Game of Thrones

Dozenaka lagunek Itzurun errespetatzea eskatu dute argazki batean

Baleike 2016ko urr. 8a, 15:36
Argazkiak: Jon Arano

Itzurunen jokatzen ari den herri mailako surf txapelketak geldiune bat izan du eguerdi parean. Surflariek deituta, herritar talde handi bat gerturatu da hondartzara Itzurun errespetatu dezaten eskatzera. Argazki baten bidez egin dute aldarrikapena.

Ostegun honetan Santelmopera bidean zegoen harrizko horma bat kendu izanak bultzatu ditu surflariak dei hau egitera. Game of Thrones telesaileko grabazio ekipoa pasatzeko kendu dute horma hori eta erabakiak mina eta haserrea eragin du herritar askoren artean. 

Ostegunean bertan egin zuten Ziskeko surflariek dei hau eta erantzuna zabala izan da. Aurretik 'Itzurun errespetatu' zioen lema bat marraztu du hondarrean bertan. Haren atzean kokatu dira ekintzan parte hartu duten lagunak. Gazte eta heldu, eskuinekoak eta ezkerrekoak, anitza izan da bertaratutako jendea.

Justu aurretik Itzuruneko sarreran zegoen pankarta bat kendu dute udaltzainek eta ertzainek. 'Geoparkea, diru parkea' zioen pankarta horrek. Kentzen ari zirela, inguruan zegoen pertsona batzuk txaloka izan dira. Batek argazki bat atera du eta ertzain batek kamera arakatu dio.