Erreportajea: Nola iritsi den BM saltokia Ardantzabidera eta zer erantzun eman dion Udalak aparkaleku faltari

Baleike 2016ko ira. 22a, 15:07

Behin-behinean onartu berri du Udalak Ardantzabideren Hiri Berrikuntzako Plan Berezia. Bihar argitaratuko dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta herritarren 20 egun izango dituzte alegazioak aurkezteko. 2017an hasiko dira BM saltoki handi bat irekitzeko lanak, eta horrek eragingo duen aparkaleku faltari erantzuteko egin behar izan du Udalak aipatutako plana. Baina nola izan da saltokia Ardantzabiden jartzeko prozesua? Eta nola arautuko ditu Udalak aparkalekuak? Saiatu gara erantzunak ulertzeko moduan ematen...

1. Abiapuntua: saltoki handi bat auzoan

Aspaldiko zurrumurrua zen, Ondartxo edo Ardantzabide inguruan saltoki berri bat irekitzekoak zirela. Baina lehen urrats serioa iaz egin zuen BM kateak: 2015eko abenduaren 11n Ardantzabiden saltoki bat jartzeko lizentzia eskaera egin zuen Miguel Angel Alvarez jaunak, Distribución de Supermercados S.U.L.-ren izenean. Zehazki, Ardantzabideko 2, 4, 6, 8 eta 10 zenbakietan. Transprojekt enpresako Borja Martinez Gonzalez ingeniariak sinatzen du proiektua. Besteak beste, saltokiaren neurriak zehazten dira: dendak 677 metro koadro izango ditu, baina bulego, biltegi eta abar gehituta, 1.179 metro koadro hartuko ditu bere osotasunean -kontuan hartu auzo osorako 4.463 direla merkataritzarako aurreikusitako metro koadroak– .

2. Udalaren ezezkoa

Ikusirik neurri horretako saltoki batek eragin zuzena duela auzoko trafikoan, aparkaleku beharretan eta espazioaren okupazioan, eta udal teknikoen aurkako txostenari jarraituz, Udalak ezezkoa eman zion lizentzia eskaerari, 2016ko urtarrilaren 13ko 5/2016 Alkatetza Dekretuaren bidez. Udalak arrazoitzen duenez, eskaerarekin batera aurkeztu diren azterketek ez dituzte aintzat hartzen aipatutako aparkaleku beharrak.

3. Orduan, zergatik doa aurrera?

Udalak emandako ezezkoarekin konforme ez, eta helegitea jarri zuen enpresak. Besteak beste, argudiatu zuen Ardantzabiden etxebizitzak eraikitzeko plana egin zenean 4.000 metro koadro inguru aurreikusi zirela merkararitzarako, eta jarduera horrek sortzen dituen premiak kontuan hartuko zituela Udalak plana egin zenean. Gainera, 4.000 metro koadro horiek nola banatu ez dela inon mugatzen. Beraz, ez dagokiola enpresari horri erantzutea. Gaiak epaitegian bukatzeko arriskuaren aurrean, Udalak azterketa juridikoa egin eta ondorioa garbia izan zen: Udalak galtzeko guztiak zituen epaiketa batean. Baina zergatik?

Bi arrazoi nagusi daude. Batetik, Ardantzabideko aparkaleku faltaren arazoa lehendik dator, ez da BM-k sortuko duen arazoa (areagotu bai). Bere garaian Ardantzabiden etxeak eraikitzeko plana egin zenean, aparkaleku gutxiegi aurreikusi ziren dagoen etxebizitza kopururako. Gainera, hasieran aurreikusi baino etxebizitza gehiago eraiki dira. Ondorioa: gomendagarria den etxebizitza eta aparkalekuen arteko ratioa ez du betetzen. Lur-azpian aparkaleku pribatu asko daudela arrazoituta onartu zen bere garaian, baina arazo hori hor dago. Eta hori helduleku ona da BM-rentzat. Eta bestetik, agian larriagoa: Zumaiako arauetan (Arau Subsidiarioak) ez dago zehaztuta halako saltokiek aparkalekuak bermatu behar dituztenik.

Inguruko herrietan hori guztia ondo zehaztuta dago. Adibidez, Zarautzen, Mercadonak egindako lizentzia eskaera atzera bota zuten, arauetan garbi zehaztuta dauden baldintzak ezin zituelako bete. Orion ere, zehaztuta dago saltokiak bermatu behar duen aparkaleku kopurua, saltokiaren zabaleraren arabera. Zumaian ez dago zehaztuta, eta hor dago arazoa. Are gehiago, Zumaiako arauak dio (Arau Subsidiarioetako 9. artikuluan) ondorioei (adibidez, aparkaleku falta) erantzun egokia ematea bermatu behar dela; Udalak bermatu behar duela, alegia. Eta hori egiteko instrumentua zehazten du: Hiri Berrikuntzako Plan Berezia. Hain zuzen ere, Ardantzabiderako aplikatu dena. Hau da, aparkaleku falta Udalak konpondu behar du, ez saltokiak.

