Espainiako zesta punta Txapelketako finala jokatuko du Zumaiak

Baleike 2016ko ira. 23a, 22:00
Bost zumaiar Madrilgo pilotalekuan: Lopez, Uranga, Goikoetxea, Agirre eta Enbil.

Joan den asteburuan Zumaiako Aitzuri pilotalekuan azken faserako sailkatu ondoren, gaur Madrilen Gasteizko bikoteari irabazi diote Cosme Agirrek eta Unai Urangak. Bihar jokatuko dute finala, Berriatuaren aurka. Bestalde, Madril Hiria torneoko finalean aurrez aurre izango dira Goikoetxea eta Lopez, Inza eta Olharan bikotekide, hurrenez hurren.

Zumaiarrak protagonista izan dira Madrilgo Complutensen jokatzen ari diren bi zesta punta txapelketetan. Alde batetik, kluben arteko Espainiako Txapelketako azken fasean, finalerako txartela lortu du gaur Zumaiak Gasteizen aurka. Beste finalaurrekoan Berriatuak lortu du sailkatzea, Bartzelonako Vasconiari irabazita.

Bestetik, profesionaletako Madril Hiria torneoan ere bi zumaiar izango dira biharko finalean, baina kasu honetan aurrez aurre. Gaur jokatutako finalaurrekoetan Goikoetxeak eta Inzak 15-5 eta 15-5 irabazi dute Egiguren eta Enbilen aurka. Bigarren finalaurrekoa askoz lehiatuagoa izan da. Olha eta Erkiaga aurreratu dira lehen jokoa 15-8 irabazita, baina Olharanek eta Lopezek buelta eman diote bigarrenean (15-11), eta berdineta hausteko azken jokoa ere irabazi dute, 10-9. Txapela, beraz, Goikoetxea-Inza eta Olharan-Lopez bikoteen artean erabakiko da.