Euzkitze: "Umetatik daukat harremana Artadirekin"

Baleike 2016ko ira. 29a, 18:13
Xabier Euzkitze eta Amets Arzallus, gaur eguerdian Artadiko samieletan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Hogeita bost urte badira Artadiko samieletan kantatzen hasi zela Xabier Euzkitze. Hasieran, Lazkao Txikirekin, gero Agirrerekin eta azken urteotan Amets Arzallusekin. Aspaldi jaitsi zen oholtza handietatik, baina saiatzen da urtero Samiel jaiekin daukan hitzordua betetzen. Gaur ere han aurkitu dugu, eta Artadirekin daukan harremanaz galdetzeko aprobetxatu dugu. 

"Umeak ginela, uda partean Santiagoko hondartzara etortzen ginen eta, gero, igandero, Artadira igotzen ginen, bazkaltzera. Bartolok mahai luzea jartzen zigun hemen, akaziaren gerizpean", hasi da esplikatzen, jadanik itzalik ematen ez duen enbor moztuari begira. Pilotari esker ere izan du harremana auzoarekin, etxabetarren dinastia dela eta. Bertsotan ere, duela 25 urte egin zuen lehen aldiz samieletan. "Lazkao Txikirekin egin nuen kantuan orduan; bizirik ikusi nuen azken lekua ere hemen izan zen". 1992ko jaietan kantatu zuten elkarrekin azken aldiz; 1993ko apirilean hil zen Lazkao Txiki. Gero urte askoan Joxe Agirrerekin osatu zuen bikotea.

Baina 1998an txapelketak eta plazak utzi eta etenaldia egin zuen Euzkitzek. Handik urte batzutara Artaditik deia jaso zuen arte. "Berriro etortzea erabaki nuen, baina eskatu nuen izenik-eta ez iragartzeko".

Halaxe egin ditu azken urteak, bertsolaritza lagun giroan gozatzen. "Urte batzutan egin izan dut kale, lanagatik, baina ahalegina egiten dut etortzeko eta gaur hemen naiz". Aurten Villabonako Santio jaietan ere kantatu du, Egaña, Lizaso, Telleria, Murua eta Peñagarikanorekin.