Arau Subsidiarioetako zehaztasun falta hori aspalditik datorren gabezia da, eta adibide honekin garbi gelditu da konponbidea eskatzen duela.

4. Saltokiaren ikuspegia

Fernando Garcia Utrilla ingeniariak sinatzen du BM supermerkatuak auzoko trafikoan izango duen eraginari buruzko azterketa. Saltokiak eskatutako azterketa da. Egileak dio saltokiak ez duela trafikoa areagotuko %5 baino gehiago. Defenditzen du “auzoko” saltokia izango dela, “gertukoa”, eta soilik bezeroen %5ak erabiliko duela autoa. Erosketa denbora eta erosketaren batazbesteko prezioa ere kalkulatu ditu: 20 minutu eta 20 euro. Hori guztia aintzat hartuta, Garcia Utrillak dio BM-k bi aparkaleku baino ez dituela beharko.

Horren aurrean, Udaltzaingoaren balorazioa oso bestelakoa da. Bi aparkaleku baino gehiago behar dituela dio, eta trafikoan eta aparkalekuetan eragin handia izango duela. Eta horregatik proposatzen du Ardantzabiden trafikoa eta aparkalekuak arautzea. Udal teknikoen proposamena da auzokoentzat aparkalekuak gordetzea. Auzokoentzat, eta inguruko zenbait kaletako bizilagunentzat (horiek zein diren aurrerago zehazten dugu).

5. Eta nola arautuko dute?

Ardantzabideko aparkalekuak arautzeko ordenantza bat landu du Udalak. Ordenantza horretan zehazten da nola banatu dituzten aparkalekuak, zeinek duen erabiltzeko eskubidea, erabiltzaile motak, bete behar diren baldintzat eta, araua urratuz gero, aurreikusitako isunak.

6. Aparkalekuak egoiliarrentzat

Bi eremu nagusitan banatuko dituzte aparkalekuak. Lehen eremukoak, auzokoentzat –egoiliarrak erabiltzen da ordenantzan– izango dira; bigarren eremukoak, libre aparkatzeko izango dira. Beste bi eremu zehazten ditu ordenantzak: ezgaitasun txartela dutenentzat, eta zamalanak egiteko eremua. Baina lehen biak dira kopuruz garrantzitsuenak. Idea bat egiteko, auzoa erabat amaitzen denean, auzokoek (1. eremua) 76 aparkaleku izango dituzte, eta libreak 59 izango dira. Hau da, auzokoentzat %56 gordeko da. Irudietan ikus ditzakezue zein izan diren egoliarrentzat eta zein libreak. Gutxi gorabehera, gaur egun dauden aparkaleku guztiak egoliarrentzat izango dira (irudian urdinez), eta eraikitzen ari diren etxe berrien aurrean sortuko diren aparkalekuak, etxeen aldekoak egoiliarrentzat eta bestaldekoak libreak.

7. Zeinek du egoiliar txartela lortzeko eskubidea?

Ardantzabiden eta inguruko zenbait kaletan erroldatutakoak. Zehazki, atari hauetako bizilagunek izango dute eskubidea: Ardantzabidea 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23 eta 25 (27a falta da ordenantzan, baina akatsa izango ote da); Ardantzabidea 2, 4, 6, 8, 10, 12, 14, 16; San Telmo 13, 15, 17, 19, 21, 23, 25,27,29; San Telmo 2, 4, 6, 8, 10, 12, 14, 14bis, 16; Harategi kalea 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23, 23bis, 25; Harategi kalea 2; Zunbillo kalea 1; Zunbillo kalea 2, 4, 6, 8, 10, 12; Kale Nagusia 1, 3; Foruen enparantza 1, 3, 5.

Etxebizitza bakoitzeko gehienez bi txartel emango dira, eta urtero berritu beharko da. Txartela lortzeko, ibilgailuaren titularra izan behar da, zehaztutako kaleetako batean erroldatuta egon, zergak eta isunak ordainduta eduki, eta txartela lortzeko tarifa ordaindu.

Kasu berezietarako txartelak ere aurreikusi dituzte: enpresako kotxea erabiltzen dutenentzat, bigarren etxebizitza dutenentzat, gremioentzat...

Ordu mugarik gabe aparkatu ahal izango dute egoiliar txartela dutenek, baina zortzi asteko mugarekin. Zortzi aste pasata, kotxea mugitu egin behar da, eta ezin da hurrengo 24 orduetan leku berean utzi.

Zehaztasun guztiak ordenantzan daude jasota.