Hauek dira 2017rako Udalak onartu dituen zergak eta tasak

Baleike 2016ko urr. 15a, 11:41

Datorren urtean zumaiarrok Udalari ordaindu beharreko zergak eta tasak arautzen dituen ordenantza onartu zuen atzo Udalbatzak, EAJren eta PSEren aldeko botoekin, eta EHBilduren kontrakoekin. Irizpide nagusia tasak eta zergak ez igotzea izan den arren, badaude gorabeherak zenbait kasutan. Ura, hondakinak, kirol patronatuaren tasak, Ludoteka eta Udalekuak igo egingo dira; jaitsiera nabarmena izango dute etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezioak, eta hobari garrantzitsuak izango dituzte gutxi kutsatzen duten autoek. Tasa berriak ere ezarri dira: Aitzuri pilotalekua erabiltzeko, filmazio lanetarako, eta Ardantzabiden aparkatzeko. Hemen daukazue tasa eta zerga aipagarrienen laburpena.

Udalaren irizpide nagusia tasak eta zergak ez igotzea izan den arren, zenbait kasutan egokitzapenak egitea erabaki dute. Udalak arrazoitu duenez, Kasu batzuetan tasak igo egin behar izan dira urtetik urtera pilatutako defizitari aurre egiteko, aurrekontuetan oreka bilatze aldera. Nabarmenak dira, esate baterako, Ludotekaren eta Udalekuen kasuak: Udalekuen defizita %71,81ekoa da eta Ludotekarena %87,53koa. Azken bi urteotan zergak eta tasak ez dira igo, baina bai zuzeneko zein zeharkako hainbat gastu. Hauek dira igoko diren tasak:

Ura: %1
Hondakinak: %8
Kirol Patronatuko ikastaroak: %1
Kirol Patronatuko bazkide kuota: %1,42. 3-21 urte artekoei ez zaie igoera hau aplikatuko.
Udalekuak: hileko kuota 5,40 euro igoko da.
Ludoteka: urteko kuota 7 euro igoko da.

Baina badira jaitsiko diren tasak ere. Aipagarriena, etxez etxeko laguntza zerbitzuen prezioan onartu dute. Gaur egun 21,29 euro ordaindu behar dira orduko lanegunetan, eta jaiegunetan 22,87 euro. Zerbitzu horren premia duten zumaiar askok uko egin behar izaten diote, garestiegi iritzita. Eta okerrena da erregulatu gabeko zerbitzu merkeagoetara jotzen dutela. Arazoari aurre egiteko, Udalak erabaki du tarifak nabarmen jaistea. Orain lanegunetan 17,50 euro ordaindu beharko dira orduko, eta 18,50 euro jaiegunetan.

Horrez gain, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdietarako Laguntza jasotzen duten unitateetako seme-alabek ez dituzte Kirol Patronatu, Ludoteka eta Udalekuetako tasak ordainduko, zerbitzu horiek doan jasoko dituzte.

Beste berrikuntza bat: gutxi kutsatzen duten ibilgailuek hobaria izango dute. Aukera honen barruan sartu dituzte azken urteotan merkaturatu diren hainbat ibilgailu mota: elektrikoak, hibridoak, erregai piladunak, gas naturalarekin dabiltzanak... Ezaugarrien arabera, %40 eta %75 arteko hobaria izango dute trakzio mekanikoko ibilgailuen zergaren kuotan.

Tasa berriak

Tasa berriak ere sortu ditu Udalak, zerbitzu eta premia berriei erantzuteko. Esate baterako, Aitzuri pilotalekua erabiltzeko tasak ezarri ditu. Gogoan izan tabernaren ardura nork hartuko duen laster erabakiko dela, lehiaketara hiru hautagai aurkeztu ondoren –zumaiarrak hirurak–.

2017tik aurrera, San Telmo ermitan ezkontzea posible izango da 49,17 euro ordainduta. Orain arte ez zegoen hura arautzen zuen tasarik.

Filmaketei ere ezarri zaie tasa berria: 300 euro (eguneko eta kokalekuko) irabazpidezko helburua dutenean; 150 euro (eguneko eta kokalekuko) irabazpidezko helburua ez dutenean, eta euskaraz direnean.

Azkenik, Ardantzabiden aparkatzeagatik ordaindu beharreko tasak ere onartu dira:

-Egoiliar txartela: lehena 15 euro; bigarrena 25 euro
-Jarduera ekonomikoen titularren txartela: lehena 15 euro; bigarrena 30 euro.
-Jarduera ekonomikoei atxikitutako ibilgailuentzako txartela: 30 euro txartel bakoitzeko.
-Mugikortasun murriztua dutenen ibilgailuentzat: doan.
-Bigarren bizitokia dutenentzat: lehen txartela 15 euro; bigarrena 25 euro.