Buruz buruko 11. txapela jantzi du Goikoetxeak

Baleike 2016ko ira. 17a, 21:42

Buruz buruko Txapelketako finala irabazi dio gaur Olharani, 12-6 eta 12-11, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bakarkako 11.a du txapeldun handiak, horietatik hamar frontoi luzean eta azken hau frontoi motzean.

Finala Olarro Egunean egokituta, gaur ez du zumaiarren babes handirik izan Iñaki Osa Goikoetxeak Bizkaia pilotalekuko harmailetan, baina behar handirik ere ez. Bolada bikainean dago, eta gaur ere ondo dominatu du finala. Olharanek joko bikaina erakutsi zuen Egigurenen kontrako finalaurrekoan, baina gaur garbi gelditu da Goiko sasoian dagoenean ez daukala aurkaririk.

Lehen seta erraz irabazi du, 12-6. Bigarrenean markagailuak oreka gehiago adierazten du, baina partida kontrolpean izan du uneoro, Goikok berak azaldu digunez: "Partida hasieratik ondo atera zait. Lehen seta erraz irabazi dut eta bigarrenean ere aurretik izan nahi denbora guztian, nahiz eta azkenean 11ra gerturatu den".

Datorren asteburuan Madrilen jokatuko du han antolatu duten txapelketan, eta gero Mexikon jokatuko du.