Pelikula islandiar batekin hasiko da bihar Ostarrenaren zine forum denboraldia

Baleike 2016ko urr. 19a, 19:00

Tribecako eta Valladolideko zinemaldietan saritutako Corazon gigante emango da. Urte bukaerara bitartean lau pelikula emango dira Aita Marin. Saioa 22:00etan hasiko da.

Gizarteko beste arlo batzuetan bezala, zinea ere moden arabera mugitzen da. Orain urte batzuk Asiatik etorritako zinemagintzak sona handia izan zuen eta hari esker Kanbodiako, Filipinetako edota Hego Koreako zenbait pelikula estreinatu ziren zine aretoetan. Azken aldian fama pixka bat hartu duen zinemagintza Islandiakoa da. Irla horretan dute jatorria mundu mailako zinemaldietan erakutsi diren zenbait lanek. Sparrows dramak Urrezko Mazkorra irabazi zuen iazko Donostiako Zinemaldian, Zumaian erakutsi zen Rams-ek saria jaso zuen Canneseko jaialdian eta aurtengo Donostiako Zinemaldian drama eta thrillerra uztartzen dituen Eidurinn izan zen Sail Ofizialean.

Iparraldeko irala horretatik etorritako pelikulen pokerra bihar Aita Mari zinean erakutsiko den Fúsi (Corazon gigante) honek osatzen du. Pelikula honek emango dio hasiera, gainera, Ostarrena zine kluba antolatutako aurtengo zine forum denboraldiari. Saioak, ohi bezala, 22:00etan hasiko dira Aita Mari zinean. Hainbeste urtetan sarreraren prezioa igo gabe eduki ondoren, aurten euro bat igo dute antolatzaileek honen prezioa eta 5 euroan jarri dute.

Fusi izeneko pertsonaiak ematen dio pelikulari bere izenburu originala. Fusik 43 urte ditu, eta handia, gizena eta xelebrea da. Ez du inoiz neska-lagunik izan, eta zaletasun bakarra dauka: II. Mundu Gerrako batailak maketen bidez antzeztea. Amarekin bizi da. Egun batean, dantza eskola batera joango da, eta bera bezalako emakume bakarti bat ezagutuko du.

Pelikula honek zenbait sari jaso ditu 2015. urtean estreinatu zenetik. Hala, New Yorken egiten den Tribecako zine jaialdian pelikula, aktore (Gunnar Jónsson) eta gidoi onenaren saria jaso zuen. Gaztela eta Leonen egiten den Valladolideko jaialdian, aldiz, aktore onenaren saria jaso zuen Jonssonek.

Zinemalditik Zumaiara Abendura bitartean emango diren beste hiru lanak iazko Zinemaldian aurkeztu ziren. Bata bestearekiko oso desberdinak dira: Nuestra hermana pequeña film japoniar goxoa da, High rise J.G. Ballard idazlearen liburu baten egokitzapen gordina eta Sunset song XX. mende hasierako Eskozian girotutako drama klasikoa.