Herriko aparkalekuak TAO bidez ordenatu nahi ditu Udalak 2017rako

Baleike 2016ko ira. 17a, 09:03

Datorren urterako Zumaiako Mugikortasun Plana eguneratu nahi du Udalak. Udal Gobernuaren helburua da herriko aparkalekuak TAO sistemaren bidez ordenatu eta arautzea, betiere auzoetako bizilagunak lehenetsiz.

Bereziki uda partean sortzen diren arazoak aintzat hartuta, datorren urterako konponbidea eman nahi dio Udalak aparkalekuen gaiari. Dagoeneko bilerak egin ditu Ardantzabide, Larretxo eta Ondar Gaineko auzotarrekin, Udalaren asmoak azaldu eta bizilagunen iritziak eta proposamenak jasotzeko.

Ardantzabideren kasuan, auzoko aparkalekuen %75 bertan bizi direnentzat izatea proposatu du Udal Gobernuak. Larretxo eta Ondar Gainen kasuetan ere, bertakoentzat kopuru bat gordetzea proposatu dute, baina portzentaia ez da oraindik zehaztu. Ardantzabiden, gainera, supermerkatu berri bat zabalduko dutr 2017an, eta horrek auzoan izan dezakeen eraginari neurriak jartzeko Plan Berezia garatu du Udalak. Astelehenean onartu dute eta herritarrek 20 egun izango dituzte ekarpenak egiteko.

Oraingoz aipatutako hiru auzoetako bizilagunekin bildu da Udala, baina urrian bilera gehiago egingo dituzte, Zumaiako gainontzeko auzoetako bizilagunen iritziak ere jasotzeko. Gainera, posta elektroniko bidez ere egin daitezke ekarpenak, mugikortasuna@zumaia.eus helbidera idatzita.

Udalak, bere oharrean, eskerrak eman nahi dizkie orain arteko bileretan parte hartu duten ehun lagun ingururi, azaldutako inplikazio eta parte-hartzeagatik.