«Klubaren helburua beti izango da jendea eskubaloira erakartzea»

Baleike 2016ko ira. 21a, 18:13
Montse Atxega eta Joxemi Antia.

Pulpoko gidaritzan erreleboa hartu du talde batek, bazkideek zuzendaritza berria aukeratu arte .Kluba berrantolatzea da beren buruari jarritako helburua.

Joan den denboraldiarekin batera aro bat amaitu zen Pulpo eskubaloi taldean. Hainbat urtez zuzendaritza lanak egindako kideek ardurak uzteko garaia zela erabaki eta erreleboa eskatu zuten. Pauso bat aurrera eman zutenetako bi dira Montse Atxega eta Joxemi Antia.

«Aurreko taldeak zuzendaritza lagatzeko asmoa iragarri zuenean, hasi ginen batzuk eskubaloiaren inguruko jendearekin hitz egiten, talde bat osatu eta klubean hutsunerik ez gertatzeko», hasi da esplikatzen Antia. Hamar bat lagun bildu ziren eta, oraingoz, beraiek ari dira klubaz arduratzen. «Gure idea da bazkideak lortu eta ondoren hauteskunde prozesu bat jartzea martxan, batzarra deitu eta zuzendaritza berria aukeratzeko», jarraitu du Atxegak. Dagoeneko ehun bat bazkide lortu dituzte eta, aurreikuspenak betetzen badituzte, pare bat hilabete barru deituko dute zuzendaritza berria aukeratzeko batzarra. «Guk uste dugu jendea agertuko dela ardurak hartzeko gogoarekin. Orain gauden taldetik, seguru kide bat baino gehiago prest dagoela», espero du Antiak.

Baina hori guztia erabakitzen duten bitartean, klubak bere martxa darama eta horri erantzun egin behar zaio. «Kluba berrantolatzea da gure buruari jarritako helburua, baina bitartean eguneroko martxari heldu behar zaio: taldeak antolatu, entrenatzaileak lortu, taldeentzako ordezkariak, fitxak egin, mediku azterketak egin...», dio Atxegak. Lan horiek guztiak aurrera eramateko, ardurak banatu egin dituzte. «Hori izan da aldaketetako bat. Klubaren funtzionamenduaren karga beti egon da bizpahiru lagunen gainean, eta guk ez dugu horrela funtzionatu nahi. Saiatu gara taldea zabaltzen eta ardurak gure artean banatzen, klubaren kudeaketa eramangarriagoa izan dadin».

Klubaren barne antolaketa hobetzeko, barne araudia idazteko asmoa ere badute, «kide bakoitzak bere ardurak zein diren garbi izan dezan», azaldu du Antiak; eta Atxegak osatu: «Taldeko ordezkariaren figura indartu nahi dugu, ardura gehiago hartzea nahi dugu. Zuzendaritzan gaudenok ezin ditugu egunero lauzpabost ordu pasa klubeko bulegoan. Hori oso garbi daukagu».

Kirol helburuak

Horrez gain, ziurrenik elkartearen estatutuetan pare bat aldaketa egin beharko dituzte. «Batetik, zuzendaritzako kide kopurua handitzeko; bestetik, izenari ere aldaketaren bat egin beharko zaio, elkarte gastronomikoaren berbera ezin dugulako eduki». Diruari dagokionez, zorionez, klubak ez du arazorik arlo horretan.

Kirol ikuspegitik ere garai berri baten hasieran dago Pulpo. Iaz maila galdu zuen mutilen senior taldeak, eta kadete eta jubenilak ere Euskal Ligatik jaitsi egin ziren. Baina horrek ez ditu arduradun berriak kezkatzen. Joxemi Antiak garbi dauka zein den klubaren egitekoa: «Klubaren helburu nagusia da jendeak kirola egitea, eta ahalik eta jende gehien erakartzea eskubaloira». Baina helbururen bat zehaztekotan, kadeteak eta jubenilak Euskal Ligan jokatzea izan daiteke lehentasuna, Montse Atxegaren iritziz: «Mutilak zein neskak. Talde politak dauzkagu eta, aurten ez bada, datorren urtean lor daiteke». Aurrera begira, emakumeen taldeengan dauzkate jarrita itxaropen handienak. «Azken urteotan senior taldeari eustea lortu da, eta behetik belaunaldi onak datoz». Eta datu adierazgarri bat: gaur egun, Pulpoko jokalariak gehiago dira neskak mutilak baino.

Jokalari kopuruan ez da gorabehera handirik izan, aurten ere 300 fitxa inguru dauzka Pulpok; baina taldeak hiru gutxiago izango dira. Hala ere, zailtasunak izan dituzte denentzat entrenatzaileak lortzeko. «Hori beti izaten da zailena. Bi entrenatzailek hartu behar izan dituzte bina talde; baina, bestalde, talde guztietan dauzkagu lehen eta bigarren entrenatzailea, eta horrek asko laguntzen du entrenamenduak antolatzeko» dio Antiak.

Asteburuan lehen partida

Igandean ekingo dio denboraldi berriari senior mailako mutilen taldeak, 12:30ean. Gainontzeko taldeak hurrengo bi asteburuetan izango dira martxan. «Lehiaketak hasten direnean lasaiago ibiliko gara berrantolaketa lanei heltzeko eta batzarra prestatzeko», espero dute Montse Atxegak eta Joxemi Antiak.