horren ordez beste etxe bat eraikiko da. "Familiarentzako egindako etxea izango da", argitu du eraikin berria egingo duen lagunak. 

Paixanonekoa Odieta auzoan ilaran dauden lau etxeetatik azkenekoa da, plazatik abiatuta. Imanol Azkuek bere Zumaia, izena eta izana liburuan hala deskribatzen du: "Torreberriren ondoan, lehen bazeuden denborak ere ezabatu dituen etxe batzuk: Epeldenekoa eta Iztueta. Gaur egun, berriz, etxe txikien segida bat dago: Motxaenekoa, Migeltxikinekoa, Xendokoa eta Paixanonekoa, Odieta kalean". Azken hau da gaur goizean eraisten hasi direna. 

Langileek azaldu dutenez, bizpahiru egun beharko dituzte etxea bere osotasunean botatzeko. "Mantso ari gara lanean. Egurra eta harria bereizten ari gara, gero birziklatua izan dadin", adierazi du Xabik, etxe berria egingo duen lagunak.

Etxe berria familiarentzako egindakoa izango dela adierazi du. Etxe zaharrak hiru solairu zituen eta berriak ere beste hainbeste izango dituela azaldu du, etxe multzo honen berezitasuna mantentzeko. "Alboan dagoena baino baxuagoa izango da, orainartekoa izan den bezala". 

Paixanoneko etxea hutsik egon da azken urteotan. Zenbat? Bertako bizilagunak ere ez dira atrebitzen zenbatekoa ematera. "Hemen bizi zen familia beste leku batera joan zen bizitzera eta garai batean gazteak etorri izan ziren. Baina, zenbat urte doan hutsik... 15 bat urte? Gehiago? Ez dakit".