Euskal Herriko Surf Txapelketa irabazi du Imanol Yeregik

Baleike 2016ko ira. 25a, 20:13
Garaipen handia lortu du Imanol Yeregik Sopelan. Argazkia: Euskal Herriko Surf Federazioa

Garaipen handia lortu du gaur Imanol Yeregik Sopelan. Euskal Zirkuituko bigarren proba irabazi du, eta dagoeneko liderra da alde handiz, lehen proba ere berak irabazi zuelako. Baina gaurko garaipenak sari bikoitza izan du, Sopelako proban, aldi berean, Euskal Herriko txapela egon baita jokoan.

Asteburu bikaina izan da Zumaiako surflarientzat Sopelan. Atzo ZISKE hirugarren izan zen klub arteko Euskal Herriko Txapelketan, eta gaur Imanol Yeregik podiumeko goiko koskara igo da.

Izan ere, Sopelako probak balio bikoitza izan du, Euskal Zirkuituko bigarren proba izateaz gain, Euskal Herriko Txapelketa ere izan delako. Atzo hasi zen lehiaketa senior mailako 64 surflarirekin. Gaur final-laurdenetatik hasi da Yeregi, eta kanporaketa guztiak lehen postuan pasa ditu.

Finalean goi mailako hiru aurkari izan ditu ,Ethan Egiguren, Jatyr Berasaluze eta Hodei Collazo; baina Imanolek maila ikaragarria erakutsi du, eta puntuazio oso altuak lortu ditu bere bi olatu onenetan: 8 eta 8,8. 

Euskal Herriko Txapelaz gain, Euskal Zirkuituko lidertza sendotu du Yeregik. Orain arte Donostian eta Sopelan jokatu diren bi probak irabazi ditu, eta hurrengoa Orruan izango da, azaroaren 19an eta 20an. Azken proba Mundakan izango da, abenduan.