baleike.eus

"Bosgarren edukiontziko giltza edukitzeak ez du erabiltzen denik bermatzen"

Baleike 2016-10-15 12:44   Ekonomia

Hondakinen tasa %8 igotzeko prest zegoen EHBildu, baldin eta organikoaren bereizteko edukiontzia erabiltzen dutenei %7,4ko hobaria aplikatuz gero. Udal Gobernuak ez du hobaria onartu, argudiatuz gaur egun edukiontziko giltza edukitzeak ez duela erabiltzen denik bermatzen. Konposta egiten dutenei %20ko hobaria mantendu zaie.

EHBilduk atzo azaldu zuenez, bi izan dira ordenatza fiskalei ezezko botoa emateko arrazoiak. Lehena, hutsik dauden etxebizitzei ez zaiela gain-zergarik aplikatuko –iaz erabaki zuen Udal Gobernuak kentzea–. Udal Gobernuko kide Mari Cruz Alvarezek horrela azaldu zuen Udal Gobernuaren irizpidea: "Gure ustez bigarren etxea erosiz inbertsioa egin duenari ez zaio zigorrik ezarri behar, bere aukera izan baita aurreztutako diruarekin inbertsio hori egitea. Beste batzuek diru horrekin bidaiatzea aukeratzen dute eta hori ez da zigortzen. Gu ez gaude aurreztu eta inbertitu duenari zigortzearen alde".

Baina eztabaida handiena hondakinen tasak eragindu. EHBilduren iritziz, errauskailua eraiki behar izatea da tasa %8 igotzearen arrazoi nagusia. Hala ere, igoera onartzeko prest agertu zen, baldin eta hondakinak bereizten dituzten herritarrak %7,4ko hobariarekin sarituko balira. "Gure proposamena da orgainikoen edukiontzia erabiltzeko giltza dutenei aplikatzea hobaria; giltza ez dutenek ziur ez dutela organikoa bereizten", azaldu zuen EHBilduko zinegotzi Alex Olidenek.

Horren aurrean, Udal Gobernuak arrazoitu zuen giltza edukitzeak ez duela erabilera bermatzen. "Agian aurrerago posible izango da jakitea nork bereizten duen eta nork ez, eta orduan posible izango da hobariak aplikatzea, baina gaur egun kontrol faltagatik ezinezkoa da", erantzun zuen Alvarezek. Oier Korta alkarteak azaldu zuenez, 2.500 dira gaur egun giltza duten erabiltzaileak, "baina kopuru horiek ez datoz bat birziklatze mailarekin; askok ez dute erabiltzen".

Bosgarren edukiontzia nork erabiltzen duen eta nork ez kontrolatzeko sistema bat aztertuko du Udalak datorren urterako, eta konpromiso horri heldu zion PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek %8ko igoera ontzat jotzeko: "Hondakin gutxiago sortzen dutenak eta birziklatzen dutenak saritzen saiatu behar gara. Hori konprobatzeko sistema aztertuko duela esan du Udal Gobernuak eta horren zain geldituko gara".

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Benat Lizeaga 2016-10-17 15:42 Erantzuna | #1

"Gure ustez bigarren etxea erosiz inbertsioa egin duenari ez zaio zigorrik ezarri behar, bere aukera izan baita aurreztutako diruarekin inbertsio hori egitea. Beste batzuek diru horrekin bidaiatzea aukeratzen dute eta hori ez da zigortzen. Gu ez gaude aurreztu eta inbertitu duenari zigortzearen alde".

Bigarren, hirugarren... etxebizitza hutsa duenari zergak ipintzea zigor bat dela ulertzen duzue, ados. Orain, alokairua 550-600 euro ordaindu behar dutenena, herritik kanpo etxebizitza erosi edo alokatu behar dutenena edo gurasoen etxean bizi behar dugunona zer da?

gadget 2016-10-17 18:54 Erantzuna | #2

Jendea engainatu nahi duzue, baina arazoa ez da norbaitek bi edo bost etxebizitza izatea, etxebizitza horiek HUTSIK edukitzea baizik. Beraz konparazioak ez egin zuen intereserako, dirua zertan gasatatzen duen bakoitzak eta abar. Zilegi ez dena da zumaian 10 etxebizitzatik bat hutsik egotea, eta bitartean eskaria eta eskaintzaren arteko desoreka dela-eta alokairuen prezioak dauden kopuruetan egotea. Zenbat gazte zumaiar joan dira kanpora (arrura adibidez) bizitzera arazo hori medio?

Mendi Gorostiaga 2016-10-18 14:23 Erantzuna | #3

Gaizki goaz, oso gaizki goaz, eta jada batzuk indarrik gabe ere sentitzen hasiak gara esperantzarik gabe geratzen ari garenarekin batera.
Hondakin gutxiago sortu eta sortutakoa ongi sailkatzea ez da saria merezi duen ekintza bat, guztiok bete beharreko zerbait baizik. Hondakinak ongi sailkatzea derrigortuko duen sistema zehaztea lortu genuenetik jada urte batzuk pasa dira, eta oraindik luzapenetan gabiltza, irtenbiderik martxan jarri gabe. Eta orain organikoaren edukiontzia erabiltzen duenari saritzeko kontrol sistema bat jartzeko ideia zabaltzen hasteak negargure galanta sortzen dit (erabili bai, baina nola ere kontrolatu beharko da, eta beste edukiontziekin ere berdina egin beharko litzateke, eta kaleko zabor ontzien gaikako bilketa ere hor dago, eta oraindik papera, ontzi arinak eta organikoaren edukiontzirik ere ez dugun auzoen egoera, eta...).
Lan eta bilera asko egin genituen arazoak aztertu, irtenbideak proposatu, hauek adostu eta adostutakoaren inguruan ere konponbideak bilatzeko. Mesedez, hartu gaia duen seriotasunez eta hondakinen mahaiaren bilera baterako deialdia egin ezazue. Konponbideak bide eta ate asko ditu, eta zuek ez dituzue guztien giltzak. Denon artean irtenbide integral bat bilatu beharko genuke, eta borondatea egonez gero egin daitekeela pentsatzen dut.

Roberto Gutierrez 2016-10-19 18:32 Erantzuna | #4

Sinplea eta beldurgarria iruditu zait aurrezkien argudioa... Ez dut uste kontrolatzen dala bigarren (edo seigarren) etxebizitza aurreztutako diruakin, loteria tokatutakoarekin edo langileak ustiatzen ateratako diruakin erosten dan, eta kasu batean edo bestean eskubide gehiago edo gutxiago egongo zen. Kontua da guztion eskubidea izan beharko zena, herri baten egonkortasunerako ondasun estrategikoa dana, ezin da duridunen borondatean utzi administraziotik ezer egin gabe...
Azkenean jende asko herritik kanpo bukatuko gara eta Zumaia "Ciudad de Vacaciones" bihurtuko dalakoan nago... :(
Roberto Gutierrez

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa