Jon Maia: "Euskaldunak basoek eginak gara, baina jendeak ez daki hori irakurtzen"

Baleike 2016ko ira. 13a, 20:38

Jon Maiak Gutik zura izeneko dokumentala erakutsiko du hastear den Donostiako Zinemaldian. Irailaren 23an eta 24an izango dira saioak Principe zinetan eta aurrez salgai zeuden sarrerak dagoeneko agortuta daude. Egunean bertan apur batzuk jarriko dira salgai.

Pelikula honi buruz eta aurrez egindako ikus-entzunezkoen inguruan aritu gara hizketan.

Donostiako Zinemaldian erakutsiko duzu azken lan hau. Pozik izango zara.

Gazta zati bat Giza Eskubideen Zinemaldira joan zen eta han bigarren egin zuen. Apaizac obetok Irungo Arkeologia Zinemaldian bigarren egin zuen baita ere. Korrikarentzat egin nuen Bidaia intimoak, ordea, ez zen inongo zinema jaialdira joan, nahiz eta saio ugari izan zituen. Lehen aldiz Donostiako Zinemaldian izango naiz orain Gutik Zurarekin. Irailaren 23an 22:30ean emango da eta 24an 16:30ean. Principe zinetan emango da, bigarren areto handienean.

Zinemaldiak duen oihartzunarekin, gauza handia izango da zuretzat bertan egotea.

Nazioarteko jaialdia da eta nahiz eta euskal zinemagintzaren sailean egon, handia da. Protokoloetan eta funtzionamenduan ohartzen zara horretaz. Beste gauza bat da herriz herri proiektatzea edo bideo edo zine forumetan aurkeztea. Baina, horretara zuzentzen den nazioarteko zinema jaialdi bateko zuzendaritzak zure pelikula hautatzeak kristoren poza ematen dizu. Nire laugarren dokumentala da eta, bai, niretzat garrantzitsua da Zinemaldian egotea.

Zine kritiko ugari biltzen da Zinemaldian eta haien iritzia ere entzun beharko duzu. Gazta zati bat-ekin kritika txar bat edo beste ere entzun behar izan zenituen.

Gazta zati batek 30.000 ikusle izan zituen. Donostian Trueba zinetan izan zen lehenbizi eta egunero bete zen. Principera eramatea erabaki zuten ondoren eta beste hamar egun iraun zuen han. Gazta zati bat handia izan zen; Gure Esku Dagoren lehen pausoak jasotzen zituen eta hura zabaltzeko tresna bezala erabili zen. Zine soziala zen eta funtzio konkretua zuen. Berrikuntza dezente ere ekarri zituen diskurtsoan eta estiloan, oso realitya zen, oso zuzena. Umorea zuen, emotibidadea. Euskal Gatazkaren generoan, genero hori baldin badago, nahiko berritzailea izan zen eta ilusioa zabaldu zuen. Hiru urteko lana izan zen eta egia esan beti duzu kritiken beldurra. Beno, kritikena baino gehiago, gustatuko den edo ez da inporta duena.

Gai horren inguruan aurreiritzi asko dago oraindik.

Bai, noski. Nik bertigoa sentitu nuen. Victoria Eugenian lehen frogak egin genituenean, aurkezpenaren bezperan, antzoki hartako pantaila handi hartan etxeko bideokamerarekin egindako irudi haiek ikusi nituenean, kaka egin nuela pentsatu nuen! Konfiantza falta sentitu nuen, dena erori zitzaidan. Barregarri geratu ginela uste nuen, gehiegi lausengatu zuten eta. Brian Currin etorri zen Hegoafrikatik; politikari pila bat ere etortzekoa zen. Bertigo handia sumatu nuen. Oraingoarekin nahiko lasai nago. Uste dut pelikula polit bat dugula esku artean.

Aurrekoa Euskal Gatazkari buruzkoa zela diozu. Hau, agian, diskurtso horretatik ateratzen da.

Ez ezazula pentsatu. Basoak, egurra, zuhaitzak, industria dira gaiak. Oraingoa enkarguko lan bat da. Beno, Gazta zati bat ere hala zen. Kasu honetan egurraren ikerkuntzan lanean ari den pertsona batengatik etorri da. Mari Jose Arriolaren proiektua da eta, berez, pelikula baino zabalagoa da. Euskal zuraren industria islatu behar nuen, iragana, oraina eta etorkizuna. Sektore oso industriala da, ez duena artearekin harreman handirik eduki. Nire erara egindako pelikula bat egiten saiatu naiz. Ez da katalogo industrial bat, ezta zuhaitzen inguruko entziklopedia ere. Gai honekin artea egiten saiatu naiz eta ez zen batere erraza.

Berez gaiak ez dirudi oso erakargarria. Nola egin horrekin pelikula bat.

Garrantzitsua zen ez izatea publierreportaje bat ere. Erronka handia zen. Horregatik nago pozik, lortu dudala uste baitut. Lehenengo dokumentalaren gaia euskara izan zen, bigarrenarena itsasoa, hirugarrenarena erabakitze eskubidea eta laugarrenarena egurra. Konturatzen naiz badagoela lotura bat, herri honen identitateari buruzko gaiak dira laurak. Honetan ere saiatu naiz zinea egiten, poetika eta edertasuna bilatzen, eztabaidarako gaia plazaratzen, hunkitzen eta, bestalde, zeharka bada ere, genero ikuspegia lantzen, inmigrazioa lantzen... Pelikulak ulertarazi nahi dio ikusleari nola sortu den gure paisaia eta gure gaur egungo gizartearen zati garrantzitsu bat, alegia, nondik gatozen gu. Basoak egin gaitu euskaldunak. Baina jendeak ez daki hori irakurtzen. Adibidez, pelikularen zati batean esaten da denori gustatzen zaizkigula pago motz horiek, forma bereziak dituzten adarrak, egutegietan ikusten ditugunak. Jendeak uste du zuhaitz horiek naturalki hala sortu direla, baina horiek denek gizakiok emandako formak dituzte. Euskal Herrian ez dago jatorrizko paisaiarik. Ikusten dugun guztia gizakiak landatutakoa da. Gure ingurunea ulertzeko klabeak ematen saiatu naiz: gure elikadura, gure energia, gure siderurgia, dena basotik dator; gure identitate kulturalaren zati handia ere bada. Hori da ikusleak deskubritu dezakeena.

Abstrakzio horretatik zerbait konkretua ateratzea ez zen erraza izango. Gainera, zure diskurtso propiora eramanda.

Eta gainera enkarguz! Nire beste dokumental bat ikusi duena konturatuko da hau ere nirea dela. Eta hori da nire poz handiena. Konturatu naiz lan eginez, pixkanaka, joan naizela osatzen ahots propio bat. Bai idatzi dudanean, bai bertsotan, baita pelikula bat egiten dudanean. Hori da niretzat garrantzitsuena. Uste dut oso erraz ikusten den pelikula dela, hasieratik bukaerara arte. Zure lana da erritmoa mantentzea, ez errepikatzea, ondo joztea. Azkenean ikusleari esaten zaio: emaidazu eskua eta nik nahi dudan lekura eramango zaitut. Horretan saiatzen naiz, ez izatea informazio edo edertasun akumulazioa. Badago edertasuna, baina funtzio baten barruan izaten saiatu naiz.

Enkargu bat zena propio bihurtu duzu. Tirabirarik izan al da?

Ez da erraza izan. Ez da artearekin lotura duen sektorea. Nik nire zigilu pertsonala dut eta ez dut edozer gauza sinatu nahi. Elkar ulertze bat behar da eta ez da erraza. Ulertu behar duzu beraiek zer nahi duten eta zuk, zure printzipio pertsonalak traizionatu gabe, saiatu behar zara nahi dutena ematen.

Nola heldu zitzaizun enkargu hori?

Emakume hori egurraren inguruko proiektu batean dabil eta konturatu zen dokumental baterako materiala bazegoela. Ekoiztetxe batzuei proposamena luzatu zieten eta niri ere heldu zitzaidan. Nirea bidali nien eta gustatu zitzaien.

Aurrekoa egiteko hiru urte behar izan zenituen. Hau azkarragoa izan al da?

Guztira urtebeteko lana izan da. Ez da erraza izan, ez naiz eta espezialista sektore honetan. Egurrarekin interesa dut Albaolarekin hasi nintzenetik. Orain hamar urte dira Ternuarako espedizioa egin nuela. Hor ezagutu nuen egurraren mundua: zuhaitzak aukeratzera ere joan naiz, basoan lan egiten duen jendea ezagutu dut, arotzen lana oso hurbiletik ezagutu dut. Baina pelikulan asko zabaltzen da: aizkolariak daude, basomutilak, energia, etxebizitzak... Ikuspegi asko daude eta hori dena asimilatzeko denbora behar izan dut. Pelikulan aditu batzuk daude eta baita egurraren sekretuen jabe direnak ere. Haien historia pertsonalak kontatzen dira. Pieza asko dituen puzzlea da edo, hobe esanda, adar asko dituen gaia.

Zure diskurtso horretan zer geratzen da kontatzeko?

Zoritxarrez ezin izaten dut aukeratu. Irauten duen nire eginkizun bakarra bertsolari izatea da, astero egiten dudana. Gero proiektuak ditut. Orain Lorca eta Lauaxetaren inguruko proiektua dut eskutan. Chillida lekun aurkeztu genuen enkargua da eta urte bukaeratik hasiko gara mugitzen. Nik ezin ditut proiektuak aukeratu, baina nire profilerako egokiak diren gauzak etortzen zaizkit. Lau pelikula hauen kasuan, dena lotzen duen haria gure herria eta gure gizartea ulertzeko lanak direla da, beti ere nire ikuspegitik. Motibazio hori gabe oso zaila egiten zait lan egitea. Guretzako, herri bezala, probetxuzkoa izan behar duten gauzetan murgildu behar dut. Motibazio sozial eta nazional bat behar dut, gu garenari ekarpena egin behar diot; gu garena ezagutzeko tresnak izan behar dute, etorkizuneko tresnak.

Bidaia intimoak egin zenuenean pentsatzen al zenuen epe nahiko labur batean lau dokumentalen egilea izango zinela?

Hura bukatu nuenean, bai. Pila bat gustatu zitzaidan. Ustekabean istorio bat kontatzeko hitzak bakarrik ez, irudia eta musika ere banuen. Tridimentsionala bihurtu zen. Istorioak kontatzeko beste tresnak nituela ikusi nuen. Zuzendari izanda, gainera, nik erabaki dezaket gauzak nola kontatu. Baina kasualki egiten ditut, hala heltzen zaizkidalako. Niretzako pozgarria da lau pelikula egin izana.

Lau pelikulak dokumentalak dira. Fikzioak ez al zaitu erakartzen?

Bai, noski, nahiko nuke. Baina beste dimentsio bat da eta ez dakit horretarako formakuntzarik ba ote dudan. Talde on batez inguratuta egon naiz beti. Nik kamerari zer nahi dudan esaten diot, baina ez diot esaten nola egin behar duen. Denei uzten diet ekarpenak egiten. Nire sekretua da nik baino gehiago dakien jendeaz inguratuta egotea. Fikzioa? Ez dut ondo ezagutzen medio hori. Baina, badaukat ideia bat, garatu ez dudana, eta ikusiko dugu egiteko gai izango naizen. Nire ametsa izango litzateke Euskal Herriaren historiaren aurkezpen gutun bat egitea munduko edozein lekutan ezagutzera emateko zein garen. Historian oinarritutako abenturazko pelikula handi bat egitea izango litzateke nire ametsa.  

Erlazionatuak